(grek. ethos + poieo, ohiturak eta portaerak irudikatzea)
Erretorika klasikoan, etopeiak pertsonaia baten ohitura eta jardunbide moralen deskribapena adierazten zuen, eta prosopografiaren kontzeptuetatik garbiro bereizten zen, azken horrek pertsona baten alde fisikoa azaltzea baitzuen helburu nagusi. Etopeia gerora pertsona baten alde moralak ez ezik psikologikoak ere aditzera ematera igaro zen. Hona, esate baterako, Aita Larramendik S. Gandarari bidaliriko gutunean (1763) idatzi zion bere buruaren erretratu fisikoa eta ohituren azalpena:
“Ni irurogei ta amairugarren urtean sartua nabil, zartu naiz, ez ordea orain dikan elzartu (chochotu, caduco); burua daukat soilla, baña fresko ta sendo, aurpegia zimurrik bage, aoa ortz (guziarekin) ederrakin, kolorea zurigorri ede rrarekin (ala esan oi didee nakustenak); eskribitzen aztu etzait, eta ardorik iñoiz ez, ura edaten dedala. Orra pintatu nai banazu, nere antza.”
Etopeiak erabilera zabala izaten zuen antzerkian, narratiban eta biografietan. Euskal testu etopeikoetan sar daitezke, besteen artean, P. Topet “Etxahun”en Ofizialenak deituriko bertsoak:
“Oi labori gaxoa ! Ihauk jaten duk artoa ; Ogi eta ardo eraikitzen, auherren asetzeko a Halere hain haüe maite, nola artzainak otsoa. ”
“Oi taharnari fidela ! Jakile ez balitz igela ! Arrañuak jüje har eta hek hintzakie kundena , Haien etxe lejitimua guri saltzen deikiala . Errijent bat bada hiltzen , Harek eztü prozesik üzten : Huntarzünak beitütü harek hein hun batetan ezarten : Züntzürrin kuntrola eta phantzolin hipotekatzen. ”
“Jaun aphezek edsortatze n Karitate egin dezen . Berek aldiz phakatü gabe hitz bat ez deie erraiten ; Herriko praubik gosez-eta haien ürhik erdoilatzen. ”
[L. M. M.]
Ikus, halaber, P ERTSONAIA , P ROSOPOPEIA .