(lat. regimen, araua)
Mircea Marghescouk literariotasuna zertan den mugatzeko darabilen kontzeptua da. Marghescouk literariotasuna ez dio atxikitzen mezuaren berezitasunen bati, mezuaren deskodetze moduari baino. Irakurketaren bidez testua gauzatzean, irakurketa horrek hartzen duen norabidearen arabera ixten da testua. Ixte prozesu horri esaten dio erregimena. Formaz kanpokoa den irizpide bat, igorlearen eta irakurlearen arteko konbentzio inplizitu bat da testu zehatz baterako erregimen jakin baten aukera konkretua erabakitzen duena, mezuari berari kanpoko zaizkion egoera konkretuen arabera. Testuaren eduki linguistikoak eta erregimenak osatzen dute testuaren zentzua. Horrela bada, literatur idazlan batez jabetzeko ez da aski darabilen kode linguistikoa ulertzea; ez da aski gaitasun linguistikoa. Literatur idazlan batez jabetzeko, bigarren gaitasun bat behar-beharrezkoa da, literarioa den gaitasuna, hain zuzen ere: idazlana irakurtzean erregimen literario batetik betetzea eginkizun hori. Erregimen horren funtzionamendua bereizi egiten da funtzionamendu linguistikotik, baita beste funtzionamendu semantikoetatik ere. Marghescourentzat literaturaren berezitasuna bakar-bakarrik erregimen literario mailan aurki daiteke; erregimen berezi horri dagokio bete-betean literariotasuna izendapena.
[A. T.]
Ikus, halaber, L ITERARIOTASUN .