(grek. epiphonema, azken espresioa edo iritzia)
Azken oihu edo esaldia izendatzen du termino horrek, sententzia moduan emana denean, eta, esatariak edo idazleak komunikazioa iritzi bat emanez ixten duenean, edota agertu berri duen mezutik ateratzen duen ikaskizunei buruzko ikus pegia aurkezten duenean.
Bi epifonema mota daude: Lehena, pasarte baten ondotik azken esaldia sen tentzia gisa emana denean, edo zuhur-hitz gisara idatzia. Bereziki aurkitzen dira La Bruyère frantses idazlearen Les caractères liburuan. Bertsolariek ere sarritan adiera zi ohi dute, pasarte baten amaieran, aipatu duten gaiaren ondoriozko ebazpena. Hala, Xenpelarrek, erromerietan apainkerietan eta fineziaz dabiltzan herriko neskatxa batzuen portaera kritikatuz, honela bukatu zuen bertso sorta:
“Pobriarentzat ez da komeni aberatsaren kastarik.”
Bilintxek ere, poema batean zehar deskribaturiko neskatxaren dohainak azaldu eta gero, honela amaitzen du:
“Bedeinkatua izan dadila
zu egin zinduen ama!”
Xalbadorrek ere, ate atzean dilindan dagoen emazte hilaren arropari bertsoak jartzeko eskatu ziotenean, honako bertso honekin amaitu zuen sorta:
“Ez pentsa gero, andre gaixoa, baden munduan besterik, zure arropa berriz soinean har dezaken emazterik.”
Bigarren epifonema mota epigrama baten bukaeran ezartzen dena da. Hitz laburrez idatzia den eztenkada edo zirtoa. Pirronen erara, J. Mirandek idatzi zuen:
“Hemen datza Jon-Chaho Mirande Ezen ez zen, ez euskaltzain ere.”
Eta Voltaireren erara:
“Uztaritzeko lurretan
suge batek ausiki du
apez bat... Zer da gertatu?
Sugea hil da bertan.”
Frantsesez trait final ere esaten zaio. Hiztegietan (Littrérenean, esaterako) trait hitzak erran nahi asko ditu, haien artean aurkitzen da “arma igorria eskuarekin, arkuarekin edo abailarekin”. Adibidez, gezia bezalako arma. Geziak jotzen duen bezala, hitzek ere zauri dezakete, eta trait hitzaren bertze erranahi batek adierazten du arraileria, trufa, nausa, zirikada, eztenkada, mingarri izan daitekeena.
[J. M. L., J. H.]
es: epifonema
fr: épiphonème
en: epiphonema