Adierarik hedatuenean, egunka edo egunero agertzen den kazeta edo berripaper inprimatua da, gertaera egiaztagarriak hedatzen eta komentatzen dituena. Kazeta guztiek bezala, egunkari bakoitzak bere formatu, diseinu eta sail finkoak ditu (politika, nazioarteko kontuak, ekonomia, lana, iritzia, kultura, kirolak, ikuskizunak, bestelako zerbitzuak eta abar) eta artikulu idatziez gain, argazkiak, grafikoak, iragarkiak. Egunkarietan, literatur munduko berriak, liburuen aurkezpenak, kritikak eta abar agertu ohi dira, bereziki kultura saileko orrialdeetan.
XVIII. mendean hasten baina XIX.ean garatzen dira egunkariak kazetaritza modernoarekin, teknika berriei esker: telegrafoa, linotipia, errotatiba, telefonoa, irra tia (1900), radiotelegrafia, telebista (1929), teletipoa (1931); baita garraiobideei esker ere (tren, beribil, hegazkin). Horrek guztiak bizkor edozein toki eta jenderen gana helarazten baititu egunkariak, egunean-egunean milaka ale jalgitzen dituzte nak.
Kazetaritzak literaturarekin harreman estuak izan ditu Europan, eta euskal kaze taritzak ere bai. Idazle handi batzuek kazetaritza izan dute lanbide, edo egunkari eta kazetez baliatu izan dira beren ideiak, lanak eta izena ezagutarazteko. Adibidez, Euzkadi (1913-1937) egunkarikoak (Kirikiño, Orixe, Lauaxeta), Eskualduna astekarikoak (J. Etxepare) edo Lizardi, Larreko, Manezaundi... Areago, kazetaritza euskal idazleen eskola eta harrobi izan da. Gero, kazeta genero batzuk literaturatik hurbilago daude (artikulu edo zutabe literarioak, edo erreportaje eta kro nika mota batzuk, edo kritika literarioak) eta horiek dira bereziki idazleek idatzi ohi dituztenak.
Euskal Herriko egunkari gehienetan gaztelania nagusi izan da, nahiz euskarari tokia egin zioten, adibidez, aipaturiko Euzkadi n (Bilbo, 1913-1936), El Día n (Donostia, 1932-1936) edo gerra aurreko La Voz de Navarra n... Gerra ondoren, de jure eta de facto hegoaldeko komunikabide guztiak erdaldun hutsak ziren. 1962 inguru arte egunkarietan ez zen onartu euskarazko artikulurik: urte horretatik aurrera egunkari batzuk orrialderen bat gordetzen hasi ziren (adibidez, La Voz de España , non I. Eizmendi “Basarri” bertsolariak idazten baitzuen, eta gero haren ildotik Tx. Garmendiak). Francoren diktaduraren ondoren sorturiko egunkari “elebidunetan” ( Deia, Egin, Diario Vasco, El Mundo eta abar) gaztelania guztiz nagusi da, euska rari artikulu edo eranskin (suplemento) batzuk eskainiz, halere. Egunkari horietako euskal kazetarien artean aipagarriak dira M. Atxaga eta L. Aranbarri “Amatiño”, Deia ko euskarazko komentaristak, baita beste zenbait kolaboratzaile ere (A. Lertxundi, A. Urretabizkaia, P. Perurena, J. L. Alvarez “Txillardegi”, X. Amuriza...).
Euskara hutsezko egunkari bat ere izan zen 1936ko gerra garaian, Eguna , Bilbon eta Euzko Jaurlaritzaren babespean aterea, batez ere E. Erkiaga eta A. Zubikaraik idatzia, 1937ko Urte Berri egunez hasi eta ia urte erdiz iraun zuena, Errepublikaren aurka asaldatuak Bilboz jabetu ziren arte. Pizkundeko giroari jarrai ki, literaturari garrantzia ematen zion, bertso, olerki eta are eleberri bat emanaldika argitaratuz ( Loretxo , Tx. Arruti “Mendi-Lauta”).
Diktaduratik demokraziarako iraganaldian aipatu egunkari “elebidunek” euskal irakurleak bereganatu zituzten arren, euskal irakurleak gehitu edo ase gabe geratu zirenez, 1990ean Euskaldunon Egunkaria sortu zen, euskara hutsezko egunkari bakarra, baina 2003an Espainiako justiziak kautelazko itxiera agindu zuen. Egunkari moderno konbentzionala izatea eta euskara normalizatua hedatzea izan du xedetzat. Haren ildotik segitzen du Berria k. Ikus K AZETARITZA .
Egunkari deitura ematen zaio memoria edota autobiografia mota bati ere. Ikus M EMORIA eta A UTOBIOGRAFIA .
[X. A.]