diskurtso - Literatura Terminoen Hiztegia

 
DISKURTSO

(lat. discursus, enuntziatua, arrazoibidea, irakasteko edo konbentzitzeko idazkia)

Adiera anitz dituen terminoa da diskurtsoa, hura erabiltzean hartzen den jarrera teorikoaren araberakoa. Izan ere, luzaroan erretorikak bermatu duen terminoa izan bada ere, XX. mendeko hizkuntzalaritza eta literatur korronte teorikoak ugaltzean, hiz kuntzaren inguruko ikuspegiek adiera berriak zabaldu dituzte. Hona hemen erabilera aipagarrienak:

1. Erretorika klasikoarentzat diskurtsoa zenbait zatiz osaturiko esakunea zen: a) Proemio, exordium : argumentuaren aurkezpena; b) Narratio : azalpena, gertaeren adierazpena; c) Argumentatio : argudiatzea (froga eta gezurtatzeek osatzen dutena); d) Epilogo, peroratio, conclusio : ondorioak.

Batzuetan, ondorioen aurretik ere digresio edo excursus bat egon liteke.

2. Erretorika modernoarentzat, lau eraketa mota bereizten dira diskurtsoa edo enuntziatuak eduki edo materialaren arabera sailkatzeko. Honako sailkapen hau egiten dute: azalpenezkoak, argudiozkoak, deskriptiboak eta narratiboak:

a) Azalpenezkoak: definizioak ematen dituztenak, prozesuak, ideiak edo printzipioak azaltzen dituztenak, hizkera argi eta ulergarria erabiliz.

b) Argudiozkoak: konbentzitzeko asmoa dutenak.

c) Deskriptiboak: objektuak margotu nahi direnean, edo zentzumenen efek tuak irudikatu nahi direnean erabiltzekoak.

d) Narratiboak: espazio edo denbora hurrenkera bati jarraituz, fikziozko ger taerak kontatzen dituztenak.

  1. Modu eraginkorrean gauzaturiko mezuari deritzo, testu edo enuntziatu termi noen pareko erabilerari loturik. Diskurtso aniztasunak tipologiak garatzea ekarri du: diskurtso zientifikoa, diskurtso filosofikoa, diskurtso erlijiosoa, diskurtso narratiboa, diskurtso historikoa...
  2. Hizkuntzalaritza estrukturalean, diskurtsoa hizkuntzaren gaurkotze jakina adierazteko, hots, hizketari ( parole ) erreferentzia egiteko erabili izan da. Joera hori, frantses eremuan zabaldu da batik bat. Saussureren langue eta parole oposaketa

G. Guillaumek langue eta discours izendapenen bitartez ordezkatzean eman zen erabilera horren hedapena.

5. Hizkuntzalaritza modernoarentzat, diskurtsoa perpaus edo enuntziatutik haratago doan komunikazio mota da. Hartara, testuaren eremuarekin hertsiki lotzen da. E. Benvenisteren (1966) lanetan, diskurtsoa enuntziazio edo esakuntza terminoarekin parekatu izan da, hizkuntzaren kontzepzio dinamikoa islatuz. Hizkuntzaren kontzepzioa sistematik prozesura zabalduz joan da. Beraz, hizkuntz komunikazio mota horretan, hizkuntzazkoak ez diren hainbat alderdi gaurkotzen dira: testuingurua, eta igorle-hartzailearen arteko harremana. Alderdi horiek guztiak kontuan hartzeak zenbait diskurtsoren anbiguotasuna argitzen laguntzen du. Horrela, ekoizpen baldintzen arabera definituriko enuntziatua da diskurtsoa. Izan ere, lokutoreak ez dira komunikazio zirkuitu baten bi muturrak soilik; ongi zehazturiko denbora historiko eta espazio sozio-kultural batean kokaturik daude, eta zehaztapen horiek hizkuntz jarrera baldintzatzen dute. Esakuntza kontzeptuak Grezia eta Erroman du jatorria, eta diskurtso zientifikoan Bronislaw etnologo ingelesak berrartu zuen. Kontzepzio hori bereganatzea zaila da mendebaldeko pentsamoldearentzat, hizkuntza pentsamenduaren adierazpen modura eta hitzak gauzen isla modura hartzera ohitua baitago. Baina, adiera berriaren arabera, enuntziazioa (diskurtsoa) hizkuntzalari eta antropologoen interesen lehen maila batera igaroko da. Hizkuntza zerbait pasibotzat hartua izatetik, hiztunaren komunikazio beharrak asetzeko funtzionatzen jartzen den prozesutzat hartua da.

6. Narratologian, gertakari, ekintza edo egoerak hitzezko adierazpenean agertzen diren hurrenkeran aztertzen dituen alderdia da. Istorioko gertaeren hurrenkera eta diskurtsoan irudikaturiko hurrenkera, gertakarien hurrenkera artistikoa, ez dira eta gauza bera. Bereizketa hau proposatu zuen jada formalismo errusiarrak: fabula/trama ( skazka/siuzhet) bikotea erabiliz. Skazka delakoak hurrenkera krono logikoa jasotzen du, eta siuzhet ak, berriz, hurrenkera artistikoa. Estrukturalista frantsesek histoire/discours izendatu zituzten bi alderdi horiek; euskaraz, aldiz, his toire istorio deitu ohi da, aldiz, discours (fr.) edo trama (gazt.), bilbe arekin parekatu da, baina diskurtso mailegua ere erruz erabiltzen da, eta mintzaldi eta berbaldi ter minoak ere bai. Bereizketa hori XX. mendeko kritikaren ekarpen arrakastatsuena izan da (V. Sklovskik sortu eta B. Tomatxevskik zabaldua). Gero, E. M. Forster-ek story/ plot bereizketan bilduko ditu, eta Tz.Todorovek histoire/discours bereizketan, nahiz eta ikertzaileen teoria horien artean alde nabarmenak izan.

Bi kontzeptuen arteko bereizketa hori teorikoa besterik ez da, ordea, testuan banaezinak baitira. Bereizketak klasikoa den ordo naturalis eta ordo poeticus bereizketa jasotzen du. Hortaz, istorioa edo fabula inventio rekin lotzen da, eta bil bea edo diskurtsoa dispositio rekin.

Genettek bikote hori berridaztea proposatu zuen. Genetten ustez, diskurtso narratiboaren azterketak bi harreman hartu behar ditu kontuan: batetik, diskurtsoa ren ( récit ) eta hark kontatzen dituen gertaeren ( histoire ) arteko harremana; bestetik, diskurtsoaren eta sortzen duen ekintzaren arteko harremana ( narration ), kontaketa ekintzaren arteko harremana (erreala edo fikziozkoa). Lehen harremana aipatu den bikoteak irudikatzen du, istorio/ diskurtso ( histoire/récit ); eta bigarren harreman horren berri emateko hirugarren alderdi bat aldarrikatzen du: kontaketa edo narrazio ekintza bera ( narration ). Istorioa izendatzeko diegesi adierazpena ere erabili zuen.

7.- Literatur diskurtso berezi batez ere hitz egin daiteke, I. Lotmanen iritziekin bat eginez gero. Lotmanentzat (1970) hizkuntza arruntaz bestelakoa den diskurtsoa erabiltzen da literaturan, nahiz eta hizkuntza arruntaren gainean eraikitzen den. Hizkuntza horrek zeinu eta arau bereziak ditu, ikonizitatetik abiatzen direnak, literatur zeinuaren motibaziotik. Lotmanen ustez, literatur diskurtsoen ezaugarri bereizlea erabateko semantizazioa da. Haren elementu fonologiko eta morfosintaktikoek edukiaren mailan elkarrekintzan dihardute, balio bat emanez eta testuaren zentzu orokorra aktibatuz.

8. Narrazioan txertaturiko pertsonaiaren diskurtsoaz mintzatzeko ere erabili izan da termino hori, estilo izendapenarekin batera. Pertsonaiaren diskurtsoa beti konta lariaren diskurtsoan txertatua agertzen da, harreman hierarkiko bat sortuz, kontala ria baita unibertso diegetikoaren antolaketaren eta modelizazioaren arduraduna. Horrela, pertsonaiaren diskurtsoa kontalariarenarekiko agertzen duen autonomia mailaren arabera bereiz daiteke.

Genettek pertsonaiaren diskurtsoa ( récit de paroles ) distantziaren atalean aztertu zuen: beraz, hitzen narrazioa aztertzen du distantziaren alor honetan, pertsonaiek esaten dutena kontatzeko zer aukera dauden aztertuz. Errealitateko hitzezko ekoizpen batekiko hiru distantzia maila bereizten ditu, kontalariaren mani pulazio mailaren araberakoak:

a .
Diskurtso zuzena ( discours rapporté ): kontalariak pertsonaien elkarrizke ta edo bakarrizketak berrekoizten ditu. Beraz, pertsonaien ahotsa zuzen ki eta soil-soilik entzuten da. Teknika [horri] estilo zuzena deitu izan zaio.
b.
Diskurtso narratibizatua ( discours narrativisé ): kontalariak elkarrizketak edo bakarrizketak laburtzen ditu.
c .
Lekuz aldaturiko diskurtsoa ( discours transposé ): kontalariak, solaskide en hitzak berrekoizten ditu, ahalik eta zintzoen aditzera emanez elkarriz keta zeharkako estiloan (estilo librean nahiz ez). Beraz, pertsonaiaren ahotsarekin batera kontalariaren ahotsa ere agerian geratuko da.

9. Maila semiotiko orokorrago batean, zeinu sistema guztiek azaltzen eta gaur kotzen dituzten antolaketa sintagmatikoak hartzen dira kontuan, ez hitzezkoak soi lik. Ikuspegi horretan, diskurtsoa prozesuaren baliokidea da. Beraz, ikuspegi horren arabera, diskurtso filmiko, piktoriko, antzerki diskurtsoa, eta abar bereizten dira.

[I. R.] B IBLIOGRAFIA

L OTMAN , I.: Estructura del texto artístico, jat. 1970, Ediciones Istmo, Madrid, 1978. M AINGUENEAU , D.: Initation aux méthodes de l’analyse du discours , Hachette, Paris, 1976.

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: discurso
     fr: discours
     en: discourse

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper