pastoral - Literatura Terminoen Hiztegia

 
PASTORAL

Zuberoako herri antzerti berezia. Izenak harremanetan jartzen dituen arren, ez du literatur mota horrek deus ikustekorik erdarazko artzain kontu edota kantuekin, ezta elizgizonen dotrina solasekin ere. Trageria hitzaz ere izendatu izan da antzerti mota hori: Jean de Parisen trageria , Jundane Jakobe handiaren trageria , ...

Pastoralen antzeko ikuskizunak ezagutu izan dira mendebaldeko beste zenbait herrialdetan ere honako izen hauekin, adibidez: mystères (Frantzia), laudi (Italia), morality plays (Ingalaterra), auto (Gaztela), misteri (Katalunya), pastourade (Biarno)... Funtsean liturgia dramak dira, Europako nazio gehienetan bilakaera zabala eta berdintsua izan dute, Eliza maiz kontra azaldu arren, Kontzilio eta Sinodoetan aita sainduen eta teologoen debekuek adierazten dutenez. Frantzian botere zibila ere antzezpen horien kontra altxatu zen, Pariseko Parlamentuak mystè res direlakoak galarazi egin zituen arte 1548. urtean, haien antzez emanaldiekin batera, “D'où sont advenus et adviennent cessation de service divine, refroidisse ment de charité et aumônes, adultères et fornications infinies, scandales, dérisions et moqueries ”, alegia, haiekin batera elizkizunen uztea, karitate eta limosna emate aren hoztea, adulterioak, haragikeriak, eskandaluak, irri eta barre neurrigabeak ger tatu eta gertatzen zirelako.

Inork ez du uste, ordea, debekuak Frantzian misterioak amaiarazi zituenik, are gutxiago probintzietan, zeren haietan, hasi legegizonengandik eta laborarienganai no, jende arrunt guztia, elizgizon ez ziren gehienak, teatro libertimendu hari oso atxikiak jarraiki zitzaizkion.

Euskal Herrian ere ez ziren faltatu antzezpenen kontrako aginduak. Halaxe dio, hain zuzen, 1753. urtean J. de Revol, Olorueko apezpikuaren manu batek: “Nous déclarons que nous priverons des grâces de L’Eglise les paroisses où on aura fait de charivaris, courses d'ânes, masquarades, pastorales et autres tumultes”, non esan nahi den, zintzarrotsak, asto-lasterrak, maskaradak, pastoralak eta beste asaldamenduak izaten zituzten parrokiak elizaren graziarik gabe geldituko zirela.

Luzaro, XX. mendearen erditsura arte, iritzi ezkor bertsuak iraun zuen, eta hori xe adierazten zuen halaber, urte zenbait geroxeago, J. Egiategi zuberotar filosofo ak ere (1785), jaialdi haien zale amorratua zen gaztediaren kontra altxatu baitzen, esanez, “lana diala hügünt, merkhatü, eliza besta ta pastorala bakoitzari hütsik egi ten eztiala”.

Dena den, agian galdetu beharko genuke Albert Léon literatur kritikariarekin batean, ez ote zuen zenbait apez zuberotarrek ikustekorik antzerti haren sorreran, Erdi Aroko kofradietako beren kide frantsesek bezalaxe, edota ez ote litzatekeen egia, neurri batean bederen, A. Xahoren iritzia ere. Hark zioenez, apezgintzarako bidean abiaturik, heziketa egoki bat hartzen urte batzuk igaro ondoren, baina boka zioa galduz bide erdian, ikasketak amaitu gabe gelditu eta jaioterrira heldu ziren herriko semeak zitezkeela pastoralen sortzaileak. Hala esplikatuko litzateke, Léonen ustez, pastoraletan ematen den eliza dotrinen eta herri xehearen jakituri nahas mendua. Pastoralen lehen aipamen luzexka W. Humboldtek ematen du (1801) Euskal Herrian barrena egin zuen bidaiaren kronikan, honako hauxe zioen, hain zuzen:

“Zuberoa da oraindik euskal antzerkiak eten gabe errepresentatzen dituen lurraldea. Hemen Pastoralak deitzen dituzte, baina ez dira eglogak, edota unai kantak, erregeek eta enperadoreek parte hartuz irudikatzen dituzten estatu ekintzak baizik. Joko hauetan Erroldanen ekintzek parte handia izan ohi dute. Antzezleak, gehienetan irakurtzen ez dakiten neska-mutilak dira, errejenta batek zuzentzen ditu, baina hau ere ordinariozki jende arrunta eta estudio han dirik gabekoa izaten da. Klasikoen ohiturari jarraikiz errejenta ohi da antzerkia ren asmatzailea. Zerupean eta oholtza baten gainean errepresentatzen dira pastoralak, eta lurralde-buru den Mauleko hirian antzezten denean plazan ber tan, ezki garaiek gerizatzen duten parajean jokatzen da. Solasa parte batean kantatua da eta mintzatua bestean. Sarrerak doan dira, eta zuberotarrek oso harrera ona egiten diete arrotzei, hauek lehen jarlekuetan eserarazten dituzte larik.”

Ia bi mende igaro ondoren, esan daiteke funtsean jakintsu alemanaren des kripzioak berean dirauela, errejenta izan ohi baita arruntean antzerki egilea (kopiatzailea, itzultzailea, egokitzailea, sortzailea) eta zuzendaria. Teatro zuzendari tik baino areago du orkestraburutik, bera agertu ohi baita oholtza gainean, antzez leen sarrera-irteeren seinaleak hala nola musikarienak bandera baten medioz ema ten dituela. Bera da pastoral ondarearen kontserbatzailea, kaier zaharrak gordetzen eta kopiatzen dituena, saioak prestatzen dituena eta ia orotaz arduratzen dena.

Errejentak eta herriko gazteek, antzezle taldeek, erabakitzen dutenean pasto-rala antzeztea, bildu eta hautatzen dute süjeta, protagonista eta gai nagusia. Beste zenbait ezaugarriren artean, lan hori bete behar duen jokalariak ahots ederra behar du ukan. Dantzari hoberenak sataneriak jokatzeko hautatzen dira, eta basa itxura dutenak, sendoen eta garratzen direnak türkak irudikatzeko. Aingeru izateko, berriz, hamar urte inguruan dabiltzan mutikoak hautatzen dira, orain neskatoak ere bai.

Wentworth Webster-ek, Petit de Julevilleren iritzian oinarrituz, misterioak eta ondorioz pastoralak, teatro grekoarekin parekatzen ditu, hitzok erabiliz: “Bitxia da ikustea nola Erdi Aroko antzertiak antza handiagoa duen Greziakoarekin Frantziako teatro klasikoarekin baino. Misterioak puntu honetan, bederen badu zer ikusirik gre ziar dramarekin, alegia, jainko eta erdi jainkoen borrokak eta garaipenak ospatzen dituela”. Tragedia grekoetan bezalaxe, nabari da pastoraletan fatum aren irudia erdi ezkuturik eta nola azken finean hari makurtzen zaizkion hala jainkoak, nola gizonak. Gisa berean, pastoral guztiak, satanen eta türk en sarrera dela bide, gaia aldakor daitekeelarik ere, Ongiaren eta Gaizkiaren arteko, Satan eta Jainko onaren arteko bataila bilakatzen dira, eta, noski, azkenean –satanak inoiz errenditzen ez diren arren–, Jainkoa, Ongia aterako da garaile.

H. Gavelek dioenez, bai lehen pherediküa eta bai azken pherediküa XV. men deko aire gregoriano baten doinuz abesten dira, hain justu non balitekeen airea berez zaharragoa izatea. (“A propos du chant du prologue dans les pastorals bas ques”. RIEV, 1911).

Dantza gehienak Bon voyage, Monsieur Dumollet frantses airean ematen ziren eta türken sarrerak Marie trempe son pain enean. Gaur egun, koru eta kantu berriak gero eta leku gehiago hartzen ari dira pastoralean.

Hérellek, aldiz, kontrajartzen diren bi mundu horiei hirugarrena eransten dio, hots, gizartearena. Beraz, goian zerutiarrek, behean infernukoek eta erdian gizon andereek osatuko lukete pertsonaien zerrenda. Dena den, ez Jainkoa, ez Jesukristo ez dira ageri euskal pastoraletan, jainkotasunari irudi bizi bat ematearen lotsa baili rudikete errejentak, haien ordez, aingeruek, haur aratz eta puruek, aditzera ematen dituzte jainkoen manuak, eta zerura eramaten dituzte martiriak eta gizon-andere on, zintzo eta zuzenak. Satanek gaiztakeriara bultzatzen dituzte, eta zirikatzen gizon andereak, baina batik bat dantzari apartak dira, kritikari batzuen ustez, haien ezau garri nagusia dantzan legoke eta ez solas lizunetan –horiek guztiz likits eta lohi iza nik ere– .

Gizartea bi partetan banaturik dago. Alde batean giristinoak edo khiristiak (urdina kolore bereizgarri dutenak) daude, eta bestean türkak (gorria dutenak nabarmen). Aita Saindua, kardinalak, apezpikuak, apezak, fraideak, ermitauak, erregeak, gerragizon nobleak lehen kategoriari dagozkio, eta haien etsai gaiztoak, moroak edota türkak batez ere bigarrenari. Urdin / gorri koloreen banaketak irudi katzen du beti khiristien eta türken arteko kontrajartzea, banaketa hori andereen eta abereen mundura ere hedatzen delarik. Andere bat, adibidez, zuriz jantzia badoa eta zinta gorria badarama, argi eta garbi dago bigarren kategoriakoa izanen dela. Edota Abraham en artaldeko ardiek zinta urdina daramate; Lothenek, aldiz, gorria.

Hérellek aurkitu eskuizkribuen azterketa egin ondoren, ehunen bat dira liburu tegi partikularretan daudenak eta beste ehun gutxi gorabehera liburutegi publikoe tan; honako sailkapen hau utzi zuen:

a ) Testamentu Zaharrekoak: Abraham, Jakob, Jose, Moise, Josue, Sanson, Dabid, Job, Daniel, Judith eta Holoferne, Jeremias eta Esther.

b) Testamentu Berrikoak eta Antzinako Elizakoak: Juanes Bautista, Natibitatea, Seme prodigoa, San Pedro, San Andres, Santo Tomas, Jundane Jakobe Handia, San Estebe, Neron, Santa Beronika, Jerusalemeko desegitea, Judu erratua, San Klemente, eta Birjili aitasaindua.

c) Sainduen Bizitzak: San Zosimo, San Eustakio, Santa Eufemia, San Justin, San Sebastian, Santa Margarita, Hirur martirak, Santa Agnes, Santa Luzia, Santa Garazi, San Juan Guerin, San Cyr eta Santa Julita, Alexandre eta berrogei martirak, San Julian Antiokiakoa, Santa Katalina, San Blas, San Antonio, San Abraham ermi taua, Santa Ursula, San Alexis, San Jeronimo, San Juan Calybita, San Anastasio, San Bertrand Commingsekoa, San Roke, Santa Elisabet Portugalekoa, San Claudien eta Santa Marsimisa edo Mustafa Turka Handia.

d) Antzinate Profanokoak: Edipa, eta Astiage.

e) Gerra Kantetakoak: Xarlemaine, Aymonen lau semeak, Roland, eta Jerusaleme askatua edo Godefroy Bouillongoa.

f) Abentura Eleberrietakoak: Robert deabrua, Helena Konstantinoplakoa, Genoveva Brabantekoa, Piarres Proventzakoa, Joanes Parisekoa, Zelestina Saboiakoa, Joanes Calaisekoa, Cachemireko printzesa, eta Dorimena & Osman printzea.

g) Legendetako Istorioetakoak : Clovis, Clotario, Maria Nafarroakoa, Thibaut Champagneko kondea, San Luis, San Luisen semeak, Bajazet, Joana Arc-ekoa, Luis XIa, Franzisko Ia, Karlos Va, Henri IVa, Cartouche, Kouli-khan, Bonaparte, Napoleon ...

Ia ehun titulutatik berrogeita hemeretzi bakarrik gelditzen dira. Antza denez, eskuizkriburik zaharrenak XVIII. mendekoak dira, testu zaharrago batzuen kopiak direla nabaritzen den arren; agian gelditu den zaharrena Jundane Jakobe Handiaren trageria liteke (1634). Baina bada zerrenda luze horretan benetako pas torala ez denik ere, pseudopastoralak kontsidera daitezkeenak, ez direlako noski ez zubereraz ez errejenta batek ohiko moldean idatziak. Hala, adibidez, Maria Nafarroakoa J. Duvoisin kapitainak idatzia. Gauza bera esan daiteke Uskaldunak Ibañetan Justin de Menditte eta Clément d’Andurainek elkarlanean ondu trageriaz ere (1911), edota lapurteraz Ithurryk idatzitako Napoleon Bonaparten pastorala (1920) dela eta, hala P. Lartzabalek idatzitako Orreaga, pastorala gisarako ikusga rriaren gainean (1964) .

XX. mendean bi aro zeharo ezberdin bereiz daitezke. Lehena mende erdira arte doana, eta bereziki II Mundu Gerraraino, eta bigarrena 1943tik egundaino. Azken epe horretan izan den gai aldaketa nabarmena da. Bai Erlijioari eta bai Frantziako Historiari dagozkion gaiak ia desagertu egin dira eta Euskal Herriari dagozkionak dira gehienak.

Halaber, andereek ia betidanik debekaturik zuten pastoraletan parte hartzea, emakumeei zegozkien antzezlanak gizonezkoek egiten baitzuten, baina gero eta parte handiagoa hartzen dute errepresentazioetan. Baziren emazte pastoralak ere, Etxahunen bertsoek aipatzen baitute 1859an Saint Margerite pastorala egin nahi izan zutela bertako neskatxe k:

“Barkoxeko neskatila k Eginez phastoral bat , Ezin atsolbitüz dira higatürik oski zolak , Eta haieri sogitera jin zirenak orobat.

1979. urtean Ximena, P. Corneilleren obraren gainean P. Bordazarre “Etxahun Iruri”k ondu pastorala beraiek bakarrik jokatu zuten.

Orain antzezten diren süjetak, Matalas, Berterretxe, Etxahun, Santxo Azkarra, Chiquito de Cambo, Pette Bereter, Maitena Basabürü, Iparragirre, Oihenart, Iruriko Jaun Kontea, Agosti Xaho, Zumalakarregi, Abadia Urrustoi, Harizpe, Xalbador, Santa Kruz, Agirre lendakari, Sabino Arana, Mixel Garikoitz, Madeleine Jauregiberri..., dira Testamentu Zahar eta Berriko sainduak eta Frantziako historian eman ohi ziren heroi frantsesak ordezkatzen dituztenak.

Gai aldaketa horrek, hala nola beste mudatze xumeren batek, garbi adierazten du pastoralaren sakoneko egitura aldatu ez delarik ( lehen eta azken pheredikü ak, khiristi eta türken arteko kontrajartzea, bataila k, sataneria ren ziri, irri eta dantzak, doinuak eta kantak, jantziak, mugimendu nagusiak eta oinarrizko musika...) bizirik irauten duela, urtetik urtera jende gehiago hurbiltzen baita ikuskizuna dastatzera.

Herri teatroa da osoki; J.Haritschelhar literatur kritikariak ongi asko adierazten duenez, herriak herriarentzat antolaturiko besta da, eta hastapenetan elizaren dotri na hedatzeko erabili bazen, egun Euskal Herriaren historia eta euskara hedatzeko balio dio Zuberoako herriari.

Badago, ordea, eta horretan M. A. Garamendirekin bat etorri beharra dago, tes tuen argitaratze lanean egitekorik aski. Alegia, eskuizkribu ezberdinak erkatu, azter tu ( colportage ko testu originalak aurkitu) eta behar bezalako hizkuntza eta literatu ra azterketa egin eta balioak azpimarratu ondoren, pastoralen testuak argitaratu beharra dago, J. Vinson, A. Léon, J. Saroihandy eta B. Oyharçabalek irekitako bide ari jarraikiz, Francisque-Michelek duela mende eta erdi adierazi kezkak eta beldu rrak egia bilaka ez daitezen, hots, jadanik aski urritua dagoen harrobi eder horren galera ez dadin areagotu eta konponezina gerta.

Pastorala baita Zuberoako beste herri adierazpenekin batera, alegia, maskara dak, asto-lasterrak, zintzarrotsak... antzina-antzinatik datorren arte espresiobide berezia, Europako kultur jaidura nagusi eta herritarrekin batzen eta lotzen gaituena, euskaldun guztiok gurea egin dugun altxor ezin ahantzia.

[P. U.]

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: pastoral
     fr: pastorale
     en: pastoral

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper