maskarada - Literatura Terminoen Hiztegia

 
MASKARADA

Deitura orokorrak maskara hitzarekin du zerikusia, eta XVI. eta XVII. mendeetan Europako zenbait herrialdetan egiten ziren festa eta ikuskizunak ziren. Badute zeriku sia inauterietako parada edo desfileekin, nahiz goi mailako gizartean egiten ziren jai eta maskara jaialdiekin. Ingalaterran izan zuten bereziki garapena, eta maskaraz jantziriko aktoreek eginiko antzerki errepresentazioak ( Masque edo mask ) inte gratzen zituzten.

Euskal Herrian, maskarada hitzak inauteri garaian Zuberoan egiten den parateatroa izendatzen du; bertan dantza, soinua, mozorroa, kantua, sermoia, kopla eta bestelako ezaugarri estetiko-kreatiboak batzen dira. Beraz, Maskaradetako zenbait gertakizun ikusgarriak dira (mugimenduak, dantzak, mimoak), beste batzuk irakurtzekoak dira, hala nola, medikuak eta Pitxuk bizkarrean daramaten txarteleko grafittia, eta, azkenik, beste batzuk entzungarriak dira, hitza hainbat jardueratako gune eta protagonista da: sermoiak (esaterako, ijito edo buhameen taldearen sermoia eta kauteren sermoia), koplak (txorrotxen koplak), elkarrizketak (kherestuen elkarrizketa), txorrotxen emankizuna, Pitxuren partaidetza eta jokalari guztiek batean egiten duten kantua. Aipagarria da Zuberoako maskaradetan hitzak duen protagonismoa, Biarno edo Nafarroako auzoetan errepresentazio mutuak baitira. Gaur egun behintzat maskara edo mozorro gabe ematen den para-antzerkia da, eta antzezteko lekua herriko plaza edota pilotalekua izan daiteke.

Maskaraden lehen deskripzio zehatza A. Xahok ematen du bere Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques (1836) liburuan:

“Ez ditut ahantzi inolaz zuen Inauterietako maskaradak, jarraitu zuen: Txerreroak idekitzen ohi du dantza bere ilezko erratzez, gerriko zintzarridun, galtzerdi txuri-gorri, kaskote lumadun eta hamaika koloreko xamarra daramala. Artzaina haizkora handi batez bere artaldearen gidari ondoren dihoa, eta hauen gibeletik Hartza ttaka-ttaka. Kukuileroak jauzika, zetazko jantzi eta zintzaz esta-lita, eskuetako makila etengabe higituz, Zamalzaina dutelarik aitzindari. Hau dantzari paregabea izaten ohi da, zaldi antzeko baten gainean, eta grazia guz tiz mugitzen tramankulua dabilela. Jauna, ezpata saihetsean bere damari besoa emanez; Laboraria lerrokada berean dihoa ere Etxekanderearen konpai nian; batean makila eta bestean bandera daramala; hauen atzetik gizon eta andere tropela, buhame harrabots egileak zakuak daramatzatela, eta zurezko ezpata beltzez marratuak mugituz aidean; azkenik badatoz taldeka eta dantza ri, ofizio ezberdinetako taldeak; kauter auvergnatarrak, zeinen jazkera, irudia eta hizkera irrigarriak diren; ondoren Apezpikua asto baten gainean, eta bi eskale martxa itxiz. Maskaradak, herriko plazan, herritarrekin soka-dantza alai bat antolatzen du; ikusleek ingurune zabal bat antolatzen dute, eta maskara dagileek beren dantza ezberdinak mirestarazten dituzte, ororen dantza batez eta danburinez lagundurik; besta bazkari batez eta gaua arte irauten duen dantzaz amaitzen da.”

Maskaradetako pertsonaiak oraindik apur bat gorde den bi multzotan banatzen dira: maskarada gorria (zintzoak) maskarada beltza (gizarte nahasleak). Maskarada gorrian dira euskaldunak; maskarada beltzean, buhameak eta biarnesak.

Gorrien taldea osatzen dutenak izaten dira:

  • aitzindariak edo dantzariak: Entseinaria, Txerreroa, Gathuzaina, Zamaltzaina, Kantiniersa.
  • marexalak (errementariak)
  • kukuileroak (mozorro dantzariak)
  • jaun eta anderea
  • laboraria eta laborarisa
  • hartza eta artzaina, lore saltzaileak eta sapurrak (zulagileak)

Beltzen taldea:

  • buhame jauna eta bere taldea
  • kherestuak (zikiratzaileak)
  • kauterak (kaldereroak): Kabana Handi edo nagusia, Fripou, Poupou eta Pitxu)
  • medezina (osagilea),
  • xorrotxak (zorroztaileak) koplak abesteko funtzio nagusia dute
  • eskaleak, apezpikua, tximinia garbitzaileak

Zenbait pertsonaia mutu dira, hala nola, euskal gizarte zaharraren eredu diren noble senar-emazteak (jaun eta anderea), eta nekazari senar-emazteak (laboraria eta laborarisa). Horien egitekoa arratsaldeko para-antzerki ekitaldian ematen da. Gizartetik haratagokoak diren dantzariek ere ez dute hitz egiten. Dantzariek, hots, talde gorriko bost aitzindariek eta kukuileroek, ez dute ezer esateko, beren egitekoa batik bat goizeko dantzaldietan izaten da.

Maskaradaren gertakizun edo ekintzak egun osoan zehar hedatzen dira, baina bi une nagusi ditu: goizean dantza eta barrikada jaustea eta arratsaldean funtzioak.

Goizean, herri bakoitzaren sarreran buruz buru dantzari bisitariak eta herrikoak jartzen dira, eta, txandaka dantzatu ondoren, taldean ere egingo dute. Orduan buhame eta kauterak talde gorria inguratu lasterka eta oihuka eta elkarren gainka erortzen dira lurrera, azkenik xorrotxek agur kopla ematen dute, gorrien inguruka ibiliz. Orduz geroztik, kanpokoek herrian sartzeko baimena dute. Baina bisitariek herrian barrikada gehiago aurkituko dituzte, ardo botilez osaturikoak gehienetan, eta haiek gainditu behar dituzte. Herriko auzo eta etxeak eta bereziki agintarien edo ostatuen etxe aurrean gelditzen dira, dantza bat eman, eta xorrotxek beren kantua emandako aldi bakoitzean edatera eta jatera emango zaie.

Bazkal ondoren, arratsaldean, funkzioneak izaten dira. Benetako para-antzerkia orduan izaten da:

  • Pertsonaien arteko eztabaida eta borroka batzuen ondotik aitzindariek dantza egiten dute.
  • Kauterek (pertza konpontzaileak) laborariaren pertza zena baino gaizkiago itzultzen diote.
  • Kherestuek Zamaltzaina harrapatu, ferratzen dute eta “zikiratzen”.
  • Xorrotxek Jaunaren ezpata zorrozten dute.
  • Kabana Handiak (kauteren nagusiak) herriko “bost egiak” bertsotan ematen ditu irakurriz, eta herriko nahiz herrialdeko eta nazioarteko gorabeherak komentatzen ditu irri-jorran eta bere gisa.
  • Buhameen erregeak, ere, bere sermoi edo pherediküarekin bazterren harrotzen eta nahasten saiatzen da hizketa guztiz zakarra eta lohia erabiliz, ahalik eta gaizkienik dantzatzen duen aldi berean.
  • Kauteretako bat, Pitxu, tiro batez hiltzen dute nahi gabean, eta ondoren, medizinaren laguntzaz, berpiztu egingo dute. Bitarte horretan, kauteren nagusiak hildakoaren testamentua irakurtzen du. Antzina hartzak egiten zuen hiltzeko eta berpizteko erritu bera, erakusteko natura neguan hiltzen dela eta udaberrian berpizten.

Bukatzean, kantu baten ondotik, denek branlia izeneko sokadantza egiten dute, elkarri eskuzapi batez loturik, eta, hartara lehenik gonbidatzen dute alkatearen alaba edo alkateordearena.

Gertaldi horretaz baliatzen da herria Kabana Handiaren ahotik nahiz kauteren grafittien bidez kritika konkretuak egiteko, agintarien jorratzeko, edo herrian gaizki jokatzen dutenez irri eragiteko. Gertatu da baztertuen edo gutxiengoen ideiak tra tatzea ere, hala nola, etorkinen kasuak, abertzaleenak, eta langabezian bizi direne nak.

Maskaradetan, dantza eta mimoekin batera, bertsoak, txisteak, elkarrizketak eta kantuak integratzen dira. Gizarte satira orokorra Pitxu pailazoaren ahotik atera daiteke, baita buhameen ezpainetan ere, beren bizioak aitortzen dituztenean (alfer keria, lapurreta...). Kabana Handia izeneko pertsonaiak ordea, herri bakoitzean agintarien eta jendeen satira egin behar du bertsoz. Hori da lan zailena, ezen igan dero herriz aldatu behar baita eta astegun zuritan herri horretaz albisteak bildu eta hala-holako bertsoetan eman behar baititu. Maskaradari barkatzen zaizkio bere satira gogorrak eta, benetako ahozko literatura denez, ez da askotan inprimatu. Kabana Handiak eskuz idatziriko paperak erabiltzen ditu; Pitxu eta Buhameek, aldiz, bertsorik egin gabe beren zirto eta txisteak inprobisatzen dituzte. Esan beza la, kantuak ere badira, maskaradaren hasieran eta amaieran Xorrotxek (ezpata zorroztaileek) koplak abesten dituzte, betiko doinuarekin eta gutxi aldatu hitzekin. Euskaraz gain, biarnes Kauterek (kaldereroek) eta Kherestuek (zikiratzaileek) Okzitaniako biarnes dialektoan bizpahiru kopla eman lezakete.

Fdez. de Larrinoak maskaradetako zenbait testu argitaratu ditu, bereziki Muskildiko maskarada 1987koak eta Eskiulako 1983koak nahiz emazteek 1992an eginiko maskaradakoak. Argitara emateaz gain, maskaradetako berbaldi motak tipifikatu ere egin ditu, haien izaera tradizionala den ala bereziki okasiorako sortua den, bertso moldean ala prosaz, nahiz erregistroa azalduz. Honako hauek dira funtsean:

  • Txorrotxen agur koplak herriari, etxeko jaun-andereei eta agintariei
  • Kauteren bizkarreko grafitti alusiboak
  • Kherestuen jokoko berbaldiko elkarrizketak biarnesez
  • Txorrotxen ezpata zorrozteko koplak
  • Txorrotxek kauterak eta buhameak aurkezteko esaniko koplak
  • Buhame jaunaren pherediküa
  • Kauteren nagusi den Kabana handiaren pherediküa
  • Pitxuren testamentua

Maskaraden talde banaketaz, errepresentazio, mugimendu eta abarren zenbait interpretazio sinboliko saiatu dira. Besteak beste aipagarri da F. Fourquetek Urdinarbeko Maskarada aztertzen duenean (1990) maskarada bi taldetan banatzen duela: Gorriak (bertakoak, zuberotarrak, ordena adierazleak) eta Beltzak (kanpota rrak, buhameak, desordena...). Hérelleren ustez, gorrien taldean hiru estatuen iru dia aurki daiteke: Lehengoak dira Jauna eta Anderea; bigarrengoak Kukuileroak, eta hirugarrengoak Laborariak. M. A. Garamendiren ustetan (1991) Maskaradan ez da gertatzen giza taldeen arteko oposiziorik, gizarte osoa aurkezten baitu. Bertan ageri dira hala gizakiak eta abereak, nola ofizio batzuetako eta besteetako jendeak; bertan sartzen dira madarikatu eta desohorez bizi direnak ere. Beraz, maskaradak funtzio bikoitza betetzen du, A. Garamendiren ustez: taxonomikoa, gizadi maila ber dinak sailkatuz, eta axiologikoa, alegia, balio egitura bat eraikiz, baikorki epaituz antzina-antzinako borrokak, zein halaber, hiru antzezpen ekintzatan zati daitekeen:

1) Hartza eta Artzainaren arteko borroka, lehenaren hiltzeaz bukatzen dena.

2) Zamaltzainaren zikiratzea, zein errituzko heriotza pairatu ondoren berpizten

den inoiz baino indar gehiagoz eta jauzi handiagoak eginez.

3) Kauter, txerrero, kukullero eta ofizio ezberdinetakoak, hala nola, maskarada

beltza osatzen duten buhame-buhamesak.

Egun, maskarada beltza gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, deus ez dutenen taldea eratzen baitu, eta, maisu-ikasleen arteko gatazkak gertatu arren, beren solasak notableen taldearen kontra zuzentzen dira. Adibidez, 1982an Maulen antolatu maskaradan, kexa letania hiriko fabrika-nagusiaren kontra izan zen, Santa Etxandi Xarles “ahapaldikatu” edo koblatu zen, Txinatik espartinak ekartzen zitue lako eta bertako langileak lanik gabe gelditzen ari zirelako.

K. Fernandez de Larrinoak ( Mujer, ritual y fiesta, 1997) maskaradaz eginiko azterketa antropologikoan sakondu du eta maskarada gizatalde baten jokabide errituala, teatrala eta artistikoa dela ondorioztatzen du, jaia izatearekin batean, sortzen den gizartearen barruko harreman sozialean sortzen denez, haren isla dela, eta hain zuzen ere maskarada gaur egun aldatzen ari den gizarte baten tentsioen adierazle dela, emakumearen integrazioa, tentsio sozialak, emigratu beharra, neka zari gizartearen gainbehera… Baina batez ere gaur egun ezer baino gehiago entre tenimendu eta ikuskizuna da maskarada, haren iritziz.

Irria, jolasa du gaur egun helburu nagusi maskaradak, baina baita ere pastora larekin batera hiltzear dagoen zuberotar gizartea batzea eta iraunaraztea. Hona hemen, amaitzeko, esandakoaren adierazgarri, Eskiularsek 1992an eginiko lehen emakume maskaradakoek kantaturiko agur koplak:

“Khanta dezagün gogotik zahar gaztik harrotürik desiratüz osagarri Pentsa beti Eskiulari Agur adixkidiak esker mila zier

Eman deiziegü amodio bezain plazer

Zer othe balio dü orai bizitziak

Ez baditügü zaintzen gure deskantsiak.

Xibero xoko ejerra eskual lilia

Zurekin date gü üdüri den gazteia

Gure zainetan odola kurritzen bero

Bizi bedi ohidüra orai eta gero.”

[P.U., L. O.]

Ikus I NAUTERI .

B IBLIOGRAFIA G ARAMENDI , M.A.: El teatro popular vasco. Semiótica de la representación , Anuario Del Seminario “Julio De Urquijo”, Donostia, 1991. F ERNANDEZ DE LARRINOA , K.: Mujer, ritual y fiesta, Iruñea, Pamiela, 1997. F ERNANDEZ DE LARRINOA , K.: “Zuberoako maskaradak izeneko herri antzerkiaren ahoz ko literaturaz”, Euskera , 44 (1999), 267-282 F OURQUET , F.: La mascarade d’Ordiarp . Bulletin du Musée Basque. 107 (1990), 101

156.

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

  

Sede principal

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centro de Investigación

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Sedes

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Asociación

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper