Olabideren Biblia

Argibideak

1. NOR ZEN OLABIDE

  • Erraimun Olabide (1869-1942)
    • Ponte-izen bezala bi erabili zituen, Raimundo eta Erraimun: lehena haren legezko izena zen, bigarrena euskarazko lanak sinatzeko berak erabili ohi zuena.
    • Argitalpen honetan Erraimun hobetsi dugu, horrela agertzen delako jatorrizko argitalpenean, baina biak erabili ohi dira.
  • Haren izaera hiru ezaugarri nagusietan laburbildu daiteke:
    • Gasteiztarra.
    • Jesuita.
    • Euskaltzain osoa: lehen hamabikoen taldekoa eta Arabako ordezkari.
  • Informazio gehiago, hemen:

2. OLABIDEREN BIBLIA

  • Haren bizitzako lan nagusia: katolikoen Biblia osoaren itzulpena, jatorrizko testuetatik abiatuta (hebreera eta grekoa).
  • Dirudienez, 1921ean ekin zion lanari eta lehen emaitza 1931n argitaratu zen (Itun Berria).
    • 1937rako ia-ia amaituta zeukan lana, baina Gerra Zibilak (Gernikako bonbardaketak, zehazki) haren lana eten zuen.
    • Erbestera jo zuen eta 1942an hil zen, istripuz, Okzitaniako Tolosan.
  • 1955ean jesuitek argitaratzea erabaki zuten eta lana gauzatzeko ardura Patxi Etxeberria (1900-1989) jesuitari esleitu zioten, hura Txinatik etorrarazirik.
    • 1958an argitaratu zen Itun Zâr eta Berria, orain sarean jarri dugun liburua.
    • Koldo Mitxelenak iruzkin sonatu bat egin zion Egan aldizkarian, euskararen historian aro baten amaiera eta beste baten hasiera markatzen duena: "Saioa egina dago. Ez dago bide horretatik Olabide baino gorago joaterik".
    • Une horretan lortu zuen ospe itzela gorabehera, laster ahaztu xamar gelditu zen, bai Eliza Katolikoaren barruan Bibliaren gaineko ikerketa-giro berriak eraginda, bai euskara batuaren sorrerak ekarri zituen ondorioengatik.

3. GURE ARGITALPENA

  • Hauek dira argitalpen honen bi ezaugarri nagusiak:
    • Ez da edizio kritiko bat, Olabideren lana sarean jartzeko saio bat baizik.
    • Helburua ez da liburuaren orrialdez orrialdeko argazki hutsa eskaintzea, horretaz gain hura bilaketa-sistema eraginkor batez hornitzea baizik.
  • Beraz, argitalpen honek bi baliabide nagusi ditu:
    • Liburuaren orrialdez orrialdeko argazkiak eskaintzea, azken buruan testuarekiko erabateko fideltasuna ziurtatzeko.
    • Bibliaren kontsultan mundu osoan arrunta den bilaketa-sistema erabiltzea, hots, aipuak liburuz liburu, kapituluz kapitulu eta txatalez txatal errazki aurki ahal izatea, adibidez, honela: (Lk 4, 1-9) [Lukasen ebanjelioa, 4. kapitulua, 1-9 arteko txatalak].
  • Baliabideak horiek izanik, pantaila begiz jota irakurleak erraz atzemango dio funtzionamenduari, baina ziurtasun osoz erabiltzeko kontuan hartu behar dira bi berezitasun:
    • Batetik, Olabidek katolikoen Biblia itzuli zuela, eta honek badituela berezitasun batzuk, bai protestanteek erabiltzen dutenaren aldean, bai katolikoen artean Vatikano II. Kontzilioaren ondoren indarrean jarri zen bertsioaren eretzean. Beraz, badira desberdintasun batzuk Olabideren bertsioaren eta gaur egun euskara batuan argitaraturik dagoen Elizen arteko Bibliaren artean (eta horren kideko bertsio askoren artean), bai liburuen kopuru, izenburu eta ordenan, bai kapitulu eta txatalen kopuru eta zenbakitze zehatzetan.
      • Mota horretako desberdintasunak biblistikaren alorrekoak dira.
    • Bestetik, inoiz edo beste badira errakuntza batzuk Olabideren paperezko argitalpenean, bereziki txatalen zenbakikuntzan: zenbaki errepikatuak, hutsuneak zenbakien segidan, eta antzekoak. Errakuntza horietako batzuk, apika, ez dira benetako errakuntzak, guztiz ebatzi gabeko euskaratze-arazoak baizik, baina une honetan ez dugu nahikoa arrazoirik horrelako baieztapenik ziurtasun osoz egiteko.
      • Mota horretako desberdintasunak jatorrizko edizioaren arazoak dira.
    • Dena den, zalantzaren bat sortuz gero, bertsio transkribatuaren ondoan beti dago aukera paperezko jatorrizko argitalpenean errazki begiratzeko, botoi bat sakatze hutsarekin.
  • Kontuan har bedi, bestalde, aurrean izango dugun testua ez dela batere ohikoa gaur egun eta horrek irakurlearen begietara arroztasun-sentimendua piztu lezake:
    • Olabideren ortografia eta morfologia oso-oso urrun daude euskaraz bai 1900 aurretik arruntak ziren molde ortografiko guztietatik, bai euskara batuaren garaian gure artean zabaltzen eta sendotzen diren arauetatik.
    • Testua finkatzeko erabili den sistema izan da argazkiak ozerreatzea eta, ondoren, testua zuzentzea.
  • Bistan da mota hain berezia eta bakana duen testu ozerreatu batek, zuzendua izan arren, ezin duela eskaini erabateko ziurtasunik:
    • Milaka eta milaka zuzenketa egin zaizkio testu ozerreatuari, baina ziur gaude oraindik beste asko bidean gelditu direla.
    • Jatorrizko testua ere, paperezkoa, ez da beti erabat koherentea. Adibidez, euskara batuan zuhur idazten den hitza (eta hortik eratorritako guztiak) paperezko testuan honela aurki daiteke idatzita: zur, zûr, zuur eta zuhur. Muturreko kasu bat da, eta azaleko azterketa batek argi erakusten du zûr dela nagusiki erabiltzen den forma, baina besteak ere aurki daitezke.
    • Akatsak aurkitzeko posibilitateak handiagoak dira zenbait letraren kasuan, bereziki l (ele) letrarekin: batetik, ozerreak ez du bereizten l bakuna eta l bikoitza, Olabidek ele txapeldun gisa transkribatu ohi duena; bestetik, paperezko testua ez da beti erabat koherentea, adibidez, euskara batuan ibili idazten den hitza (eta hortik eratorritako guztiak) paperezko testuan ibili eta, inoiz edo beste, ibilli (ele txapeldunarekin) aurkitzen da idatzita.
    • Ondorioz, testu transkribatua ez da erabat ziurra eta hainbat kasutan liburuaren argazkietara jo behar da argitasun bila.
    • Dena den, ororen buru ez dezagun ahantz Patxi Etxeberria editoreak liburuaren amaierako Okerrak zuzentzen atalean, zerrendaren amaieran egiten duen ohar jakingarria: “Emen ipintzen diran irarr-uts auen antzekoak, ausaz geyago ere izango dira idazti ontan. Iñoren laguntza bearrik gabe, irakurrle ikasiak liparrean igarriko die.” (2197. or.)

4. AZKEN AHOLKUAK

  • Liburu, kapitulu eta txatalez txataleko bilaketa-sistema modu eraginkor batean erabiltzeko, Elizen arteko Biblia erabiltzea gomendatzen dugu, webgune honetan aurki daitekeena:
  • Webgune horretan euskara batuaren arauen arabera eta Elizen arteko Biblia Elkarteak eta Bibli Elkarte Batuak erakundeek emandako irizpide biblistikoen arabera itzulitako euskal biblia modernoenaz gain, beste hainbat biblia ere aurki daitezke, hainbat hizkuntzatan. Kontuan har bedi hizkuntzen arteko aldeaz gain, irizpide desberdinak ere egon daitezkeela biblistika aldetik, baina hala ere tresna benetan praktikoa eta eraginkorra dela dena delako txatalaren bertsio desberdinak konparatzeko, bai euskaraz, bai beste hizkuntza batzuekin.

5. AZKEN HITZA

  • Erraimun Olabide da itzultzailea eta hari esleitu behar zaio liburu honen gaineko ardura eta meritu nagusia, baina beharrezkoa da azpimarratzea, baita ere, Patxi Etxeberriaren editore-lana: ziur aski ezinezkoa da irudikatzea Biblia osoaren edizioa baino lan zailagorik, eta hori euskaraz, eta Olabideren moldean egin behar izan zela kontuan hartzen badugu, emaitza ez da, inola ere, ahuntzaren gauerdiko eztula.
  • Ikerketa sakonagoak egiten ez diren bitartean ezin dugu jakin zein izan zen, egiazki, editorearen pisua langintza horretan; bai, ordea, Olabideren miresle porrokatua izanik ere, bazituela berak bere iritzi propioak, eta horiek, apika, itzultzailearen goi-asmoetatik aldentzen zutela apur bat, herri xehearen ondora erakarriz. Hona hori frogatzen duen aipu jakingarri bat: Daviden salmo baten gaineko ohar argigarri bat egiten ari delarik, hona haren aburua:

“Abesti. Yaube’ren leguntza iritxi ondoren, eskerr-onez Dabid’ ek Yaube’ri olerkiak atera nai dizkio. Nik ez dakit, besteak zer esango duten; bañan, abesti berri oriek, euskaldunok ain maite ditugun bertso berriak besterik ez dira. Ez nola-nai asmatuak, begirapen aundinaz Yaube’ri yarriak baizik.”

(144. salmoa, David-ena [Eresiak, 144,9]; Patxi Etxeberriaren oharra, 2098. or.)

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper