32.3.1.1a Mailari dagokion desberdintasunezko konparazioa bideratzeko baino …-ago zati biko morfema erabiltzen da eskuarki. Alde batetik, -ago mailakatzailea adjektiboari edo adberbioari erantsita, adjektibo sintagma konparatiboa (handiagoa, zuriago) edo adberbio sintagma konparatiboa (gaizkiago, urrunago) eratzen dira; bestetik, berriz, sintagma horren osagarri den konparazio perpausa baino morfemak bideratzen du (uste zuten baino…) —aldaerak: bano, beno, beino—. Hau da, berriz, morfema horiekin eginiko sintagmen ohiko ordena: [mendeko perpausa + baino — adjektiboa/adberbioa + -ago] ([Durango baino handiagoa] da Bilbo; [Uste zuten baino errazago] irabazi dute partida). Ordena hori ez da, ordea, aldaezina. Hala, konparazio perpausa nagusiaren eskuinera pasa daiteke (Bilbo handiagoa da Durango baino), eta osagairen bat ere sar daiteke konparaziozko perpausaren eta kuantifikatzaile konparatiboaren artean (Lana baino alferkeria maiteago dugu).
Bizkaieraz baizen morfema ere erabiltzen da desberdintasunezko perpaus hauetan, berdintasunezkoetan bezala: Baina zu baizen hobeto maite dut neure mendia (Agirre); Ea, ba, laster etortzen haizen aberatsago Rotxil bat baizen! (K. Enbeita).
Batez ere lapurteraz eta behe-nafarreraz ezen ez forma erabiltzen da —aldaera, zubereraz batik bat, ezi ez—: Hobe zela poto egitea, ezen ez arrazoi txar bat ematea (Xalbador). Perpaus nagusiaren ondoan ematen da beti morfema honekin eginiko mendeko konparaziozkoa, eta ezin da ezkerrera pasa: *Ezen ez arrazoi txar bat ematea, hobe zela poto egitea; morfema bera perpausaren hasieran da, baino ez bezala: Nahiago dut neure lana {ezen ez zurea ∼ zurea baino}268.
32.3.1.1b Esan bezala, konparazioaren ardatza den adjektiboari edo adberbioari eransten zaio -ago morfema. Adjektiboa mugatua zein mugagabea izan daiteke, adjektibo arrunta bezala (Ez da txikiagoa Peru-Fermin Izkoren poza, J. Mokoroa); Zu txiki-txikia zinen. Orratz-burua baino askoz txikiago, M. Atxaga); adjektiboa izen sintagmaren barnean dela ere erabil daiteke (Izarra baino andre ederragoa ihesi joan zait); sintagmaren ordena aldatuta eta adjektiboari -ko erantsita ere egin daitezke, zenbaitetan, horrelakoak (Izarra baino ederragoko andrea joan zait ihesi, Txirrita), bai eta erlatiboaren bidez ere (Izarra baino ederragoa den andrea). Berdintasunezko konparazioan bezala, desberdintasunezkoan ere erabiltzen dira inoiz izenak maila konparazioan (Ni baino gizonago portatu haiz, X. Amuriza; Abereak baino abereago egin naiz, Duvoisin); adjektibo gisa erabiliak dira izen horiek. Eta, esan bezala, adberbioari ere erants dakioke morfema konparatiboa (Trena lehen baino urrunago iristen da orain)269.
Adjektiboen kasuan postposizio atzizkiak -ago morfemaren ondotik ematen dira (etxe handiagora; leku atseginagotik; ohe bigunagoan); oinarrian izena duten adberbio sintagmen kasuan, berriz, morfema azkenean joan daiteke (kontuzago; gusturago; aurrerago; pozikago).
32.3.1.1c Baino morfemaren ezkerrean konparazio perpaus mendekoa doa, erreferentziazko terminoa daramana, eta, ohi bezala, mota askotakoa izan daitekeena:
– Aditz eta guztikoa: EBko ekonomia hasieran pentsatu genuen baino kaltetuagoa dago (Egunkaria).
– Aditz modala, adizki jokatua gabe gehienetan: Nahi baino askoz maizago jaso behar izan du baloia sareetatik (Berria); Hamabostaldiko entzulea behar baino mantsoago ari da ohitzen (Berria).
– Uste izan, espero izan eta pentsatu gisako aditzak ere adizki jokatua gabe ematen dira maiz: Inkestaren arabera, enpleguak uste baino bilakaera hobea izan du (Berria); Titinek eta Pascualek espero baino partida erosoago izan zuten (Berria).
– Izen sintagma, absolutiboa: Enpresa handiak txikiak baino baikorragoak dira. Ergatiboa: Mediku gazteek garai batekoek baino prestakuntza hobea dute. Datiboa: Niri baino agur beroagoa egin dizute zuri. Aditz izena: Jarrera militantea izatea baino errazagoa da tabernan egotea (Berria).
– Postposizio sintagma: Etxean baino lasaiago non? Edo adberbio sintagma: Atzo baino hobeto gaude gaur.
– Osagai bat baino gehiagokoa: Joseba lanean baino erneago ibili zen musean Andoni.
– Baldintza perpausa, alegiazkoa: Gazta-erdi bat ere atera zuten, kare-mazaz egina balitz baino gogorragoa (Berrondo).
– Izan aditza, den baino handiagoa gisako sintagmetan: Den baino ere hamar aldiz laburrago iduritu zitzaidan bide hori (J. B. Elizanburu).
– Ezezko polaritatea duten inor, ezer, inoiz eta inon gisako izenordain edo adberbioak ere izan daitezke baino-ren aurreko perpaus murritza, erreferentziazko terminoa daramana; baino …-ago konparazio morfemak baiezko esanahia ematen die: Inor baino ederrago zarena (Lazarraga); Maitasuna ezer baino indartsuagoa da (J. Altuna); Lapurren artean inon baino agintari- behar gehiago izaten da (Kirikiño); Sekula baino ere zoroago zebilkion bihotza (Barrensoro). ‘Beste denak baino ederrago’ esan nahi da lehen adibidean, ‘beste denbora guztian baino zoroago’, azkenekoan.
Gehienetan laburra da ezen ez formarekin eginiko perpausa: Hobea zela zuen erlijioa, ezen ez gurea (Agirre Asteasukoa); Hobe zuela goizegi ezen ez eta berantxe (J. B. Etxepare); Ezina azkarrago da ezi ez zina (Oihenart).
32.3.1.1d On adjektiboaren eta ondo/ongi adberbioen konparatiboak hobe eta hobeto/hobeki dira, hurrenez hurren270: Iaz baino festa hobeak antolatu dituzte aurten; Lanean baino hobeto gaude oporretan. Berez konparatiboak izanik ere, erantsi egiten zaie inoiz -ago morfema, hobeago, hobetoago/hobekiago forma erredundanteak eratuz: Bizitza hobeago baten itxaropena (EH); Nork daki bere barrengo berri bakoitzak berak baino hobetoago? (Villasante); Ongi baino hobekiago nekien hori (EH).
Hobe izan perifrasiak partizipioa nahiz aditz izena goberna dezake: Hobe duzu horren neskamearekin ibili (Lardizabal); Hobe duzu alderdi bat galtzea (Lardizabal); Hobe du […] bere txikien etorkizunari begiratu (Etxaniz); Isilik egotea hobe izango dut (Mitxelena); Hobeko dut isilik gelditu (Mitxelena).
Hobetsi aditzarekin eginiko esaldiak, berriz, erreferentziazko terminoa aipatu gabe eratzen dira gehienetan. Lasai bizitzea hobetsi du esaldiaren gisakoak egiten dira maiz ‘zer baino’ esan gabe, erreferentzia puntu hori suposatutzat emanda edo.
268 Lafittek (1962: 140): “une pareille construction est plus romane que basque”. Etxeberri Ziburukoak eta Hiribarrenek ezen soila erabiltzen dute inoiz (Lehenago hilen naiz, ezen eginen baitut gaizkia, Hiribarren).
269 Axularrek desideratzenago, erortzenago eta gordintzenago formak darabiltza, -ago morfema aditz izenaren inesiboari erantsita.
270 Ohiko bideko onago forma ere erabili izan da zerbait, gutxitan bada ere: Urrea izan ez balitz, gizonak askozaz onagoak, zuzenagoak eta apalagoak izango ziren (Agirre).