26.2.3a Sintetikoetan ez dago indikatiboaren eta subjuntiboaren arteko bereizketa morfologikorik. Euskarak duen subjuntibozko forma bakarra [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa da (ikus § 26.6.2.1) eta, beraz, testuinguru sintaktiko zenbaitetan (bereziki mendeko perpaus helburuzkoetan eta osagarri zenbaitetan), adizki sintetikoa utzi eta adizki analitikoa erabiltzen da euskara modernoan: oraintxe dator vs nahi dut oraintxe etor dadin; etxera darama vs esan diot etxera eraman dezan/dezala.
26.2.3b Adizki sintetikoek alegiazko paradigma dute, laguntzaileek bezalaxe. Forma hauen berezitasun morfologikoak ez ditugu hemen errepikatuko, aurreko atalean (§ 26.1.5.2) zehazki aipatu baititugu.
26.2.3c Sintetikoen erabilera franko nasaia da aginteran; hura da, hain zuzen, adizki sintetiko gehien biltzen duen kategoria. Ez dira guti forma sintetikoa bakarrik aginteran gorde duten aditzak; halakoak dira jaugin eta etorri ekialdeko hizkeretan (haugi; hator, zatoz, zatozte). Halakoak iduri dute, baita ere, Euskal Aditz Batua (Euskaltzaindia 1979) liburuan agerian eman bezala, erosi, ihardetsi, igorri, irakatsi, utzi aditzak. Gorago esan dugu 3. pertsonako objektua duten adizki trantsitiboak [e-ERROA] oinarriaren gainean eratzen direla, hari pertsona-atzizkiak datxizkola: ema-da-zu, egi-zu, erra-k, erra-ko-zu. Forma hauen ondoan, sintetikoen itxurako adizki analitiko kontraktatuak daude, semisintetiko izendatu ohi direnak: adibidez, emaidazu, esaiok, jakizak, garbizazu adizkiak. Hauetan, laguntzailearen arrastoa argia da: -i- morfema egin laguntzailearen aztarna da emaidazu ‘eman egidazu’ eta esaiok ‘esan egiok’ adizkietan; -za-, aldiz, *ezan laguntzailearena jakizak ‘jakin ezak’, garbizazu ‘garbi ezazu’ adizkietan. Aginterazko forma sintetikoek bi murriztapen dituzte. Alde batetik, ez dira ezezkako aginteran erabiltzen, hau da, ez dira egokiak debeku baten emateko: **ez zatoz hona! (vs zatoz hona!); **ez haugi etxera! (vs haugi etxera!). Horretarako, adizki analitikoa erabili behar da: ez zaitez etor hona; ez hadi jin etxera. Bestetik, objektua 1. pertsonakoa delarik, adizki analitikoa baizik ez daiteke erabil (ikus nazazu, entzun nazazu); testu zaharretan kontrakorik agertzen bada ere: Bana galde nauzun horrez ukenduru negizu (Oihenart); Amorea naiz eta nakutsu, / baldin badozu begirik (Lazarraga). Jusibozko adizki sintetiko eta analitikoez ikus § 26.1.5.4e.
26.2.3d Nahiz eta normalean ahalera adizki analitikoen bidez osatzen den (§ 26.6.3.1), adizki sintetikoek ere adieraz dezakete, horretarako, adizkiak -ke atzizkia beretzen duela (-teke atzizkia izan aditzaren NOR paradigman): Ezin datorke hortik gauza onik (Juan Garzia); Nagusigo ezti hori ordea, ez da adiskidantza antzuak sortua; Soil-soilik amodioak dakarke (Jon Muñoz); Baina zu bezalako euskara modu baten seme, umezurtz izanagatik ere, ezin dateke gaizki (Salaburu). Adizki bera erabiltzen da modalitate epistemikoa ekartzeko: Mandabillaren kondaketaren kopia XVII. mendekoa dateke (Arkotxa); Adulterioaren malezia, agian, libidotik datorke (Unzurrunzaga) (ikus § 26.6.3.2a).