Kokapena:
18.4.1a Ergatiboaz eta absolutiboaz gain, egiturazko kasutzat edo besterik gabe kasutzat har dezakegun hirugarrena da datiboa. Datiboak -i marka morfologikoa erakusten du euskaraz, eta oinarria bokalez amaitzen denean, -r- epentetiko bat gaineratzen da bokalaren eta kasu markaren artean: Hori bera da gertatu ohi zaiona, zerurat edo zerurantz dabilen edozein gizoni (Mendiburu); Geroago, laster ulertu nuen […] zurekin tratua duen edozein emakumeri jotzen diozula, arreta ematen dizun edozein neska saltzaileri (Matauko). Artikulu ondoren ere: laguna-ri.
18.4.1b Ipar-ekialdeko hizkeretan, pluraleko datiboan, -ei amaiera agertu beharrean, adibidez, gizonei forman bezala, gizoner jasotzen da: Gloria Jainkoari zeru gainetan eta bakea lurrean gogo onezko gizoner (Intxauspe).