Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

II. TITULUA Irakaskuntza


II. TITULUA
Irakaskuntza

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

19. artikulua

Herritar guztiek dute hezkuntza maila desberdinetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea, ondoko kapituluetan ezarritako eran.

20. artikulua

Nafarroako Gobernuak arautuko du euskara nola sartuko den irakaskuntza-planetan eta zehaztuko du ikastetxe bakoitzean nola aplikatuko den, lege honek eremu desberdinetarako xedatutakoaren esparruan.

21. artikulua

Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen eremuan, behar diren ekintzak aurrera eramanen ditu, irakasleen prestakuntzarako goi-mailako ikastetxeetako ikasketa-planek euskarazko irakaskuntzarako beharrezkoak diren irakasleen gaikuntza egokia berma dezaten.

22. artikulua

Administrazio publikoek beharrezko diren bitarteko pertsonalak, teknikoak eta materialak paratuko dituzte, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

23. artikulua

Ikasketa-plan ofizialek euskara Nafarroako kultura ondaretzat hartuko dute eta foru-lege honen xedeei egokituko zaizkie.

II. KAPITULUA
Irakaskuntza eremu euskaldunean

24. artikulua

1. Ikasle guztiek irakaskuntza hartuko dute, guraso-ahala edo tutoretza daukan pertsonak, edo, hala badagokio, ikasleak berak aukeratutako hizkuntza ofizialean.

2. Hezkuntza-maila ez-unibertsitarioetan euskara eta gaztelania nahitaez irakatsiko dira, ikasle guztiek oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun-maila nahikoa egiaztatu ahal izan dezaten.

3. Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasketak eremu euskaldunetik at hasi dituzten ikasleak edo eremu honetan ohikoa ez den bizilekua dutela behar bezala justifikatzen dutenak euskara ikastetik salbuetsiak izan daitezke.

III. KAPITULUA
Irakaskuntza eremu mistoan

25. artikulua

1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkana, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten.

IV. KAPITULUA
Irakaskuntza eremu ez-euskaldunean

26. artikulua

Botere publikoek euskararen irakaskuntza lagunduko dute, eta, behar denean, osoki edo zati batean finantzatuko dute, sustapen- eta promozio-irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper