Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

6.3. Euskal Autonomia Erkidegoa


6.3. Euskal Autonomia Erkidegoa

6.3.1. Euskal Herriko Autonomia Estatutua, 1979ko abenduaren 18ko Lege Organikoa[45]: 6. artikulua

6. artikulua

1. Euskara, Euskal Herriaren hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2. Autonomia Erkidegoko instituzio komunek, Euskal Herriaren aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuz, hizkuntza bion erabilera bermatuko dute eta bion ofizialtasuna arautuko, eta haien ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu eta arautuko dituzte.

3. Inor ezin izango da hizkuntza dela-eta diskriminatu.

4. Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia da instituzio aholku-emaile ofizial.

5. Euskara beste euskal lurralde eta erkidego batzuetako ondare den aldetik eta instituzio akademiko eta kulturazkoek beroriekin izan ditzaketen harreman eta loturez gain, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskatu ahal izango dio Espainiako Gobernuari lurralde eta gizatalde horiek kokaturik dauden edota bizi diren estatuekin kulturazko harremanak bideratzeko tratatu edo hitzarmenak sinatu eta, hala badagokio, Gorte Nagusien aurrean, baimentzeko, aurkeztu ditzala, euskara zaindu eta bultzatze aldera.


6.3.2. 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa[46]

Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen esku jartzen dute euskararen erabilera normalizatzera eta garatzera bideratutako neurriak hartzea, bere bi ikuspegiak kontuan hartuz: bai euskal herriaren kultura-ondarearen funtsezko osagai denez eta bai, gaztelaniarekin batera, Autonomia Erkidegoko lurraldean erabilera ofizialeko hizkuntza denez.

Horretaz, bada, euskara gure Erkidegoaren nortasunaren ezaugarri nabarmenena eta objektiboena dela ezagutzen dugu eta, euskara jakinez eta erabiliz, gizakiak erkidegoan bete-betean txertatzeko tresna dela.

Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propioa izateak eta gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizial izateak, arrazoi bat ala beste dela-eta euskara erabili ezin duten herritarren eskubideei inongo kalterik ez diete ekarri behar, inondik inora, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 6. artikuluaren 3. zenbakian propio esaten denarekin bat.

Hizkuntza Euskal Herriko herritar guztien integrazio-tresna gisa aitortuz gero, euskal herritarrek hizkuntza arloan dituzten eskubideak lege-ordenamenduan jasotzeari ekin behar zaio eta, bereziki, hizkuntza ofizial bietako edozeinetan hitz egitekoa eta Euskal Herria gordailu duen kultura-ondarearen funtsezko zati den aldetik gure hizkuntzari zor zaion babesaren ziurtasuna.

Legearen oinarri diren printzipio orokorretatik abiatuta, atariko tituluak euskara Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren hizkuntza propio gisa aitortzen du, eta euskara eta gaztelania haren lurraldean hizkuntza ofizial gisa. Titulu berean hizkuntza-arrazoiengatiko diskriminazioa galarazten da.

Lehen tituluak hizkuntzaren alorreko herritarren eskubideak eta botere publikoen betebeharrak ukitzen ditu.

Bigarren tituluak botere publikoen jarduera arautzen du. Lehen kapituluak euskararen erabilera Administrazio Publikoan aipatzen du eta bertan Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen da. Erregistro publikoetan dokumentuak inskribatzea ere arautzen da eta agintzen da arau-xedapen zein administrazio-ebazpen eta -egintza orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko duela argitaratzeko, jakinarazpen eta adierazpenak bezala. Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiei ahalmena ematen zaie beren aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izateko. Autonomia Erkidegoko herrien eta, oro har, toponimo guztien izen ofizialak finkatzeko eskumena Jaurlaritzari, lurralde historikoetako foru-organoei edota toki-korporazioei aitortzen zaie. Bide-seinale eta mezuak nola idatzi arautzen da. Bi hizkuntza ofizialen arteko zinpeko itzultzaile titulua lortzeko eta emateko baldintzak arautzeko ahalmena Jaurlaritzari ematen zaio eta, halaber, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortzekoa. Botere publikoek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiek bi hizkuntzetan egon beharko dutela zehazten da, eta baita Euskal Herritik abiatzen diren garraio publikoko zerbitzu guztietan ere. Administrazio Publikoari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak aurreikusten dira.

Bigarren kapituluak euskararen erabilera irakaskuntzan arautzen du. Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea eta aukeratu ez duen hizkuntza ofizialaren derrigortasuna arautzen da. Irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatzeko ardura Jaurlaritzari ematen zaio, eta baita ikasleek bi hizkuntza ofizialak benetan menderatzera bideratutako neurriak hartzea ere eta ikasketa-planen egokitzapena. Irakasleen prestakuntzari dagokionez, irakasleek euskara eta gaztelania erabat menderatu ditzaten beren ikasketa-planak egokituko dira. Euskararen irakaskuntzan salbuespen posibleak ere aurreikusten dira.

Hirugarren kapituluak euskararen erabilera hedabideetan arautzen du, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea aitortuz. Jaurlaritzari egozten dio euskara Autonomia Erkidegoko hedabideetan sustatzeko ardura eta Espainiako Irrati-Telebistan bultzatzekoa eta euskararen erabilera bultzatu eta babesteko neurriak hartzea irratian, egunkari eta aldizkarietan, irudiaren eta soinuaren grabazioetan eta abarretan.

Laugarren kapituluak euskararen gizarte-erabilera eta beste zenbait alderdi instituzional ukitzen ditu; helduen euskalduntzea eta alfabetatzea eta hainbat alorretan euskararen erabilera bultzatzeko ardura Jaurlaritzari egozten dio eta lege honen aplikazioa eta garapena bateratzeko Jaurlaritzak topagune bat sortuko duela aurreikusten du.

Bosgarren kapituluan Jaurlaritzari egozten zaio euskararen batasuna eta normalizazioa begiratzea, hizkuntza ofizial komun denez.

Xedapen gehigarriak Jaurlaritzari egozten dio Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo jardunik, euskararekin loturiko lana egiten duten instituzio edo botereekiko harremanak bideratzea.

Xedapen iragankorrak gaur egungo egoeratik lege hau bete-betean aplikatu eta garatu ahal izan daitezen egoerara zubi egiten du, legearen espiritua beste lege eta araudietan gatzatu artean arau-hutsunerik egon ez dadin.

Legeak xedapen indargabetzailea eta azken xedapen bat ere baditu, non eta esku ematen zaion Jaurlaritzari legea erregelamendu-mailan garatzeko.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua

Euskararen eta gaztelaniaren erabilera lege honetan xedatutakoari eta lege hau garatzeko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak ematen dituzten gainerako xedapenei lotuko zaie Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurraldean.

2. artikulua

Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa.

3. artikulua

Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan.

4. artikulua

Botere publikoek Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ez dadin zainduko dute eta neurri egokiak hartuko dituzte.

LEHEN TITULUA

KAPITULU BAKARRA
Herritarren eskubideak eta botere publikoen betebeharrak hizkuntzaren alorrean

5. artikulua

1. Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz.

2. Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein organismo edo erakunderekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz.

b) Irakaskuntza hizkuntza ofizial biotan izateko eskubidea.

c) Aldizkariak eta irrati-telebistetako eta beste hedabideetako emanaldiak euskaraz jasotzeko eskubidea.

d) Lanbide-jarduerak, langintza, politikagintza eta sindikatu-jarduera euskaraz egiteko eskubidea.

e) Edozein bilkuratan euskaraz mintzatzeko eskubidea.

3. Botere publikoek eskubide hauen erabilera ziurtatuko dute Autonomia Erkidegoko lurraldean, eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen.

BIGARREN TITULUA
Botere publikoen jarduera

LEHEN KAPITULUA
Euskararen erabilera Administrazio Publikoan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan

6. artikulua

1. Herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoko lurraldean, Administrazio Publikoarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa.

Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko biartekoak bideratuko eskubide hori arian-arian gauzatu dadin bermatzeko.

2. Pertsona batek baino gehiagok esku hartzen duen espediente edo prozeduretan, alde biek adostasunez erabakitzen duten hizkuntza erabiliko dute botere publikoek. Adostasunik ez badago, espedienteari edo prozedurari hasiera eman dion pertsonak aukeratutakoa erabiliko da, betiere, bakoitzak nahi duen hizkuntzan informazioa jasotzeko duen eskubidea gorabehera[47].

7. artikulua

1. Autonomia Erkidegoaren mendeko erregistro publikoetan, direla Jaurlaritzarenak, beraren ente autonomoenak, foru-administrazioenak, toki-administrazioenak edota besterenak, dokumentuak inskribatzea dokumentuok idatzita dauden hizkuntza ofizialean egingo da.

2. Autonomia Erkidegoaren mendeko ez diren erregistro publikoetan, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko du, eskumena duten organoekin elkar hartuta.

3. Inskripziook erakusteko nahiz ziurtagiriak luzatzeko, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetarako itzulpena ziurtatuko da.

8. artikulua

1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako botere publikoek emandako arau-xedapen zein ebazpen ofizial orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofiziala egiteko.

2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako botere publikoek esku hartzen duten egintza guztiek eta baita Administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenek ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute.

3. Aurrekoan agindutakoa gorabehera, botere publikoek euskara bakarrik erabili ahal izango dute toki-administrazioaren eremuan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta, herritarren eskubideak kaltetzen ez badira.[48]

9. artikulua

1. Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek beren aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izango dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeela.

2. Euskaraz aurkeztutako idazki eta agiriak, eta baita epaile-jardunak, balio eta eragin-indar osokoak izango dira.

3. Eusko Jaurlaritzak, dagokien organoekin elkar hartuta, Euskal Herriko Justizia Administrazioan euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko du.

10. artikulua

1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde, udalerri, biztanlegune, geografia-gorabehera, hiri-bide eta, oro har, toponimo guztien izen ofizialak Jaurlaritzak, lurralde historikoetako foru-organoek edota toki-korporazioek finkatuko dituzte, zeinak bere eskumenen eremuan eta, betiere, jatorrizko izen euskaldun, erromantze ala gaztelaniazkoa errespetatuz, hizkuntza bakoitzari dagokion idazkera akademikoarekin.

Aurreko paragrafoan aipatutako izen ofizialei buruzko gatazka pizten bada toki-korporazioen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, Eusko Jaurlaritzak ebatziko du Euskaltzaindiari iritzia eskatu ondoren.

2. Kale-bideetan jarritako bide-seinale eta mezuak bi hizkuntzetan idatzita egongo dira, betiere nazioarteko arauak errespetatuz eta erabiltzaileentzako ulergarritasun- eta segurtasun-eskakizunak betez.

3. Bi izenok zeharo desberdinak badira, biak izango dira ofizial, besteak beste, bide-seinaleetarako.

11. artikulua

Euskal Herritik abiatzen diren garraio publikoko zerbitzu guztietan inprimakiak, iragarkiak eta herritarrentzako mezuak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

12. artikulua

1. Jaurlaritzak bi hizkuntza ofizialen arteko zinpeko itzultzaile titulua lortzeko eta emateko baldintzak arautuko ditu.[49]

2. Halaber, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortuko du, Autonomia Erkidegoko herritarrentzat eta erakunde publikoentzat lan egingo duena, itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetza juridikoa ziurtatzeko.

13. artikulua

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan botere publikoek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiek bi hizkuntzetan egon beharko dute.

14. artikulua

1. Lege honen 6. artikuluan aitortutako eskubideak gauzatzeko, botere publikoek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan Administrazio Publikoari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak hartuko dituzte.

2. Botere publikoek finkatuko dute zein lanpostutarako izango den nahitaezko bi hizkuntzak jakitea.

3. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko Administrazioko gainerako lanpostuetara sartzeko egiten diren hautaprobetan hizkuntza ofizialen ezagutza-maila hartuko da kontuan merezimendu gisa, besteak beste. Administrazioak finkatuko du lanpostu-maila bakoitzerako zein pisu izango duen.

BIGARREN KAPITULUA
Euskararen erabilera irakaskuntzan

15. artikulua

Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea irakasmaila guztietan.

Horretarako, Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak neurri aproposak hartuko dituzte Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko irakaskuntzan elebitasuna gero eta orokorragoa izan dadin.

16. artikulua

1. Unibertsitate-hezkuntza hasteraino egiten diren ikasketetan nahitaezkoa izango da ikasketok hartzeko guraso edo kuradoreak edota, hala denean, ikasleak berak, aukeratu ez duen hizkuntza ofiziala irakastea.

2. Dena den, Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzean irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatuko ditu, guraso-kuradoreen nahia eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan.

3. Ikasketa arautuak Erkidegoan ofiziala ez den hizkuntza batean irakasten duten diru publikoz lagundutako ikastetxe pribatuek euskara eta gaztelania irakatsiko dituzte nahitaezko ikasgai gisa.

17. artikulua

Jaurlaritzak, nahitaezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menderatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara ikastetxeetako barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-jardun eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz.

18. artikulua

Ikasketa-planak 15., 16. eta 17. artikuluetan finkatutako helburuei egokituko zaizkie.

19. artikulua

Irakasleen prestakuntzarako unibertsitate-eskolek beren ikasketa-planak egokituko dituzte, irakasleek euskara eta gaztelania erabat menderatu ditzaten, nork bere espezialitatearen eskakizunen arabera.

20. artikulua

1. Jaurlaritzak, euskarazko irakaskuntzarako eskubidea gauzatzeko, irakasleria gero eta euskaldunagoa lortzeko bitartekoak jarriko ditu.

2. Halaber, lege honen 15. eta 16. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera, euskara jakitea zein irakaspostu edo ikasgelatarako izango den nahitaezko zehaztuko du.

21. artikulua

OHOko ikasketak Euskal Herriko Autonomia Erkidegotik kanpo hasita dituzten ikasleak edota beren ohiko bizilekua Autonomia Erkidegoan ez dutela behar bezala egiaztatzen dutenak, euskara ikastetik salbuetsita gera daitezke, horretarako finkatuko den prozedurari jarraituz.

HIRUGARREN KAPITULUA
Euskararen erabilera hedabideetan

22. artikulua

Herritar guztiei aitortzen zaie gizarte-hedabideen aldetik euskaraz zein gaztelaniaz informatuak izateko eskubidea.

Horretarako, hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino.

23. artikulua

Jaurlaritzak, aurreko artikuluan ezarritako bi hizkuntzen arteko berdintasuna ziurtatze aldera, Autonomia Erkidegoko hedabideetan euskara lehentasunez erabili dadin bultzatuko du.

24. artikulua

Jaurlaritzak hizkuntza-normalizazioa bultzatuko du Espainiako Irrati-Telebistaren emanaldi-zentroetan, euskarak, Euskal Herriko hizkuntza propioa denez, behar duen presentzia izan dezan.

25. artikulua

Jaurlaritzak, 22. artikuluan aitortutako eskubidea arian-arian bermatzeko, euskararen erabilera bultzatu eta babesteko neurriak hartuko ditu eta, nolanahi ere, honako hauetan hedatu eta benetan erabiltzea ahalbidetuz:

-irratian,

-egunkari eta aldizkarietan,

-zineman,

-antzerki eta ikuskizunetan,

-irudiaren eta soinuaren grabazioetan.

Horretarako, gaiok ukitu eta arautzen dituzten legeetan titulu apropos bana garatuko da.

LAUGARREN KAPITULUA
Euskararen gizarte-erabilera eta beste zenbait alderdi instituzional

26. artikulua

Euskal botere publikoek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko gizarte-bizitzako alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko, herritarrek salerosketako, kulturako, elkarteetako, kiroletako, erlijiozko edota beste edozein motatako jarduera guztiak euskaraz garatu ahal izan ditzaten.

27. artikulua

1. Euskal botere publikoek euskararen erabilera sustatuko dute publizitatean.

2. Halaber, euskal giroa eta euskara errotulazioan erabiltzea bultzatuko dute, era guztietako erakunde komertzial, atsedenerako, kulturarako zein ofizialtasunik gabeko elkarteetan.

28. artikulua

Jaurlaritzak helduen euskalduntzea eta euskaldunen alfabetatzea bultzatuko ditu, horretarako ente publiko bat sortuz. Eusko Legebiltzarraren lege batek finkatuko du horretarako araubidea.

29. artikulua

Jaurlaritzak, euskararen erabileraren normalizazioa ahalbidetzeko, lege hau gauzatu eta garatze aldera instituzio guztien lanak eta ahaleginak aztertu, bideratu eta bateratzea helburu izango duen topagune bat sortuko du.

BOSGARREN KAPITULUA
Euskararen erabilera hizkuntza idatzi ofizial gisa

30. artikulua

Jaurlaritzak euskararen batasuna eta normalizazioa begiratuko ditu, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan idatzizko hizkuntza ofizial komun denez, Euskal Herriaren kultura-ondarearen funtsezko zati diren euskalkiei bizirik diren tokietan zor zaien errespetua gorabehera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Jaurlaritzak, bere eskumenen eremuan, Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo jardunik, euskararen ikerketan, babesean eta sustapenean lan egiten duten instituzio edo botereekiko kultura harremanak bideratuko ditu.

Bigarrena.– Jaurlaritzak, Euskal Herriko plangintza soziolinguistikorako mapa egingo du eta aldian-aldian berraztertuko, Eusko Legebiltzarrari jakinarazi ondoren.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzak, horretarako eskumena duten organoekin elkar hartuta, euskararen erabilera Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Estatuaren Administrazioan arian-arian normalizatzeko neurriak hartzea bultzatuko du, lege honen 6., 8., 11., 13. eta 14. artikuluetan araututakoetan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Lege hau indarrean jarri aurretik administrazio publikoetan hasita dauden prozedura eta espediente guztiek hasi ziren hizkuntzan jarraituko dute amaitu arte.

Bigarrena.– Jaurlaritzak, tokian tokiko botere publikoek eskaturik eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa bereziki kontuan hartuz, aldi baterako salbuetsi ahal izango du, bere eskumenen eremuan, lege honen artikuluen aplikazioa, betiere Konstituzioaren edo Estatutuaren aginduz nahitaezkoak ez badira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau garatu eta gauzatzeko beharrezko diren erregelamendu-mailako xedapenak emateko esku ematen zaio Jaurlaritzari. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean lege hau.


6.3.3. 5/1990 Legea, ekainaren 15ekoa, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzkoa[50]: 36.3, 38.3, 44.1, 91.2 artikuluak

36. artikulua[51]

3. Nolanahi ere, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordearen erabakiak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzita, web-orri batean sartuko dira, ondorio hauetarako gaituko dena.

38. artikulua[52]

3. Hauteskundeetarako atal, mahai eta lekuen behin betiko zerrenda, euskaraz eta gaztelaniaz, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 24.4 artikuluan aurreikusitakoa jarraituz argitaratuko da.

44. artikulua[53]

1. Izendapena egin eta hurrengo hiru egun igaro baino lehen, horren berri eman beharko zaie interesdunei. Jakinarazpenarekin batera, mahaietako kideei jarraibide-liburu bat emango zaie beren eginkizunei buruz euskaraz eta gaztelaniaz. Hauteskunde-mahaietako lehendakari eta bokal izendatu dituztenek zazpi eguneko epea izango dute eskualdeko hauteskunde-batzordean adierazteko zergatik ezin duten kargua onartu, arrazoiak justifikatua eta dokumentatua izan beharko duelarik. Batzordeak gaiari buruzko erabakia hartzeko bost eguneko epea izango du, eta ezingo da errekurtsorik jarri erabakitakoaren aurka. Dena delako pertsona ordeztu beharra dagoela erabakitzen badu, horren berri emango dio lehen ordezkoari. Eskualdeetako hauteskunde-batzordeek, labur bada ere, azaldu egin beharko dute zergatik ez dituzten onartu dena delako pertsonak mahaiko kide ez izateko emandako arrazoiak.

91. artikulua

2. Boto-paper, gutun-azal eta hauteskundeei buruzko gainerako agirietako idazkiak Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetan inprimatuko dira.

132 bis artikulua[54]

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan azalduko dira hauteskunde-mahai bakoitzeko hautetsontzi elektronikoko softwarean eta botoa emateko pantailetan dauden mezuak, eta bai hauteskunde-agirietako testua ere.


6.3.4. 7/1990 Legea, uztailaren 3koa, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa[55]: 66. artikulua

66. artikulua

«Bibliografia-ekoizpen hauek joko dira euskal bibliografia-ondaretzat: Euskadin eta euskararen lurraldeetan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak, bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak, horien euskarria dena dela.

»Euskadiko bibliografia-ondarea, aurreko paragrafoan aipatutakoez gain, Euskadin dauden eta historia- edo kultura-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanek osatzen dute, horien euskarria dena dela».


6.3.5. 4/1993 Legea, ekainaren 24koa, Euskadiko Kooperatibena[56]: 68.bis-c) artikulua

68 bis artikulua.– Heziketarako eta kooperatiba-sustapenerako eta interes publikoa duten beste helburu batzuetarako kontribuzioa[57]

c) Kooperatibak diharduen gizarte-ingurunean eta gizartean orokorrean, hezkuntza, kultura, lanbidea, laguntza-bideak eta euskararen erabilera bultzatzea eta kooperatiben ezaugarriak zabaltzea.


6.3.6. Abenduaren 22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena[58]: 4.f) artikulua, II. tituluko VII. kapitulua eta 2. xedapen gehigarria

4. artikulua.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

f) Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek ezartzen dutenari jarraiki.

II. TITULUA
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

VII. KAPITULUA
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

37. artikulua.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

Kapitulu honetan ezarritakoarekin eta bertan biltzen diren progresibotasun-baldintzekin bat etorriz, kontsumitzaile eta erabiltzaileek honako hizkuntza-eskubideak dituzte:

a) Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzekoa, lege honen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzekoa; enpresa eta establezimendu hauek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzen dutela ere, zerbitzu egokia eman beharko diete.

38. artikulua.– Erakunde publikoak

1. Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honakoak izango dira erakunde publikoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta Estatuko Administrazioa, eta baita horien mende dauden edo horietako administrazio instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatu edo publikoko erakundeak ere.

b) Titulartzat aurreko apartatuan aipatutako administrazioek dituzten zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren edozein izaeratako erakundeak, baldin eta horiek mota honetako zerbitzuak eskaintzen badihardute.

c) Batik bat a) apartatuan aipatutako administrazio eta enteen partaidetza duten edo horien kontrolpeko diren erakundeak, hauen izaera edozein dela ere. Ondorio hauetarako, kontrol-harremana honako kasuetan dagoela ulertuko da: erakundearen boto-eskubide gehienak dituztenean edo gobernu-organoko kide gehienak izendatu edo kargutik kentzeko eskubidea dutenean.

2. Erakunde publikoek kontsumitzaile eta erabiltzeekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dute. Hau guztia honela egingo da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko establezimenduetan, errotuluak, oharrak eta, oro har, jendeari zuzendutako jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz emango dira.

b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileek betetzeko egiten diren inprimaki edo eredu ofizialak bi hizkuntzatan emango dira.

c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berak hizkuntza ofizialetako bakarra erabiltzea nahi duela adierazi ezean, bi hizkuntzatan idatziko dira atxikipen-kontratuak, klausula-ereduak dituzten kontratuak, araupeko kontratuak, baldintza orokorrak eta kontratu horiei buruzko edo horiek egitearen ondoriozko agiriak.

d) Zehazki kontsumitzaileei zuzendutako jakinarazpenak bi hizkuntzatan eman beharko dira, eta baita fakturak, aurrekontuak eta antzeko agiriak ere, kontsumitzaile eta erabiltzaileak berak bi hizkuntza ofizialetako bat bakarrik erabiltzea aukeratu ezean.

e) Bi hizkuntzatan idatziko dira, halaber, produktu eta zerbitzuak erabili eta mantentzeko jarraibideen liburuxkak, berme-agiriak eta etiketetan eta ontzietan adierazi beharrekoak.

f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako produktu, ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, erabilitako euskarria edozein dela ere, bi hizkuntzatan egingo da.

3. Erakunde publikoekin dituzten harremanetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileek arreta eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko eskubidea dute. Administrazio publikoei dagokienez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Jaurlaritzak egoki ikusten dituen neurriak hartuko ditu eta eskubide hori erabiltzen dela arian-arian bermatzeko beharrezko bitartekoak jarriko dira eskura.

4. Estatuko Administrazioari aplikatzen zaizkion lege honen xedapenek ez diote kalterik egingo Estatuaren eskumenari bere zerbitzuak antolatu behar dituenean.

39. artikulua.– Diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak

1. Lege honen ondorioetarako, honakoak izango dira diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak:

a) Legez unibertsalak, interes orokorrekoak edo beste kategoria batekoak diren zerbitzuak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoak, edo unibertsaltasun eta berdintasuneko araubide juridikoaren pean dauden zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola garraioak, telekomunikazioak eta energia-zerbitzuak.

b) Euskal administrazio publikoek ematen dituzten laguntzen edo diru-laguntzen onuradunak diren erakunde edo pertsona juridikoak, edo horietako edozeinekin lankidetza-hitzarmena sinatu dutenak. Kasu honetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokien bermeak diru-laguntza edo hitzarmenaren xedearekin erlazionatutako harremanen eremua ere hartuko du.

2. Erakunde hauek, publikoak direnean izan ezik, lege honen 38. artikuluko 2. paragrafoan, a), b), c) eta d) apartatuetan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Erregelamendu bidez finkatuko da horiek arian-arian nola bete.

40. artikulua.– Jendearentzako arreta[59]

1. Jendeari produktuak saldu eta zerbitzuak egiteaz arduratzen diren establezimenduek, lege honen 38. artikuluko 2. paragrafoan, a), b) eta c) apartatuetan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Era berean, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko gertu egon behar dute, horien hizkuntza ofiziala edozein dela ere.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrez gain, indarreko legeriak establezimendu komertzial handi gisa kalifikatzen dituen establezimenduek, baita jendeari ondasun eta produktuak eskaintzen dizkioten eta, hala ez diren arren, erakunde handi gisa kalifikatzen diren establezimenduek ere, 38. artikuluko 2. paragrafoan, d) apartatuan, jasotako betebeharra ere bete beharko dute. Erregelamenduz finkatuko dira erakunde handi kontsideratzeko betekizunak, alegia, negozio-bolumenari, langile-kopuruari edota Euskal Autonomia Erkidegoan duten presentziari dagozkienak.

3. Erakunde publikoei atxikita eta jendearentzat irekita dauden establezimenduei lege honen 38. artikuluan aurreikusitako araubidea aplikatuko zaie.

4. Jendearentzat irekita dauden saltokien kasuan, baldin badira lan-harremanen eta jendearen arretaren alorrean euskara integratzera berariaz zuzendutako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeen saltokiak, edo interes orokorreko sektoreetako saltokiak, kasu horietan, 39. artikuluan jasotako betebeharrak betetzeaz gain, ahalmena eduki beharko dute kontsumitzaileei eta erabiltzaileei beraiek erabilitako hizkuntza ofizialean arreta eskaintzeko, zein ere den hizkuntza ofizial hori.[60]

5. Jaurlaritzak erregelamendu bidez finkatuko du artikulu honetako betebeharrak arian-arian nola bete.

41. artikulua.– Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko hizkuntza[61]

1. Euskadiko Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan banatutako ondasun eta zerbitzuei dagokienez kontsumitzaile eta erabiltzaileei ematen zaien informazioa, barruan sartuta etiketetan, ontzietan eta erabilera-jarraibideen inprimakietan jasotzen den informazioa ere, euskaraz, gaztelaniaz edo, aldi berean, euskaraz eta gaztelaniaz adieraziko da, eskaintzailearen nahiaren arabera, salbu eta kapitulu honetan berariazko araubide bat aurreikusten den kasuetan. Hori guztia kalterik egin gabe aplikagarria den legeriak, osasuna eta segurtasuna babesteko arrazoiengatik, kasu berezietarako ezar dezakeenari.

2. Gobernuak sustapen-neurriak hartuko ditu euskara eta gaztelania batera erabil daitezen, 1. paragrafoan aipatutako ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioan. Jatorri-deitura edo kalitatezko izendapena duten euskal ondasunen kasuan, bai eta artisautza-produktuen kasuan ere, euskararen erabilera sustatuko da etiketatzeko orduan, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan araututako produktuak badira.

42. artikulua.– Sustapen-jarduketa publikoa[62]

1. Gobernuak egoki diren neurriak bultzatuko ditu eta beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, euskararen erabilera sustatze aldera kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen jarduketaren alorrean.

2. Sektoreko planei dagokienez, planen jardun-eremuak eragina baldin badu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko jardueretan, plan bereziak bultzatuko dituzte kapitulu honetan jasotako eskubideak sustatzeko. Nolanahi ere, Gobernuak laguntza-ildoak abiaraziko ditu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten subjektuentzat, bi hizkuntza ofizialen presentzia erraztu dezaten beren jarduera gauzatzeko orduan, eta hizkera espezializatuko materialen zabalkundea bultzatuko du, eremu horretan euskararen erabilera errazteko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Bigarrena.– Lege honen IV. tituluak aurreikusitako zehapen-araubidea ez zaio aplikatuko legearen II. tituluko VII. kapituluan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokienez egiten den erregulazioari, ez eta hura garatzen duten arauei eta xedapen gehigarriei ere.


6.3.7. 5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza antolatzekoa[63]: 30.2.e) artikulua eta 3. xedapen gehigarria

30. artikulua.– Aitorpena

2. […]

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak homologatuko ditu aipatutako txostena egiteko eskaintzen diren erakundeak, eskabidea egin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

[…]

e) Ondo bermatzea erakundearekin harremanen bat izango duten guztiek, pertsona fisiko nahiz juridikoa izan, bermatuta izango dutela harreman hori nahi duten hizkuntza ofizialean izateko eskubidea.[64]

[…]

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Hirugarrena.– Hizkuntza-eskubideak[65]

Legea betetzeko neurriak hartzen direnean, euskal administrazio publikoek euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatuko dute kanpoko harremanetan. Halaber, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek haiekin dituzten harremanetan euskara eta gaztelania, ahoz zein idatziz, erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.


6.3.8. 7/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Museoei buruzkoa[66]: 10.h) eta 15.1.e) artikuluak

10. artikulua.– Euskadiko museo eta bildumen betebehar orokorrak

h) Instalazioetan, erakusketetan, seinalizazioan, museo-jardueretan eta erabiltzaileen harreran Euskadiko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial biak erabiltzen direla bermatzea eta, ahal dela, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzea, Europar Batasuneko beste herritarrek eta munduko beste herrialdeetakoek ere erabili eta ulertu ahal izan ditzaten.

15. artikulua.– Euskadiko Museoen Sistema Nazionaleko museo eta bildumen betebeharrak eta ondorioak

1. Inskribatzearen ondorio direnez gain, Euskadiko Museoen Sistema Nazionaleko museo eta bildumek baldintza hauek bete behar dituzte:

e) Museo edo bildumako bisitariei harrera egitean eta informazioa ematean, baita, espezialitateak edo jakintzagaiak hala eskatzen badu, funtsen kudeaketan eta dokumentazioan ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea.


6.3.9. 3/2007 Legea, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzekoa[67]

ZIOEN AZALPENA

Elkarren mendekotasuna gero eta handiagoa duen mundu globalizatu honetan, Euskadi ezin da izan bere baitan itxita dagoen herrialde bakartu bat; aitzitik, mundura irekita egon behar du eta, kulturen arteko harremanak bultzatu eta haien alde egiteaz gain, bere berezitasuna erakutsi behar du.

Gure kanpoko presentzia iraunkor eta aktiboak Euskadiren irudi positiboa islatu behar du munduan, hartara, ezagutza soiletik haratago joanez, nortasun eta identitate propioak dituen etorkizuneko herrialde gisa nazioartean onartua izan dadin.

Alderdi horretatik, euskarak eta euskal kulturak, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, gure identitatearen ezaugarririk sakonenak biltzen dituzte eta hizkuntza- eta kultura-ondarea gordetzen dute. Ondare hori gure mugetatik kanpoko beste erkidego eta herrialde batzuekin partekatzen dugu.

Euskara, euskal kulturaren ondare den aldetik, Euskal Herriaren identitatearen funtsezko elementua da, eta belaunaldiz belaunaldi gugana iritsitako milaka urteko legatua osatzen du. Hori dela eta, euskal gizarteari eta, bereziki, botere publikoei dagokie ondare horri bizirik eusteko erantzukizuna, komunikazio- eta harreman-tresna bezala erabilita, gaur egungo hizkuntza modernoa izan dadin eta etorkizuneko mundu eleaniztunean ateak zabalik izan ditzan. Orain arte ezezagunak zituen hainbat erabilera-gunetara iritsi denez gero, euskarak azken urteetan ospea eta presentzia lortu du gure gizartean; aurrerantzean, berriz, ospe eta presentzia hori Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora eraman behar da eta, horrela, sustapen unibertsalaren bidez, euskal hizkuntzaren onespenari bide eta bultzada emango zaio nazioartean ere.

Ildo horretatik, kanpoko kultura-aniztasunari eta unibertsaltasunari irekita agertzeaz gain, euskal erkidegoa bere identitate kulturalari eutsita proiektatuko da kanpora, bere adierazpen eta agerbide guztietan.

Asmo horiek kontuan hartuz, lege honen xedea Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzea eta arautzea da. Helburu nagusi hau izango du: gure inguruko instituzio ospetsuen antzera, euskara eta euskal kultura sustatzea, hedatzea eta kanpora proiektatzea. Zuzenbide pribatuko ente publikoa izateak bere helburuak betetzeko behar adinako autonomiaz baliatzeko aukera emango dio.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, eta jarduera horiek beren lana kanpora proiektatzen duten organoek eta administrazio publikoek egindakoekin koordinatuko ditu, bai eta ente publikoaren helburuetara zuzendutako edozein instituziok egindakoekin ere, bereziki, euskal erkidego linguistikoa dagoen lurraldeetako instituzioenekin.

Azkenik, bere helburuak betetzeko, batik bat ildo hauek jorratuko ditu: euskara ikertzea eta irakastea, bereziki unibertsitateetan eta goi-mailako ikasketetako zentroetan; kultura zabaltzeko jarduerak gauzatzea, Estatuko eta nazioarteko organismoekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean; eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek eskaintzen diguten ahalmen handiaz baliatzea, bai euskara eta euskal kultura hedatzeko, bai horren guztiaren gastua murrizteko.

Laburbilduz, euskara eta euskal kulturarekiko interesa zabaltzea da Etxepare Euskal Institutuaren asmoa, eta, oro har, gure herrialdeko errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara eta hainbat herritarrengana hurbiltzea, herritar horiek euskal erkidegoak dituzten herrialdeetan bizi direlako edo haien herrialdeekiko harreman historiko, kultural edo komertzialen garrantziak hala aholkatzen duelako.

1. artikulua.– Legearen xedea

Lege honek Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzea eta arautzea du helburu, euskara eta euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko.

2. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa

1. Etxepare Euskal Institutua nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko ente publikoa da, bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna du eta kultura arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikita dago.

2. Lege honek, antolaketa- eta jarduera-araudiak eta garapen-xedapenek arautuko dute Etxepare Euskal Institutua. Bere jarduerak gauzatzean zuzenbide pribatuari jarraituko dio, baina Administrazioaren ahalak baliatzen dituenean —zuzeneko esleipenaren bidez edo eskuordetzaren bidez— zuzenbide publikoari lotuko zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren gaiei dagokienez, espresuki aplikatzekoak zaizkion xedapenei jarraituko die eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez dagoenean, zuzenbide pribatuari.

3. Etxepare Euskal Institutuaren mendeko zentroak ez dira administrazio-organotzat hartuko; hala ere, Administrazioaren ahalak baliatzean, administrazio-organoen araubide juridikoaren arabera jardungo dute egintzak eratzeari eta kanporatzeari dagokien guztian.

3. artikulua.– Helburuak

Etxepare Euskal Institutuaren helburuak hauek dira:

a) Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten erkidego guztien ekarpenak errespetatuz.

b) Euskal kultura, haren hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.

c) Gure herrialdeko errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara eta hainbat herritara hurbiltzea, herri horietan euskal erkidegoak dituztelako edo herri horiekiko harreman historiko, kultural edo komertzialen garrantziak hala aholkatzen duelako.

d) Euskarak nazioartean onespena lor dezan bultzatu eta sustatzea.

e) Bere jarduerak hedatzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.

f) Halaber, euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzea, bereziki unibertsitate eta goi-mailako ikerketarako organismoetan.

4. artikulua.– Jarduerak

1. Bere helburuak betetzeko, Etxepare Euskal Institutuak jarduera hauek egin ahal izango ditu, bere ekimenez edo hirugarrenekin elkarlanean:

a) Euskara irakasteko ikastaroak sortu, sustatu eta antolatzea.

b) Euskararen ezagutza egiaztatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onartuta dituen probak antolatzea, indarrean dagoen araudi erregulatzaileak ezartzen duenarekin bat etorriz.

c) Hainbat ekintza sustatzea eta aurrera eramatea, hala nola euskara hedatzea helburu dutenak, bereziki sare telematiko nahiz informazioaren teknologia berriez eta hedabide eta ikus-entzunezkoez baliatuta; irakasleak prestatzera zuzendutakoak, eta euskararen irakaskuntzan laguntzeko materiala argitaratzera bideratutakoak.

d) Irakurletzak ezar daitezen laguntzea eta euskalariei eta atzerriko ikerketa-zentroei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko organo gisa jardutea.

e) Euskal kulturaren sortze-lana kanpoan sustatzeko ekintzak eta estrategiak gauzatzea, artisten eta artelanen kanpoko zirkulazioa bultzatzea eta euskal ondare artistikoaren ezagutza zabaltzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.

f) Erakunde publiko eta pribatuei, institutuaren helburuak betetzera zuzendutako jarduerak aurrera eramaten dituztenean, diru-laguntzak ematea.

g) Kultura zabaltzeko jarduerak estatuko nahiz nazioarteko beste organismo batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egitea.

h) Hizkuntza, hezkuntza eta kultura jendarteratzeko azoka eta erakusketetan parte hartzea.

i) Unibertsitate eta beste erakunde batzuekin —publikoak nahiz pribatuak, estatukoak nahiz atzerrikoak— hitzarmenak eta, hala dagokionean, lankidetza-protokoloak sinatzea.

j) Hizkuntza eta kultura zabaltzeko jarduerak organismo hauekin gauzatzea eta koordinatzea: gaztelania, euskara bezala Euskadiko hizkuntza ofiziala, katalana eta galegoa sustatu eta kanpoan zabaltzea helburu duten organismoekin, bai eta euskal hizkuntza eta kultura sustatzen jarduten duten euskararen gainerako lurraldeetako organismoekin ere.

k) Institutuaren helburuak betetzera zuzendutako beste eginkizun eta jarduera batzuk gauzatzea.

2. Etxepare Euskal Institutuak arreta berezia jarriko dio, bere jardueretan, euskal erkidego linguistikoaren herrialde eta herrietako hizkuntza- eta kultura-ondare erkideari.

3. Etxepare Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetzako eta elkarlanerako harreman egonkorrak izaten saiatuko da, eta jarduera horiek administrazio publikoek egindakoekin koordinatuko ditu, bai eta ente publikoaren helburuetara zuzendutako edozein instituziok egindakoekin ere, bereziki euskal erkidego linguistikoa dagoen lurraldeetako instituzioenekin.

5. artikulua.– Egoitza eta beste zentro batzuk.

1. Etxepare Euskal Institutuaren egoitza Donostian egongo da.

2. Etxepare Euskal Institutuak zentro-sare bat eduki ahal izango du bere helburuak betetzeko. Horretarako, beharrezkoa denean, merkataritza-sozietateak, fundazioak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak sortu ahal izango ditu eta haietan parte hartu, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik horretarako baimena emanda.

6. artikulua.– Organo artezkariak

1. Etxepare Euskal Institutuaren organo artezkariak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria dira.

2. Organo horiek esleiturik dituzten eginkizunak betetzeko ematen dituzten administrazio-egintzetan amaituko da administrazio-bidea.

7. artikulua.– Patronatua

1. Patronatuaren ohorezko lehendakaritza lehendakariari dagokio.

2. Patronatuaren lehendakaritza exekutiboa institutua atxikita dagoen sailaren titularrari dagokio. Patronatuak beste kide hauek ere izango ditu:

a) Kanpoko ekintza, kultura, hezkuntza, hizkuntza-politika eta ogasun eta administrazio publikoaren arloetan eskudunak diren sailak ordezkatzen dituzten bost kide.

b) Foru-aldundietatik kide bana, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetako foru-aldundietako bakoitzaren ordezkari gisa.

c) Euskal letrak, filologia eta kultura, bereziki Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, euskal unibertsitateak eta beste gizarte-instituzio batzuk, ordezkatzen dituzten hamabost kide. Kide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, euskal erkidego linguistikoa osatzen duten lurralde guztien euskal kulturari egindako ekarpenak kontuan hartuta.

d) Kulturaren sektore profesionalak ordezkatzen dituzten bost kide. Kide horiek Eusko Legebiltzarrak proposatuta izendatuko dira.

e) Institutuko zuzendaria. Idazkari gisa arituko da, eta hitza izango du baina botorik ez.

3. Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiak zehaztuko du nor izango den berezko kide karguaren arabera. Gainerako kideak lau urterako izendatuko dira, eta, epe hori igarotakoan, beste lau urterako ere izendatu ahal izango dira berriz, baina beste behin bakarrik.

4. Patronatua, gutxienez, urtean behin bilduko da, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Institutuak egin beharreko jardunen artean lehentasunak proposatzea.

b) Urteko aurrekontua, aurreko aurrekontuaren betetzea, institutuaren jarduera-plan orokorrak eta urteko memoria ezagutzea eta, onetsi aurretik, horiei buruzko iritzia ematea.

c) Institutuaren funtzionamendua hobetzen eta haren helburuak betetzen lagun dezaketen ekimenak proposatzea.

d) Antolaketa- eta jarduera-araudiari buruz Zuzendaritza Kontseiluak proposatutako aldaketak ezagutzea eta horiei buruzko iritzia ematea.

e) Antolaketa- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

8. artikulua.– Zuzendaritza Kontseilua

1. Zuzendaritza Kontseiluko kideak hauek dira:

a) Kontseiluko lehendakaria. Institutua atxikita dagoen sailaren ordezkari batek beteko du kargu hori eta, gutxienez, sailburuorde-maila izango du.

b) Kanpoko ekintza, hizkuntza-politika eta ogasun eta administrazio publikoaren arloetan eskudunak diren sailak ordezkatzen dituzten hiru kide; gutxienez, zuzendari-maila izango dute.

c) Gobernu Kontseiluak izendatutako bi kide, Patronatuak proposatuta Patronatuaren beraren ordezkari gisa. Kargu hori lau urterako izango da, eta beste behin bakarrik berritu ahal izango da epe hori igarotakoan.

d) Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria. Idazkari gisa arituko da, eta hitza izango du baina botorik ez.

2. Zuzendaritza Kontseilua, gutxienez, urtean bitan bilduko da, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Etxepare Euskal Institutuaren jarduera-plan orokorrak onestea.

b) Laguntzen eta diru-laguntzen programak onestea, baita horiek emateko oinarrizko irizpideak ere.

c) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua onestea.

d) Urteko memoria onestea.

e) Plantillak eta langileen ordainsari-araubidea onestea, aplikatzekoak diren lege-baldintzen arabera.

f) Gobernu Kontseiluari Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiaren aldaketa proposatzea.

g) Hitzarmenak eta protokoloak sinatzeko oinarrizko irizpideak zehaztea.

h) Etxepare Euskal Institutuaren jardueren prezioak finkatzea.

i) Helburuak hobeto betetzeko beharrezkoa denean, merkataritza-sozietateak, fundazioak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak sortzea edo haietan parte hartzea onestea, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik baimenduta.

j) Institutuaren mendeko zentroak sortzea edo kentzea onestea, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik horretarako baimena emanda.

k) Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izendatzeko proposamena ezagutzea eta horri buruzko iritzia ematea.

l) Antolaketa- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua.– Zuzendaria

1. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Gobernu Kontseiluak izendatuko du, institutua atxikita dagoen sailaren titularrak halaxe proposatuta.

2. Zuzendariari dagokio:

a) Institutua eta institutuko langileak zuzentzea.

b) Institutuaren plan estrategikoa eta kudeaketa-planak eta Patronatuaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiak proposatu eta gauzatzea.

c) Etxepare Euskal Institutuaren ohiko ordezkaria izatea.

d) Etxepare Euskal Institutuaren jardueren urteko memoria egitea eta institutuaren aurrekontuaren aurreproiektu-proposamena eta likidazioa Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea.

e) Hitzarmenak eta protokoloak formalizatzea.

f) Institutuaren izenean kontratazioak egitea, bai eta gastuen erabilera baimentzea eta ordainketak agintzea ere, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

g) Etxepare Euskal Institutuak eman beharreko laguntzak eta diru-laguntzak esleitzea.

h) Antolaketa- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

10. artikulua.– Egitura

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiak zehaztuko du haren jarduerak zein ekintza-arlotan antolatuko diren.

11. artikulua.– Araubide ekonomikoa

1. Etxepare Euskal Institutuaren ondasunak eta baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:

a) Institutuaren ondarea osatzen duten ondasunak eta balioak, bai eta ondare horretatik eratorritako produktuak eta errentak ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero esleitzen zaizkion diru-izendapenak eta transferentziak.

c) Zerbitzuak emateagatik izaten dituen diru-sarrerak, bai eta, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, jaso behar dituenak eta beraren jardueren ondorioz sortzen direnak ere.

d) Pertsona publikoek edo pribatuek institutuari ematen dizkioten diru-laguntzak, borondatezko ekarpenak, dohaintzak, jaraunspenak eta legatuak.

e) Lege- edo erregelamendu-xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.

2. Etxepare Euskal Institutuaren kontrol ekonomikoa iraunkorra izango da eta arlo ekonomiko-finantzarioan nahiz kudeaketan egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoaren arabera, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokion kontrola alde batera utzi gabe.

3. Institutuaren kontratu-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion lege-xedapenetara egokituko da, eta ekintza-arlo horretako egitekoak eta eskumenak antolaketa- eta jarduera-araudian zehaztuko dira.

12. artikulua.– Langileen araubidea

1. Etxepare Euskal Institutuko langileak lan-zuzenbidearen araupean arituko dira, eta, hala dagokionean, kontratazioa egiten den herrialdeetan indarrean dagoen araudipean.

2. Langileak merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioen arabera hautatu beharko dira.

3. Etxepare Euskal Institutuaren mendeko irakasleek euskara irakasteko titulazio eta prestakuntza didaktiko egokia izan beharko dute.

13. artikulua.– Institutuaren urteko txostena

Etxepare Euskal Institutuak txosten bat bidaliko dio urtero Eusko Legebiltzarrari bere jardueraren emaitzak, jarduera-plan orokorrak eta horien egikaritzea azaltzeko, bai eta ente publiko horren urteko memoria ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Etxepare Euskal Institutuaren jardueren hasiera

1. Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onetsi eta gero, Jaurlaritzari dagokio institutua abian jartzea eta jardueren hasiera zehaztea.

2. Etxepare Euskal Institutuko organo artezkarietako kideen izendapena nahiz organo horien eraketa jardueren hasiera baino lehen egingo dira.

Jardueren hasiera eta dagokion aurrekontuen legea indarrean jartzea batera gertatzen ez badira, Gobernu Kontseiluak onetsiko ditu institutuaren ustiapen- eta kapital-aurrekontuak, baita institutuaren jarduerak hasten diren ekonomia-ekitaldiari dagozkion finantza arloko behin-behineko egoera-orriak ere, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari, 15 eguneko epean. Horretarako, aurrekontuen arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari baimena ematen zaio aurrekontuok osatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, baina aldaketa horiek ezin dute handitu institutuaren jardueren hasieran indarrean zeuden aurrekontu orokorretako partidetan izendatutako zenbateko globala.

Bigarrena.– Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari edo haren organismo autonomoei atxikitako langileak sartzea

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean edo haren mendeko erakunde batean zerbitzuak ematen dituzten lan-kontratuko langileek, Etxepare Euskal Institutuak —lege honi, institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiari eta ezartzen diren arauei jarraituta— bere gain hartutako eginkizun batzuk betetzen badituzte, ente publiko horretan sartuko dira aplikagarri den lan-legeriarekin bat etorriz.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean edo haren mendeko erakunde batean zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioek, Etxepare Euskal Institutuak —lege honi, institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiari eta ezartzen diren arauei jarraituta— bere gain hartutako eginkizun batzuk betetzen badituzte, honako aukera hauek izango dituzte:

a) Etxepare Euskal Institutuan lan-kontratuko langile gisa sartzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko antzinatasunak dituen ondorio guztiak onartuta, eta administrazio horretan borondatezko eszedentzia-egoeran gelditzea.

b) Etxepare Euskal Institutuan funtzionario-egoerari eustea eta ente publiko horretan desagertuko den lanpostu bat betetzea. Lanpostu hori desagertuko da funtzionarioak behin betiko beste plaza bat lortzen duenean edo lanpostua gordetzera behartzen ez duten arrazoiengatik hutsik gelditzen denean.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eginkizunak esleitzea eta baliabide eta ondasunak atxikitzea

Gobernu Kontseiluak, dekretu bidez, Administrazio Orokorreko sailen eta organismo autonomoen egitura organikoak egokituko ditu, Etxepare Euskal Institutuari lege honetan eta antolaketa- eta jarduera-araudian zehaztutako helburuak betetzeko ezarritako eginkizunak eta behar diren giza baliabideak esleitzeko eta egoki iritzitako ondasun eta baliabide materialak atxikitzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onetsiko du Eusko Jaurlaritzak dekretu baten bidez.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean lege hau.


6.3.10. 11/2007 Legea, urriaren 26koa, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa[68]:
4., 9., 14., 18., 27., 29. eta 34. artikuluak, eta 3. xedapen gehigarria eta azken xedapenetako lehena

4. artikulua.– Lankidetza-printzipioa

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetzan jardungo du toki-administrazioekin eta lurralde historikoetako, estatuko, beste autonomia-erkidegoetako eta euskararen hizkuntza-eremuko liburutegi-instituzioekin, liburutegi-zerbitzuak sustatu eta hobetzeko.

9. artikulua.– Bibliografia-informaziorako irispidea

Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak bibliografia-informaziorako irispidea bermatuko die Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiei, katalogo kolektibo bat sortuz.– Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiek, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera bermatuko dute, ematen diren erregelamenduzko xedapenak beteko dituzte eta informazio-trukea ahalbidetzeko neurri teknikoak hartuko dituzte.– Bereziki, lan teknikoak, katalogoak eta baliabide teknikoak bi hizkuntzatan izatea bermatuko dute.

14. artikulua.– Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien betekizunak

4. Halaber, sareko liburutegiek kontuan izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko egoera soziolinguistikoa, eta zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz emango dituzte, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.– Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien erabiltzaileen eskubideak eta eginbeharrak

1. Erabiltzaileen eskubide orokorrak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera.

27. artikulua.– Definizioa

1. Euskadiko Liburutegia sistemaren buru izango da eta bera arduratuko da Euskadin eta euskararen hizkuntza-eremuan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak —bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak— bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz, euskarria dena dela.– Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan alor honetan diharduten gainerako instituzio publikoekin koordinatuko da, horiek osagarri izango dituelarik.

29. artikulua.– Eginkizunak

1. Euskadiko Liburutegiak eginkizun hauek izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan:

a) Euskadin eta euskararen hizkuntza-eremuan argitaratu edo ekoitzitako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzea.– Helburu hori lortzeko, Euskadiko bibliografia-gordailuaren jasotzaile izango da, eta bide horretatik heltzen ez zaizkion bibliografia-lanak, berriz, berak eskuratuko ditu.

34. artikulua.– Euskadiko Bibliografia Gordailua

1. Lege honen ondorioetarako, Euskadiko Bibliografia Gordailua Euskadiko eta euskararen hizkuntza-eremuko bibliografia-ekoizpen osoaren aleak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatuarenak jaso eta kontserbatzeko eratutakoa da.– Gordailua Euskadiko Liburutegian edo lege hau garatzeko arauetan zehaztutako gordailu-zentroetan eratuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzak liburutegien arteko koordinazio eta informaziorako balioko duten sareak sor daitezen bultzatuko du, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden liburutegiei dagokienez, euskal etxeetakoei dagokienez bereziki, baldin eta liburutegi horiek euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako funts garrantzitsuak badituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Aldatu egiten da Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 66. artikulua.– Honela geldituko da: [69].


6.3.11. 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa[70]:
7.c) eta 60.4 artikuluak

7. artikulua.– Printzipioak

Hauek dira Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistema arautuko duten printzipioak:

[…]

c) Berdintasuna eta ekitatea. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek prestazio eta zerbitzu jakin batzuk bermatu behar dituzte gutxienez, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapak zehazten dituenak, baliabideak Autonomia Erkidegoko lurraldean berdin banatuko direla ziurtatzearren. Halaber, prestazio eta zerbitzu horiez ekitatearen irizpidearen arabera baliatzea bermatuko dute, baldintza sozial edo pertsonalengatik diskriminaziorik eragin gabe, ekintza positiborako edo aukera- eta tratu-berdintasunerako neurriak aplikatzearen kalterik gabe, eta beren jardunean gizon eta emakumeen berdintasunaren eta dibertsitate sexualaren ikuspegiak integratuz, bai eta belaunaldi ezberdinak eta kultura ezberdinak aintzat hartzeko ikuspegia ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, hizkuntza-araudia betetze aldera, pertsonek euskara edo gaztelania erabiltzeko duten askatasuna bermatuko dute.

60. artikulua.– Ekimen pribatuaren parte-hartzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen eskaintzan

4. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen kudeaketan, edo gizarte-zerbitzuen eremuan erantzukizun publikokoak diren beste jarduera batzuen kudeaketan, esku hartzen duten erakunde pribatuei dagokienez, 7. artikuluan aurreikusitako jokaera-printzipioak errespetatu beharko dituzte beren jardunean, arreta berezia eskainiz c) apartatuan araututako berdintasun- eta ekitate-printzipioari. Bereziki, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean ezarritakoa betetze aldera, erakunde pribatu horiek beharrezko diren bitarteko guztiak jarriko dituzte erabiltzaileek euskara edo gaztelania erabili aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izatea bermatzeko.


6.3.12. 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa[71]: 50.5 artikulua

50. artikulua.– Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen identifikazioa

5. Euskararen erabilera sustatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan merkaturatutako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen identifikazioan. Jatorri- eta kalitate-ikurra duten produktuei dagokienez, lege honen 58.5 artikuluan xedatutakoa beteko da.


6.3.13. 6/2010 Legea, abenduaren 23koa, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoa[72]: 4. eta 10. artikuluak

4. artikulua.– Kanpaina instituzionalen betekizunak

1. Publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalak egin ahal izango dira honako helburu hauetako bat dutenean:

h) Euskal Herriko hizkuntzen eta ondare historiko, kultural eta naturalaren zabalkundea egitea.

10. artikulua.– Hizkuntzak

1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean zabalkundea duten edo egiten diren publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaletan, euskara eta gaztelania erabiliko dira.

2. Era berean, beste hizkuntza batzuk ere erabili ahal izango dira, jardueren xedearengatik edo horien zabalkunde-eremuarengatik beharrezkoa izanez gero.


6.3.14. 3/2011 Legea, urriaren 13koa, Lanbide — Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoa[73]: 3.w) artikulua

3. artikulua.– Eginkizunak

w) Herritarrek, Lanbide — Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzuak erabiltzen dituztenean, erkidego honetako hizkuntza ofizialetatik gurago dutena aukeratzea izango dutela segurtatzea.


6.3.15. 4/2012 Legea, otsailaren 23koa, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa[74]: 9.5 artikulua

9. artikulua.– Funtzionamendua

5. Kontseiluko kideek euskaraz nahiz gaztelaniaz hitz egin dezakete bileretan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta bestelako dokumentuetan.


6.3.16. 12/2012 Legea, ekainaren 21ekoa, Kiroleko Dopinaren aurkakoa[75]:
13.8 eta 41.1.a) artikulua

13. artikulua.– Kontrolen bermeak eta legezko ondorioak

8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak informazio-eredu normalizatu bat ezarriko du euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, kontrolak jakinarazteko, dopin-kontroletan laginak hartzeko eta hartutako laginak dagozkion laborategira bidaltzeko.

41. artikulua.– Prebentzio-neurriak[76]

1. Euskal Autonomia Erkidegoan, dopinaren aurkako borroka eraginkorra bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, gaian inplikazioa duten beste organo batzuen laguntzarekin, prebentzio-neurri batzuk hartuko eta sustatuko ditu, besteak beste:

a) Informazioko eta prestakuntzako programak kirol federatuaren, eskola-kirolaren eta unibertsitate-kirolaren eta beste kirol-adierazpen ez-lehiakor batzuen eremuan. Programen eskaintza hizkuntza ofizial bietan izango da, eta euskara lehenetsiko da 18 urtetik beheragokoentzako programetan.


6.3.17. 13/2012 Legea, ekainaren 28koa, Unibasq — Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoa[77]: 4.7 eta 11.3 artikuluak

4. artikulua.– Ebaluazioaren printzipioak

7. Agentziak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, aurkezten diren eskaerak behar bezala ebaluatuko direla bermatzeko, eskaeren hizkuntza ofiziala edozein izanik ere.

11. artikulua.– Agentziako langileak

3. Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko du kanpoko harremanetan. Agentziarekiko harremanak, idatziz zein ahoz, euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea bermatuko zaie pertsona fisiko zein juridikoei.


6.3.18. 16/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoa[78]: IV. kapituluko 10.2 artikulua

IV. KAPITULUA
Ekintzailetza jarduerari laguntzea

10. artikulua.– Leihatila bakarra

2. Leihatila bakarrera irispidea izateko, euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatu beharko da, bai eta, posible balitz, Europar Batasuneko beste zenbait hizkuntzarena ere.


6.3.19. 1/2013 Legea, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa[79]:
5., 10.1, 11.6, 12.2.g), 14.3, 16.1 eta 17.1.a) eta c) artikuluak

5. artikulua.– Plan eta programen ezaugarriak

Bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren plan eta programek bermatuko dute jardueren eskaintza, ahal den neurrian, bi hizkuntza ofizialetan izatea, prestakuntza-eskaintza behar bezala emateko herritarrek aukeratutako hizkuntzan. Gainera, jarduera horiek ezaugarriok izango dituzte:

10. artikulua.– Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eragileak

1. Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eragileak hauek dira: garatzen diren plan eta programen esparruan diharduten erakundeak, direla publikoak edo pribatuak. HABE, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko Eusko Jaurlaritzaren organismo autonomoa dena, izango da organo eskuduna bete beharreko baldintzak ezarriko dituena euskarako ezagutzak eskuratzeko eremuan garatu beharreko jarduerei dagokienez, kaltetu gabe horregatik gaia dela-eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei esleitzen zaizkien eskumenak.

11. artikulua.– Eremuak

6. Euskadiko hizkuntza ofizialetan eta beste batzuetan gaitasunak eskuratzea.

12. artikulua.– Programak

2. Finantzaketa publikoa eskuratzeko, honako programa hauek daukate lehentasuna:

g) EAEko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitasuna izatea sustatzeko programak; bereziki, helduentzako alfabetatze- eta euskalduntze-programak.

14. artikulua.– Prestakuntzako programak eta ekintzak lantzeko baldintzak

3. Erkidegoko hizkuntza ofizialen gaitzea bultzatzeko programak hartarako baimendutako eta homologatutako instituzio, zentro edo organismoek emango dituzte.

16. artikulua.– Urrutiko ikaskuntza

1. Eusko Jaurlaritzak, batez ere informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, urrutiko hezkuntzako eskaintza zabala, eguneratua eta kalitatezkoa bultzatuko du, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

17. artikulua.– Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua sortzea

1.[80] Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua (UHEI) sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan unibertsitateaz kanpoko urrutiko hezkuntzaz arduratuko den zentro publiko bakarra izateko, lanbide-heziketaz izan ezik.

UHEIk arlo hauetan egingo du irakaskuntza-lana:

a) Oinarrizko hezkuntzan eta batxilergoan, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak ezartzen dituen baldintzen arabera.

b) Erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitzeko ikasketetan, euskarari dagokionez gaian eskuduna den HABE organismoak ezarritako baldintzetan.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko graduatu-tituluak lortzeko probetarako pertsona nagusiak prestatzeko ikastaroetan.

d) Helduak prestakuntza-zikloetara edo unibertsitatera iristeko prestaketa-ikastaroetan.

e) Aurreko 12. artikuluan jasotako prestakuntza-programetatik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz UHEI bidez emateko modukoak direnetan.


6.3.20. 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituena[81]: 8.4 artikulua

8. artikulua.– Herritarrekiko harremanetarako printzipioak

4. Herritarren hizkuntza-eskubideak baliatzea bermatuko dute, euskararen normalizazioa bultzatzea bereziki aintzat hartuta eta haren erabilera sustatuta.


6.3.21. 5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa[82]:
7. artikulua

7. artikulua.– Hizkuntza koofizialak eta Euskal Zuzenbide Zibila

1. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetan formalizatu ahal izango dira lege honek araututako egintzak eta kontratuak.

2. Egilesleek egilespen-tokiko hizkuntza ofizialetatik zein hitzartu eta hizkuntza horretan idatziko dira agiri publikoak; eta hizkuntza ofizialak bat baino gehiago izanez gero, aldeek aukeratutakoa erabiliko da. Aldeen artean desadostasuna gertatuz gero, agerkai publikoa bertako hizkuntza ofizial guztietan idatzi beharko da. Tokian tokiko hizkuntza ofizialetatik eskatzaileak zein aukeratu eta hizkuntza horretan luzatuko dira kopiak.


6.3.22. 1/2016 Legea, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa[83]:
39.6 artikulua eta lehenengo xedapen gehigarria

39. artikulua.– Tabako produktuak tabako-makina bidez saldu eta banatzeko mugak

6. Osasun-ohartarazpena: makinen aurrealdean, argi eta ikusteko moduan, ohar bat agertuko da, euskaraz eta gaztelaniaz, tabakoaren erabilerak osasunean eragiten dituen kalteez ohartarazteko, adingabeei dagokienez bereziki.

Lehenengo xedapen gehigarria.– Hizkuntza ofizialak erabiltzea

1. Lege honek xedatutakoa betetzean, euskal administrazio publikoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte, herritarrek Administrazioarekin harremanetan jartzerakoan haiek nahi duten hizkuntza erabili ahal izateko, bai idatziz bai ahoz, horrela bermatuko baita arreta hizkuntza horretan jasotzea.

2. Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eta Adikzioen Euskal Batzordeko kideek euskara eta gaztelania erabili ahalko dituzte beren eginkizunak betetzean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da bilera-deietan, gai-zerrendetan eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztietan.

3. Lege honek xedatutakoa betetzeko erabiltzen diren kartel, dokumentu eta errotulazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.


6.3.23. 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa[84]:
6., 7., 17.26, 25-9, 43-1.h) eta 50.9 artikuluak

I. TITULUA
Legearen xedea eta printzipioak

6. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala

1. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala, eta, alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango da. Edonola ere, bermatu beharko da herritarrek benetan egikaritu ahal izatea toki-erakundeekin harremanak izateko orduan hizkuntza ofiziala hautatzeko duten eskubidea eta, hortaz toki-erakundeek hizkuntza horretan artatzeko duten betebeharra, hartarako behar diren neurriak harturik.

Euskarari eta gaztelaniari aitortutako ofizialtasunaren arabera, bai euskara toki-erakundeen ekintzetan erabiltzea, bai gaztelania ekintza horietan erabiltzea, balio juridiko osokoak izango dira, betiere eragotzi gabe toki-erakundeek bermatu beharra daukatela, partikularrekiko harremanetan, horiek hautatu duten hizkuntza ofiziala erabiltzea.

2. Toki-erakundeetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira. Ahalmen hori baliatu ahal izango da –aipatu berri diren kasuetan–, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen edozein kideren eskubideak urratzen ez badira, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aurreikusitakoa ezertan galarazi gabe. Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak edo laburpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta Estatukoari, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriari jarraituz.

3. Toki-erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, –erakunde barruko, beste edozein administrazio publikorekiko edo, are, partikularrekiko harremanetan– bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera gorabehera, behar diren mekanismoak sortu beharko dituzte, herritarrek karga edo betebeharrak eragingo dizkien inolako formaltasun eta baldintzarik gabe baliatu ahal izan dezaten komunikazioak beste hizkuntzan jasotzeko daukaten eskubidea.

7. artikulua.– Toki-erakundeen eta udalen eskumenak euskararen erabilerari dagokionez

1. Udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, izendatuta dauzkaten arloetako zerbitzu eta jardueretan euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko eskumena. Eskumen hori egikaritu ahal izateko, udal bakoitzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu eta euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatuko ditu, kontuan izanik instituzio komunetatik eta indarrean dagoen legeriatik euskararen erabilerari dagokionez eratorritako plangintza- eta erregulazio-irizpideak.

2. Era berean, udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, hartatik eratortzen diren ahalmen eta eginkizunekin, beren lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko eskumena, horretarako zerbitzuak eta jarduerak zuzenean antolatuz, edo beste pertsona edo erakunde batzuek euskara sustatu eta dinamizatze aldera burutzen dituzten jardueren finantzaketan lagunduz.

3. Udalerriei dagokie, halaber, beren lurralde- eta eskumen-eremuko izen ofizialak finkatzea eta, oro har, toponimoen eta leku geografikoen gaineko prozedura arautu eta haiek onestea, horrek ezertan galarazi gabe Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikuluan eta aplikatu beharrekoa den gainerako legerian ezarritakoa. Izen horien idazkeraz den bezainbatean, dagokion hizkuntzaren arau akademikoak errespetatuko dira, eta, euskararen kasuan, Euskaltzaindiak ezarrita indarrean dauden hizkuntza-arauak.

4. Udalerriek euskararen erabileraren eremuan aitortuak dituzten eskumenak baliatu ahal izango dituzte ordenantzak, erregelamenduak eta jarduera-planak onetsiz.

5. Toki-erakundeek euskararen arloan aitortuak dituzten eskumenak baliatzeko, hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte; mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak sortu edo halakoetan esku hartu ahal izango dute, eta elkarlanerako beste modu batzuetara jo ahal izango dute, erakunde publiko eta pribatuekin.

6. Toki-erakundeek beraien arteko harremanetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekiko harremanetan euskara gero eta gehiago erabil dadin sustatuko dute; horretarako, adostasuna bilatuko dute, eta, edonola ere, hizkuntza ofizial bat nahiz bestea erabili ahal izango dute, beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe.

7. Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaien neurriak proposatuko dira.

8. Herritarren hizkuntza-eskubideei eta euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeari dagokienez trabarik gertatu ez dadin indarreko legeriak onartzen dituen zehar-kudeaketa moduetako baten bitartez zerbitzua emateagatik, toki-erakundeek egiten dituzten kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dira, hirugarren batzuek egikaritzen dituzten zerbitzu publikoetan helburu hauek bermatze aldera:

a) Kontratuaren xedeak bete dezala haren izaeragatik eta zerbitzuaren titularra den toki-erakundearen ezaugarriengatik aplikagarria zaion hizkuntza-legeria.

b) Herritarrak artatuak izan daitezela beraiek hautatzen duten hizkuntza ofizialean.

c) Zerbitzua eman dadila, hizkuntza-baldintzei dagokienez, zerbitzuaren administrazio titularrari eskatu ahal zaizkion baldintza beretan.

III. TITULUA
Udal-eskumenak

17. artikulua.– Udalerrien eskumen propioak

[…]

26) Euskararen erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onetsi eta kudeatzea, lege honen 7. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

IV. TITULUA
Udalerriaren antolaketa eta funtzionamendua. Udal-ordezkarien estatutua. Zuzendaritza-kide publiko profesionalak

I. KAPITULUA
Udalerriaren antolaketa eta funtzionamendua

25. artikulua.– Printzipio orokorrak

9. Lege honen 6.2 artikuluan jasotako aurreikuspenez gain, toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetze aldera, hautetsiek hizkuntza ofizialetan behar besteko gaitasuna (mintzatuaren eta idatziaren ulermena) izatea sustatuko da. Lege honen 17.26 artikuluan xedatutakoa aintzat hartuta, sustapen hori, autoantolaketa-printzipioari jarraiki, toki-erakunde bakoitzak ezartzen dituen neurriekin gauzatuko da.

Hartarako, euskararen ezagutza hobetzeko eta optimizatzeko ekimenak garatuko dira eta toki-erakundeek euskaraz funtzionatzea lortzen joateko neurriak hartuko dira, bereziki euskararen arnasgune diren lurraldeetan.

V. TITULUA
Udalerriko auzotarren eginbeharrak eta eskubideak. Zerbitzu-kartak

I. KAPITULUA
Udalerriko auzotarren eskubideak, eginbeharrak eta erantzukizunak

43. artikulua.– Udalerriko auzotarren eskubideak

1. Auzotarren eskubideak dira honako hauek:

h) Toki Administrazioarekiko harremanetan, hizkuntza ofizial bietatik edozein erabiltzeko eta aukeratutako horretan artatua izateko eskubidea, herritarren hizkuntza-eskubideak arautzen dituen autonomia-erkidegoko legeriaren arabera.

VI. TITULUA
Gobernu irekia. Gardentasuna, datu irekiak eta herritarren parte hartzea

II. KAPITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek publizitate aktiboaren arloan dituzten betebeharrak

50. artikulua.– Publizitate aktiboa. Printzipio orokorrak

9. Halaber, euskararen erabileraren normalizazioari buruzko legeria betetzea bermatuko da, eta bereziki toki-erakundeen publizitate aktiboan euskararen erabilera sustatzean arreta jartzea.


6.3.24. 13/2016 Legea, uztailaren 28koa, Turismoarena[85]:
4.j) eta 26.3 artikuluak

4. artikulua.– Turismo-politika

j) Turismo-kudeaketa jasangarriko eredu bat lortzea Euskadirako; horretarako, batik bat zaintzea eta kontserbatzea baliabide turistikoak, baita zaintzea ere ingurumena eta paisaia, gure kultura eta euskara.

26. artikulua.– Zerbitzu turistikoen prezioak

3. Kontzeptuen arabera banakatu beharko dira prezio-tarifak eta benetan emandako edo kontratatutako zerbitzu turistikoen fakturak, eta gutxienez gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egon beharko dute; horrez gain, zerga-araudian ezarritako fakturazio-betekizunak bete beharko dira, bereziki fakturak ematen dituen enpresa edo pertsona identifikatzen duten datuei buruzkoak.


6.3.25. 1/2018 Legea, ekainaren 7koa, Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzekoa[86]: xedapen gehigarria

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lege honetan xedatutakoa betetzean, administrazio publikoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte herritarrek administrazio publiko horiekin dituzten harremanak haiek nahi duten hizkuntza ofizialean izan daitezen, ahoz zein idatziz, horrela bermatuko baita arreta hizkuntza horretan berean jasotzeko herritarrek duten eskubidea.


6.3.26. 4/2018 Legea, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzkoa[87]: zioen azalpena, VI. kapituluko 24.5 artikulua eta VII. kapitulua

ZIOEN AZALPENA

[…]

Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketan, hizkuntzen auziak erronka bikoitz bat dakar. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialek lanbide-heziketan izango duten presentzia lanbide-heziketako sistemara egokitu beharra dago, eta konpondu egin behar dira urte hauetan guztietan nabarmendu diren arazoak. Euskarak lanbide-heziketako sisteman duen presentzia normalizatua dela bermatu behar da; hartara, hizkuntzaren arloko xedapen orokorrak aplikatuko dira, eta bermatu egingo da bi hizkuntza ofizialak behar bezala menderatzen dituztela prestakuntza-jarduerak egiten dituztenek (bereziki, hasierako lanbide-heziketan). Era berean, hizkuntza-eredu bat edo bestea ezarriko da lanbide-heziketaren eta enpresa-munduaren berezitasunak eta eskakizunak kontuan hartuta. Ildo horretatik, lege honek euskara eta gaztelaniaren eredu elebidunaren alde egiten du.

Bigarrenik, lanbide-heziketak aurre egin behar dio atzerriko hizkuntzen ezagutza lan-mundura zabaltzeko erronkari. Ildo horretatik, ezinbestekoa da ingelesaren ezagutza oro har zabaltzea; baina zenbait eremutan edo zenbait kasutan, ezinbestekoa da beste hizkuntza batzuk ere ikastea (bereziki, etengabeko lanbide-heziketaren eremuan).

[…]

SEIGARREN KAPITULUA
Lanbide-heziketako euskal sistema nazioartekotzea

24. artikulua.– Lanbide-heziketako euskal sistema nazioartekotzea

5. Horretarako, lanbide-heziketako jardueretan beste hizkuntza batzuen ikaskuntza sartzea bultzatuko da, bai hasierako lanbide-heziketan bai, hala badagokio, enplegurako heziketan.

ZAZPIGARREN KAPITULUA
Hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntzak Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketan

27. artikulua.– Prestakuntza-prozesuetako hizkuntza ofizialak

1. Egokiro bete dadin hezkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea bai, halaber, lanbide- eta lan-jarduerak euskaraz egiteko eskubidea ere —biak ala biak berariaz aintzatetsiak indarrean dagoen legerian—, bai euskara eta bai gaztelania ezinbestean jasoko dira lanbide-heziketa guztiko prestakuntza-programetan, ikasleek trebezia nahikoa garatu dezaten ahozko zein idatzizko ulermenean eta adierazpenean, betiere, arreta berezia jarrita dagokion arlo profesionalean. Halaber, bai Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, bai Lanbide — Euskal Enplegu Zerbitzuak lanbide-heziketako ikastetxeetan euskara erabiltzea sustatuko dute, hots, euskara ohiko komunikazio-hizkuntza izatea, barneko zein kanpoko jardunean eta administrazio-jarduera eta -dokumentuetan.

2. Lanbide-heziketako prestakuntza-programek bermatu egingo dute jarraipen egokia ematen zaiola bigarren hezkuntzan finkatutako hizkuntza-trataerari; hala, behar diren neurriak hartuko dira lanbide-heziketara igarotzean etenik gerta ez dadin aurreko etapetan egindako hizkuntza-aukerekiko. Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak bultzatuko du euskarazko hezkuntza-eskaintza lanbide-heziketan zabaltzea; hala, batetik, D eredua zabaltzea bultzatuko du, eta, bestetik, euskarazko ikaskuntza eta profesionalizazioa indartuko duen B eredua (elebiduna) ezarriko du arian-arian, plangintza bati jarraituta. Era berean, A ereduan ere euskarazko ikasgaiak txertatzea bultzatuko du.

3. Hizkuntza-plangintza orokorrarekin koordinatuta egingo da lanbide-heziketako hizkuntza-plangintza, eta, haren barruan, euskarazko lanbide-heziketa bermatuko da, kontuan hartuta, lehentasunez, honako hauek: zer-nolako eskaera eta errealitate linguistikoa dagoen dena delako ikastetxearen inguruko hezkuntza-etapa bakoitzean, zein den eremu horretako egoera linguistikoa eta, zehazki, zein diren ikastetxe horretan eskaintzen den lanbide-heziketaren berezitasunak eta helburuak.

4. Lanbide-heziketaren hizkuntza-plangintzaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak behar diren neurriak hartuko ditu eskaintzen diren titulazio guztiak euskaraz irakasteko behar den eskola-materiala era dadin; era berean, behar diren neurriak hartuko ditu irakasleek, arian-arian, euskarazko irakaskuntza-eskariari erantzuteko euskara-gaitasun egokia eta nahikoa izan dezaten.

5. Aurreko paragrafoan zehaztutako plangintzaren barruan, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-ereduaren egitura zehaztuko du, plangintza orokorrera egokituta, eta kontuan hartuko du zer hizkuntza-proiektu duen, zer ingurutan dagoen kokatuta eta zer-nolako inguruabarrak dituen prestakuntza-prozesuaren xede den arlo profesional bakoitzak; era berean, aintzakotzat hartuko du hizkuntza biak komunikazio-hizkuntzatzat erabiltzea bide aproposa dela kasu bakoitzean egokiro bateratzeko elebitasunaren helburua eta kasuan kasuko prestakuntza-edukiak irakasteko helburua.

6. Bai praktika-programetan bai lanbide-heziketa dualeko programetan, enpresetan edo antzeko zentroetan egiten diren praktikei eta prestakuntzari dagokienez (bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan), enpresaren hizkuntza-errealitatea hartuko da bereziki kontuan, programa horiek egokiro bateratu ahal izateko ikasleen hizkuntza-ereduarekin eta -eskariarekin.

7. Enplegurako heziketako jardueren eta programen barruan, euskara ikasteko programak emango dira, HABErekin egindako akordioen bitartez, ikasleek ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatu ditzaten dena delako arlo profesionalean, eta, hartara, lanbide-zereginak hobeto bete daitezen edo lanbide-aukerak hobetu daitezen.

8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu lanbide-heziketako irakasleen euskara-gaitasuna hobetzeko.

28. artikulua.– Prestakuntza-prozesuetako eleaniztasuna

1. Bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako heziketan atzerriko hizkuntzak sartzea lehentasunezko helburua da Euskadiko lanbide-heziketako sistema bateratua garatzeko.

2. Atzerriko hizkuntzen ikaskuntza sartzearen helburua da profesionalak gaitzea, prestakuntza-prozesua amaitutakoan, komunikazio-prozesuak, ahozkoak eta idatzizkoak, normaltasunez garatzeko haien lanbide-eremuan.

3. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eredu hirueledun baten bidez zehaztuko da lanbide-heziketako eleaniztasuna. Eredu horren barruan, bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean (lehentasunez, ingelesa) emango dira lanbide-heziketako heziketa-zikloak, eta horren helburua izango da oinarrizkoa eta nahikoa izango den komunikazio-gaitasuna lortzea, ahoz zein idatziz, dagokion lanbide-arloan. Ikastetxe bakoitzean zehaztuko dira hizkuntza-eredu horren egitura eta hiru hizkuntzen ordu-banaketa, kontuan izanik hizkuntza-proiektua, ingurua eta prestakuntza-prozesuaren xede den lanbide-arlo bakoitzaren ezaugarriak.

4. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak erregelamenduz ezarriko du zein irizpideri jarraitu behar dioten ingelesak edo atzerriko beste hizkuntza batzuek komunikazio-hizkuntza gisa sartzeko lanbide-heziketako zenbait gaitan, betiere, kontuan izanik eskaintzaren plangintza eta ikastetxeek beren hizkuntza-proiektuan erakusten duten eskaria. Irakasleen hizkuntza-gaitasuna ere ezarriko du, zeinak modulua atzerriko hizkuntza batean emateko egokia eta nahikoa izan beharko baitu.

5. Enplegurako heziketan ingelesa ikasteko programak sustatuko dira, hizkuntza horretan ahoz zein idatziz komunikatzeko gaitasuna hobetzeko dena delako arlo profesionalean.

6. Atzerriko beste hizkuntza batzuk ikasteko programak sustatuko dira, hala badagokio, enplegurako heziketako jardueretan, dena delako arlo profesionalean edo enpresarialean komenigarritzat jotzen bada ingelesaz bestelako atzerriko hizkuntza bat ezagutzea lanbide arlo horretako zereginak hobeto betetzeko edo lan-aukerak hobetzeko.

7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu lanbide-heziketako eredu konbinatuan espezializatutako ikastetxeetako irakasleek ingelesean eta, hala badagokio, atzerriko beste hizkuntza batzuetan duten gaitasuna hobetzeko.


Testuaren kontzeptuak eta esaldiak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper