Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

II. ZATIA 2. artikuluko 1. paragrafoarekin bat lortu nahi diren helburuak eta printzipioak


II. ZATIA
2. artikuluko 1. paragrafoarekin bat lortu nahi diren helburuak eta printzipioak

7. artikulua.– Helburuak eta printzipioak

1. Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei dagokienez, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, ondoko helburuak eta printzipioak izango dira aldeen politika, legeria eta jardunaren oinarri:

a) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak aitortzea, kultura-aberastasunaren erakusle dira eta;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako bakoitzak hartzen duen geografia-eremua errespetatzea; hala, beraz, administrazio-zatiketak, lehendik hor zeudenak nahiz berriak, ez dira oztopo izango eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza hori sustatzeko;

c) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak sustatzeko ekintza seguru baten beharra, hizkuntzok babestearren;

d) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bizitza publikoan eta pribatuan ahoz eta idatziz erabiltzea erraztu edota sustatzea;

e) Gutun honek hartzen dituen eremuetan, harremanak sortu eta garatzea eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza erabiltzen duten taldeen eta estatu berean hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten beste talde batzuen artean, bai eta kultura-harremanak sortzea beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten estatuko beste talde batzuekin ere;

f) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak irakasteko eta ikasteko modu eta bitarteko egokiak jartzea maila egoki guztien esku;

g) bitartekoak jartzea eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza hitz egiten den eremu batean bizi baina hizkuntza hori hitz egiten ez dutenen esku, nahi izanez gero hizkuntza hori ikas dezaten;

h) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei buruzko azterketak eta ikerketak sustatzea unibertsitateetan edo zentro baliokideetan;

i) Gutun honek biltzen dituen arloetan, nazioz gaindiko elkar-trukerako era egokiak sustatzea, estatu bitan edo gehiagotan modu berean edo antzekoan erabiltzen diren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzentzat.

2. Aldeek konpromisoa hartu dute ezabatzeko, oraindik egin ez badute, eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza bat erabiltzeko egon daitezkeen bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasun justifikatu gabe oro, alegia, hizkuntza hori ahultzea edo hori mantendu edo garatzea arriskuan jartzea helburutzat izan dezaketenak.

Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat, neurrion helburua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzok erabiltzen dituztenen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea bada.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute, neurri egokiak erabilita, herrialde guztiko hizkuntza-taldeen arteko elkar-ulertzea sustatzeko. Horretarako, batez ere, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen errespetua eta horienganako ulermena eta tolerantzia jasoko dute herrialdean eskaintzen den hezkuntzan eta prestakuntzaren helburuen artean, eta helburu bera lortzera animatuko dituzte masa-komunikabideak.

4. Aldeek konpromisoa hartu dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei buruzko politikak definitzerakoan kontuan hartzeko hizkuntza horiek erabiltzen dituzten taldeek adierazitako beharrizanak eta gurariak.

Aldeei eskatu zaie, beharrezkoa denean, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzekin zerikusia duten gaiei buruz agintariak aholkatzeko organoak sortzeko.

5. Aldeek konpromisoa hartu dute 1etik 4rako paragrafoetan zerrendatutako printzipioak mutatis mutandis aplikatzeko lurralderik gabeko hizkuntzei.

Alabaina, hizkuntza horien kasuan, gutun hau burutzeko hartu beharreko neurrien izaera eta irismena modu malguan ezarriko dira, hizkuntzok erabiltzen dituzten taldeen beharrizanak eta gurariak kontuan hartuta, eta horien ohiturak eta ezaugarriak errespetatuz.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper