Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

V. ZATIA Azken xedapenak


V. ZATIA
Azken xedapenak

18. artikulua

Gutun hau Europako Kontseiluko kide diren estatuek sina dezakete. Berronetsi, onartu edo onetsi egin beharko da. Berronetsi, onartu edo onesteko agiriak Europako Kontseiluko idazkari nagusiari utzi beharko zaizkio gordailuan.

19. artikulua

1. Gutun hau Europako Kontseiluko bost kidek, 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, Gutunarekin konprometituta daudela onartzen duten egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean.

2. Gutunarekin konpromisoa hartzeko prest daudela geroago adierazten duten estatuen kasuan, berronetsi, onartu edo onesteko agiria gordailuan utzi den egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean gutun hau.

20. artikulua

1. Gutun hau indarrean jarri ondoren, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak bere esku izango du Europako Kontseiluko kide ez den edozein estaturi Gutunari atxikitzeko gonbita egitea.

2. Gutunarekin bat egin duen edozein estaturen kasuan, atxikitze-agiria Europako Kontseiluko idazkari nagusiari gordailuan utzi zaion egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean gutun hau.

21. artikulua

1. Estatu guztiek, Gutuna sinatzerakoan edo Gutuna berronetsi, onartu, onetsi edo horri atxikitzeko agiria gordailuan uzterakoan, erreserba bat edo gehiago aurkez diezaiekete gutun honen 7. artikuluko 2tik 5erako paragrafoei. Ez da beste erreserbarik onartuko.

2. Aurreko paragrafoaren arabera erreserbaren bat aurkeztu duen edozein estatu sinatzailek erreserba hori osorik edo zati batean ken dezake; horretarako, jakinarazpen bat bidali behar dio Europako Kontseiluko idazkari nagusiari. Erreserba kentzeak idazkari nagusiak jakinarazpena jaso duen egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

22. artikulua

1. Alde guztiek, edozein unetan, gutun hau sala dezakete; horretarako, jakinarazpen bat bidali behar diote Europako Kontseiluko idazkari nagusiari.

2. Salaketak idazkari nagusiak jakinarazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita sei hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

23. artikulua

Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluko kide diren estatuei eta Gutunari atxikitako estatu guztiei jakinaraziko dizkie:

a) sinadura guztiak;

b) Gutuna berronetsi, onartu, onetsi edo horri atxikitzeko agiri oro, gordailuan utzi direnak;

c) Gutun hau, 19. eta 20. artikuluei jarraiki, indarrean jartzen den data oro;

d) 3. artikuluko 2. paragrafoko xedapenak betez jasotako jakinarazpen oro;

e) Gutun honekin zerikusia duen egintza, jakinarazpen edo komunikazio oro.

Horri guztiari jarraiki, behean sinatuko dutenek, horretarako behar bezala ahalmenduta, gutun hau sinatu dute.

Estrasburgon egina 1992ko azaroaren 5ean, frantsesez eta ingelesez, testu biak balio berekoak izanik, Europako Kontseiluko artxiboan jasoko den ale bakarrean. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Gutunaren kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Europako Kontseiluko kide diren estatu guztiei eta gutun honi atxikitzeko gonbita egin zaien estatu guztiei.


  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper