Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

IV. ZATIA Gutunaren aplikazioa


IV. ZATIA
Gutunaren aplikazioa

15. artikulua.– Aldizkako txostenak

1. Jarraitutako politikari buruzko txostena aurkeztuko diote aldeek, aldian-aldian, Europako Kontseiluko idazkari nagusiari, Ministroen Batzordeak ezarriko duen eran, eta gutun honen II. zatiarekin bat. Aldeek III. zatiko xedapenetatik bere egin dituztenak aplikatzeko hartu dituzten neurriei buruzkoa izango da txosten hori. Alde bakoitzak Gutuna berarentzat indarrean jarri ondoko lehenengo urtean aurkeztu behar du, beste txostenak, berriz, lehenengoa aurkeztu ondoren, hiru urtean behin aurkeztu behar dira.

2. Aldeek jendaurrean jarriko dituzte beren txostenak.

16. artikulua.– Txostenen azterketa

1. 15. artikuluan xedatutakoa betez Europako Kontseiluko idazkari nagusiari aurkeztuko zaizkion txostenak 17. artikuluan xedatutakoari jarraiki osatutako adituen batzordeak aztertuko ditu.

2. Gutuna sinatu duten aldeetako baten lurraldean legez eratutako organismoek eta elkarteek alde horrek hartutako konpromisoen inguruko gaiez ohartarazi ahal izango diote adituen batzordeari, gutun honen III. zatiari jarraiki. Alde interesdunari galdetu ondoren, adituen batzordeak aintzat har ditzake informazio horiek artikulu honen 3. paragrafoan aipatzen den txostena prestatzerakoan. Organismo eta elkarte horiek, bestalde, alde batek egindako politikari buruzko adierazpenak egin ahal izango dituzte, II. zatiarekin bat.

3. 1. paragrafoan aipatutako txostenak eta 2. paragrafoan aipatutako informazioak oinarri hartuta, Ministroen Batzordearentzako txosten bat prestatuko du adituen batzordeak. Txosten horri aldeei eskatuko zaizkien oharrak gehituko zaizkio; horiek guztiak jendaurrean jarri ahal izango ditu Ministroen Batzordeak.

4. 3. paragrafoan aipatutako txostenak adituen batzordeak Ministroen Batzordeari egindako proposamenak jasoko ditu, bereziki, Kontseiluak, beharrezkoa bada, alde bati edo batzuei egingo dizkien gomendioak prestatzearren.

5. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak bi urteko txosten xehatua, Gutunaren aplikazioari buruzkoa, egingo dio Batzar Parlamentarioari.

17. artikulua.– Adituen batzordea

1. Adituen batzordearen osaeran alde bakoitzeko kide bat egongo da. Kide hori Ministroen Batzordeak aukeratuko du alde bakoitzak proposatutako zerrendako pertsonen artetik; zerrenda horretan egongo direnak zuzentasun osoko pertsonak izango dira eta Gutunak jorratzen dituen arloetan aintzatetsitako gaitasuna dutenak.

2. Adituen batzordeko kideak sei urterako aukeratuko dira eta horien agintaldia berritu ahal izango da. Kide batek ezin badu bere agintaldia bete, 1. paragrafoan aurreikusitako prozedurari jarraiki ordeztuko da, eta hori ordezteko izendatutako kideak lehengoaren agintaldia bukatuko du.

3. Adituen batzordeak onetsiko du bere barne-araudia. Batzorde horren idazkaritza Europako Kontseiluko idazkari nagusiak bermatuko du.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper