Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

III. ZATIA Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bizitza publikoan erabiltzearen aldeko neurriak, 2. artikuluko 2. paragrafoa betez hartutako konpromisoekin hartu beharrekoak


III. ZATIA
Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bizitza publikoan erabiltzearen aldeko neurriak, 2. artikuluko 2. paragrafoa betez hartutako konpromisoekin hartu beharrekoak

8. artikulua.– Irakaskuntza

1. Irakaskuntzaren arloan, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta estatuko hizkuntza ofizialen irakaskuntzari kalterik egin gabe, ondoko konpromisoak hartu dituzte aldeek:

a) i) eskolaurreko hezkuntza kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) eskolaurreko hezkuntzaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) aurreko bi puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten familietako ikasleei, horien kopurua nahikotzat jotzen bada; edo

iv) botere publikoek ez badute zuzeneko eskumenik eskolaurreko hezkuntzan, lehenengo bi puntuetan jasotako neurriak aplikatzea erraztu edota sustatzea;

b) i) lehen mailako irakaskuntza kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) lehen mailako irakaskuntzaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) lehen mailako irakaskuntzaren barruan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten familietako ikasleei, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

c) i) bigarren mailako irakaskuntza kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) bigarren mailako irakaskuntzaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) bigarren mailako irakaskuntzaren barruan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten ikasleei —edo, horrela ez bada, horien familiek nahi badute—, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

d) i) irakaskuntza tekniko eta profesionala kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) irakaskuntza tekniko eta profesionalaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) irakaskuntza tekniko eta profesionalaren barruan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten ikasleei —edo, horrela ez bada, horien familiek nahi badute—, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

e) i) unibertsitate mailako irakaskuntza eta goi-mailako bestelako irakaskuntza-motak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ezartzea; edo

ii) hizkuntzok unibertsitateko eta goi-mailako irakaskuntzaren ikasgai gisa ikastea ezartzea; edo

iii) Estatuak goi-mailako irakaskuntzako zentroekiko duen zeregina dela eta, i) eta ii) apartatuak ezin izango balira aplikatu, ondokoak ezartzea suspertu edota baimentzea: eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan unibertsitate mailako edo goi-mailako bestelako irakaskuntza-motak, edo hizkuntzok unibertsitatean edo goi-mailako irakaskuntzako beste zentro batzuetan ikasi ahal izateko bitartekoak;

f) i) beharrezkoak diren xedapenak ematea, helduen hezkuntzako edo hezkuntza iraunkorreko ikastaroak hein handi batean edo osorik eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan eskaintzea bermatu dadin; edo

ii) hizkuntza horiek proposatzea helduen hezkuntzako edo hezkuntza iraunkorreko ikasgai gisa; edo

iii) botere publikoek ez badute zuzeneko eskumenik helduen hezkuntzan, hizkuntza horiek irakastea erraztu edota sustatzea helduen hezkuntzaren edo hezkuntza iraunkorraren barruan;

g) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzek adierazten duten historia eta kultura irakasten direla bermatzeko xedapenak ematea;

h) irakasleen beharrezko hasierako eta etengabeko prestakuntza bermatzea, Gutuna sinatzen duen alde bakoitzak a)-tik g)-rako paragrafoetatik onartutakoak aplikatzeko;

i) kontrolerako organo bat edo gehiago sortzea, eta horren ardura izango da eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza ezartzeko edo garatzeko hartu diren neurrien eta egin diren aurrerapenen jarraipena egitea, eta puntu horiei buruz aldian-aldian txostenak egitea; txostenok jendaurrean jarriko dira.

2. Irakaskuntzaren arloan, eta eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak tradizioz erabiltzen diren eskualdeetatik kanpo dauden lurraldeei dagokienez, aldeek konpromisoa hartu dute, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako baten hiztun-kopuruak hori justifikatzen badu, eta irakaskuntzaren maila egokietan, irakaskuntza eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan egitea edo hizkuntza bera irakastea baimendu, sustatu edo ezartzeko.

9. artikulua.– Justizia

1. Jarraian zehaztuko diren neurriak hartzea justifikatzeko besteko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztun-kopurua duten agintari judizialen barrutiei dagokienez, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, eta baldintza batekin, alegia, paragrafo honek eskaintzen dituen aukerez baliatzeak ez dezala epaileak hartu justizia ondo administratzeko oztopotzat.

Hauek dira konpromisoak:

a) prozesu penaletan:

i) jurisdikzio-organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzea; edota

ii) eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan hitz egiteko eskubidea bermatzea akusatuari; edota

iii) errekerimenduak edo frogak, idatzizkoak zein ahozkoak, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean formulatuta egote hutsagatik onartezinak ez izatea ezartzea; edota

iv) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza horietan ematea, hala eskatuz gero, prozedura judizial bati lotutako egintzak, beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita, eta interesdunei inolako gastu gehigarririk eragin gabe.

b) prozesu zibiletan;

i) jurisdikzio-organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzea; edota

ii) Alde bat auzitegi baten aurrean bertaratu behar denean, bere eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan hitz egitea baimentzea alde horri, hori dela-eta gastu osagarriei aurre egin behar izan gabe; edota

iii) dokumentuak eta frogak eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan aurkeztea baimentzea, beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita;

c) administrazio-arloan eskudunak diren jurisdikzioen aurreko prozesuetan:

i) jurisdikzioek, auzibidean parte hartzen duten aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzea; edota

ii) alde bat auzitegi baten aurrean bertaratu behar denean, bere eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan hitz egitea baimentzea alde horri, hori dela-eta gastu osagarriei aurre egin behar izan gabe; edota

iii) dokumentuak eta frogak eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan sortzea baimentzea, beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita;

d) neurriak hartzea, b) eta c) paragrafoetako i) eta iii) apartatuen aplikazioak eta interpreteen eta itzulpenen balizko erabilerak ez diezaieten gastu osagarririk ekarri interesdunei.

2. Aldeek hartu dituzten konpromisoak:

a) Estatu batean ezarritako egintza juridikoen baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean idatzita egote hutsagatik; edo

b) Estatu batean ezarritako egintza juridikoek, aldeen artean, duten baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean idatzita egote hutsagatik, eta egintzok hizkuntza hori hitz egiten ez duten hirugarren interesdunen aurka erabili ahal izango direla ezartzea, baldin eta egintzaren edukia erabiltzen duenak berak jakinarazten badie; edo

c) Estatu batean ezarritako egintza juridikoek, aldeen artean, duten baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean idatzita egote hutsagatik.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan emateko estatuko lege-testurik garrantzitsuenak eta hizkuntza horien erabiltzaileei bereziki dagozkienak, testuok beste modu batean erabilgarri daudenean izan ezik.

10. artikulua.– Administrazioko agintariak eta zerbitzu publikoak

1. Jarraian zehaztuko diren neurriak hartzea justifikatzeko besteko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztun-kopurua duten Estatuaren administrazio-agintarien barrutiei dagokienez, eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, posiblea den neurrian; hain zuzen ere hauek:

a) i) administrazio-agintariek eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituztela zaintzea; edo

ii) jendearekin harremana duten agintari horien agenteek eurongana hizkuntza horietan jotzen duten pertsonekin eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituztela zaintzea; edo

iii) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkez ditzaketela eta erantzuna hizkuntza horietan jaso dezaketela zaintzea; edo

iv) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkez ditzaketela zaintzea; edo

v) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horietan idatzitako agiri bat balio osoz aurkez dezaketela zaintzea;

b) maiz erabiltzen diren formularioak eta administrazio-testuak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan, edo bertsio elebidunetan, jartzea jendearen eskueran;

c) dokumentuak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean idaztea baimentzea administrazio-agintariei.

2. Jarraian zehaztuko diren neurriak justifikatzeko besteko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztun-kopurua duten lurraldeetako toki eta eskualde mailako agintariei dagokienez, ondokoak baimendu edota sustatzeko konpromisoa hartu dute aldeek:

a) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera eskualde- edo toki-mailako administrazioan;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkezteko duten aukera;

c) eskualdeetako agintariek beren testu ofizialak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere argitaratzea;

d) toki-agintariek beren testu ofizialak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere argitaratzea;

e) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako eskualde-agintariek beren batzarretako eztabaidetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzea, baina ez da baztertuko, hala ere, estatuko hizkuntza ofizialak erabiltzea;

f) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako toki-agintariek beren batzarretako eztabaidetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzea, baina ez da baztertuko, hala ere, estatuko hizkuntza ofizialak erabiltzea;

g) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako toponimiako ohiko formak eta zuzenak erabili edo hartzea, beharrezkoa bada hizkuntza ofizialetako izendapenekin batera.

3. Administrazio-agintariek edo horien kontura jarduten duten beste pertsona batzuek bermatzen dituzten zerbitzu publikoei dagokienez, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen diren lurraldeetan, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta hori posiblea den neurrian, konpromiso hauek hartu dituzte Gutuna sinatu duten aldeek:

a) zerbitzua ematerakoan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen direla zaintzea; edo

b) eskaerak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan jasotzea baimentzea hizkuntzotako hiztunei; edo

c) eskaerak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean aurkeztea baimentzea hizkuntzotako hiztunei.

4. Aldeek onartu dituzten 1., 2. eta 3. paragrafoetako xedapenak martxan jartzearren, ondoko neurrietako bat edo batzuk hartzera konprometitu dira:

a) idatzizko edo ahozko itzulpena egitera, eskatuz gero;

b) funtzionarioak eta bestelako agente publikoak kopuru nahikoan errekrutatzera, edo, beharrezkoa bada, horiek prestatzera;

c) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bat ezagutzen duten agente publikoek destinoa hizkuntza hori erabiltzen den lurraldeetan izateko egin ditzaketen eskariak asetzea, ahal den neurrian.

5. Aldeek konpromisoa hartu dute, interesdunek hala eskatuz gero, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako patronimikoak erabili edo hartzea baimentzeko.

11. artikulua.– Komunikabideak

1. Aldeek zenbait konpromiso hartu dituzte eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunei dagozkienez, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, eta agintari publikoek, zuzenean edo zeharka, arlo horretan boterea edo eginkizunen bat duten neurrian, betiere komunikabideen independentzia eta autonomia printzipioak errespetatuz. Konpromisoak hauek dira:

a) irratia eta telebista zerbitzu publikoak diren neurrian:

i) gutxienez irrati-estazio eta telebista-kate bana sortzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan; edo

ii) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez irrati-estazio eta telebista-kate bana sortzea sustatu edota erraztea; edo

iii) beharrezkoak diren xedapenak ematea difusioaren arduradunek eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan egindako emanaldiak programatu ditzaten;

b) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez irrati-estazio bat sortzea sustatu edota erraztea; edo

ii) irrati-programak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan modu erregularrean jaulkitzea sustatu edota erraztea

c) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez telebista-kate bat sortzea sustatu edota erraztea; edo

ii) telebista-programak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan modu erregularrean zabaltzea sustatu edota erraztea

d) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan egindako entzunezko eta ikus-entzunezko materialen ekoizpena eta zabalkundea sustatu edota erraztea;

e) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez prentsa-organo bat sortu edota mantentzea sustatu edota erraztea; edo

ii) prentsa-artikuluak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan modu erregularrean argitaratzea sustatu edota erraztea

f) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituzten komunikabideen kostu osagarriak estaltzea, legeak komunikabideentzat, orokorrean, finantza-laguntzaren bat ezarrita duenean; edo

ii) dauden finantza-laguntzak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan sortutako ikus-entzunezko ekoizpenei ere ematea;

g) eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan lan egiten duten komunikabideentzako kazetarien eta beste langile batzuen prestakuntza bultzatzea.

2. Aldeek konpromisoa hartu dute eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza edo antzekoa hitz egiten duten hurbileko herrialdeetako biztanleek irrati- eta telebista-emanaldiak modu zuzenean jasotzeko askatasuna izango dutela bermatzeko, bai eta hurbileko herrialdeek hizkuntza horretan egin ditzaketen irrati- eta telebista-emanaldien aurka ez egiteko ere. Konpromisoa hartu dute, bestalde, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean edo antzekoan sortutako informazioaren adierazpen-askatasuna eta horren zirkulazio askea dela-eta idatzizko prentsari ez zaiola inolako murrizketarik ezarriko zaintzeko. Aipatutako askatasunak erabiltzeak eginbeharrak eta erantzukizunak dakartza, eta legez ezarritako zenbait formalitate, baldintza, murrizketa edo zehapenen mende egon daiteke. Horiek guztiak beharrezko neurriak dira, gizarte demokratiko batean, segurtasun nazionalerako, lurralde-osotasunerako edo segurtasun publikorako, ordenaren defentsarako eta krimenaren prebentziorako, osasunaren edo moralaren babeserako, hurkoaren ospearen eta eskubideen babeserako, isilpeko informazioak zabaltzea eragozteko, edo botere judizialaren agintea edo inpartzialtasuna bermatzeko.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen interesak ordezkatuta egon daitezen edo aintzat har daitezen komunikabideen askatasuna eta pluraltasuna bermatzeko egitekoa duen legearekin bat sor daitezkeen egituretan.

12. artikulua.– Kultura-jarduerak eta -ekipamenduak

1. Kultura-jarduerei eta -ekipamenduei dagokienez —bereziki, liburutegiak, bideotekak, kultura-zentroak, museoak, artxiboak, akademiak, antzokiak eta zinemak, literaturako eta zinema-ekoizpeneko lanak, kultura herrikoiaren adierazpenerako lanak, jaialdiak eta kultura-industriak, teknologia berrien erabilera barru, kontuan hartuta—, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeari dagozkionez, eta agintari publikoak arlo horretan eskumena, boterea edo egitekoa duten neurrian.

Konpromiso hauek hartu dituzte:

a) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen adierazpidea eta berezko ekimenak sustatzea, eta hizkuntza horietan sortutako lanak eskuratzeko bitartekoak erraztea;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan sortutako lanak beste hizkuntza batzuetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen-, bikoizketa-, postsinkronizazio- eta azpititulazio-lanak lagundu eta garatzea;

c) beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen-, bikoizketa-, postsinkronizazio- eta azpititulazio-lanak lagundu eta garatzea;

d) zenbait kultura-jarduera abiarazteko edo horiei laguntzeko ardura duten organismoek beren ekimenean edo beraiek laguntzen dituzten ekimenetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen ezagutza eta erabilera neurri egokian integratzen dutela zaintzea.

e) eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza, bai eta beste biztanleen hizkuntzak ere, menderatzen dituen pertsonala zenbait kultura-jarduera abiarazteko edo horiei laguntzeko ardura duten organismoen eskueran jartzen laguntzea;

f) ekipamenduak hornitzerakoan eta kultura-jarduerak programatzerakoan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ordezkariek zuzeneko parte-hartzea izan dezatela bultzatzea;

g) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan sortutako lanak bildu, gordailuan jaso eta aurkeztu edo argitaratzeko ardura duen organismo baten edo gehiagoren sorrera suspertu edota erraztea;

h) beharrezkoa bada, itzulpen-zerbitzuak eta terminologia-ikerketako zerbitzuak sortzea edota sustatu eta finantzatzea, batez ere, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bakoitzean administrazio-, merkataritza-, ekonomia-, gizarte-, teknologia- edo lege-terminologia egokia mantendu eta garatzearren.

2. Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak tradizioz erabiltzen diren lurraldeak ez direnei dagokienez, aldeek konpromisoa hartu dute, eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzako hiztunen kopuruak horrelakoa justifikatzen badu, kultura-jarduera eta ekipamendu egokiak sustatu edota ezartzeko, aurreko paragrafoarekin bat.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute leku egokia emateko, beren atzerriko kultura-politikan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei eta horiek islatzen duten kulturari.

13. artikulua.– Ekonomia- eta gizarte-bizitza

1. Ekonomia- eta gizarte-jarduerei dagokienez, aldeek ondoko konpromisoak hartu dituzte, herrialde osorako:

a) beren legerietatik kanpo uztea ekonomia- eta gizarte-bizitzari buruzko dokumentuetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzeko aukera, arrazoi justifikagarririk gabe, debekatzen edo mugatzen duen xedapen oro, batez ere lan-kontratuetan eta dokumentu teknikoetan, esaterako, produktuak edo ekipamenduak erabiltzeko jarraibideetan.

b) enpresen barne-araudietan eta egintza pribatuetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera baztertu edo mugatzen duen edozein klausula sartzea debekatzea, gutxienez hizkuntza bera hitz egiten dutenen artean;

c) ekonomia- eta gizarte-jardueretan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera ahultzeko asmoa duten praktiken aurka egitea;

d) aurreko apartatuetan azaldutako bitartekoak baino beste batzuk erabilita, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera erraztu edota sustatzea.

2. Ekonomia- eta gizarte-jarduerei dagokienez, aldeek zenbait konpromiso hartu dituzte, agintari publikoek eskumena duten neurrian, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen diren lurralderako, eta hori posiblea den neurrian. Konpromisoak hauek dira:

a) finantza- eta banku-arloetako arautegien bidez definitzea, merkataritzako erabilerarekin bateragarriak diren baldintzetan, ordainketa-aginduak (txekeak, kanbio-letrak, etab.) edo beste finantza-agiri batzuk idazterakoan eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzeko aukera ematen duten modalitateak, edo, horrelakorik ezean, prozesu hori martxan jarri dela zaintzea;

b) zuzenean beren kontrolaren mende dauden ekonomia- eta gizarte-sektoreetan (sektore publikoa), eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzeko ekintzak egitea;

c) ospitale, zaharren egoitza edo bestelako gizarte-ekipamenduetan, horietara osasuna, adina edo beste arrazoi batzuk direla-eta joan behar izan duten eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunei beren hizkuntzan hartu eta artatuak izateko aukera eskainiko dietela zaintzea;

d) modalitate egokiak erabilita, segurtasun-jarraibideak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere idatzita egongo direla zaintzea;

e) agintari eskudunek kontsumitzaileen eskubideei buruz eskainitako informazioak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere erabilgarri bilakatzea;

14. artikulua.– Mugaz haraindiko elkar-trukeak

Aldeek hartu dituzten konpromisoak:

a) hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten estatuak konprometitzen dira alde biko edo alde anitzeko akordioak aplikatzera, edo horiek amaitzen saiatzera, beharrezkoa bada, estatu horietan hizkuntza bereko hiztunen arteko harremanak erraztearren, kulturan, irakaskuntzan, lanbide-heziketan eta hezkuntza iraunkorrean;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen alde, mugaz haraindiko lankidetza erraztu edota sustatzea, batez ere hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten eskualde- edo toki-mailako taldeen artean;


  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper