Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

I. ZATIA Xedapen orokorrak


I. ZATIA
Xedapen orokorrak

1. artikulua.– Definizioak

Gutun honen ondorioetarako:

a) “Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza” aipatzerakoan, hauek adierazi nahi dira:

i) Estatu bateko lurraldean bertako biztanleek, estatuko biztanleriaren barruan gutxiengoa izanik, tradizioz hitz egiten dituztenak; eta

ii) hizkuntzok ez dira estatu horretako hizkuntza ofizialak izango; eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen barruan ez dira sartuko estatuko hizkuntza ofizialaren dialektoak, ez etorkinen hizkuntzak;

b) “eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza erabiltzen den lurraldea” da gutun honetan aurreikusitako babes- eta sustapen-neurriak hartzea justifikatzeko besteko hiztun-kopurua duen hizkuntzaren geografia-eremua;

c) “lurralderik gabeko hizkuntzak” dira estatuko gainerako biztanleek hitz egiten dituzten hizkuntzak, baina estatuko lurraldean tradizioz hitz egiten diren arren, bertako geografia-eremu jakin bati lotu ezin dakizkiokeenak.

2. artikulua.– Konpromisoak

1. Alde guztiek hartu dute II. zatiko xedapenak bakoitzaren lurraldean hitz egiten diren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza guztiei aplikatzeko konpromisoa, baldin eta hizkuntzok 1. artikuluko definizioak betetzen badituzte.

2. Berronetsi, onartu edo onesteko unean adierazitako hizkuntza guztiei dagokienez, 3. artikuluarekin bat, alde bakoitzak gutun honen III. zatiko xedapenen artetik gutxienez hogeita hamabost paragrafo edo apartatu hautatu aplikatzeko konpromisoa hartu du; horietako hiru gutxienez 8. eta 12. artikuluetan hautatu behar dira, eta 9., 10., 11. eta 13. artikuluetan, berriz, bana.

3. artikulua.– Modalitateak

1. Gutuna sinatu duten estatuek berronetsi, onartu edo onesteko agirian zehaztu behar dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako bakoitza, edo bakoitzaren lurralde osoan edo horren zati batean eremu urriagoa duen hizkuntza ofizial bakoitza, eta horri 2. artikuluko 2. paragrafoarekin bat hautatutako paragrafoak ezarriko zaizkio.

2. Aldeek, geroagoko edozein unetan, berronetsi, onartu edo onesteko agirian zehaztu zituzten paragrafoez aparte Gutunaren beste edozein paragrafotako xedapenen ondoriozko betebeharrak onartzen dituztela jakinaraz diezaiokete Idazkaritza Nagusiari, edo artikulu honen 1. paragrafoa aplikatuko dietela beste eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batzuei, edo lurralde osoan edo horren zati batean eremu urriagoa duten beste hizkuntza ofizial batzuei.

3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako konpromisoak berronespen, onespen edo onarpenaren partetzat joko dira, eta ondorio berberak izango dituzte jakinarazten diren egunetik bertatik.

4. artikulua.– Dagoeneko badiren babes-estatusak

1. Ezin da interpretatu gutun honen ezein xedapenek Giza Eskubideen Europako Konbentzioak bermatutako eskubideak mugatu edo indargabetzen dituenik.

2. Gutun honen xedapenek ez dituzte murrizten eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen egoera arautzen duten xedapen mesedegarriagoak, ez eta gutxiengoetako kide diren pertsonen estatutu juridikoa ere; horiek aldeetako batean dagoeneko existitzen dira edo alde biko edo alde anitzeko berariazko akordioetan jasota daude.

5. artikulua.– Dauden betebeharrak

Gutun honen ezer ezin izango da interpretatu eskubidea ematen duenik Nazio Batuen Gutunaren helburuak edo nazioarteko zuzenbidearen beste betebehar batzuk, estatuen subiranotasunaren eta lurralde-osotasunaren printzipioa barne, urratzen dituen jardueraren bat hasi edo ekintzaren bati ekiteko.

6. artikulua.– Informazioa

Aldeek konpromisoa hartu dute dagozkien agintari, erakunde eta pertsonek gutun honek ezartzen dituen eskubideen eta eginbeharren informazioa jaso dezaten.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper