Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

29. protokoloa, estatu kideetako irrati-difusio publikoaren sistemari buruzkoa


29. protokoloa, estatu kideetako irrati-difusio publikoaren sistemari buruzkoa

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ estatu kideetako irrati-difusio publikoaren sistema zuzenean lotzen dela gizarte bakoitzak demokrazia, gizarte eta kulturako gaietan dituen beharrekin eta komunikabideen pluraltasuna zaindu beharrarekin,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Tratatuetako xedapenak estatu kideek irrati-difusioaren zerbitzu publikoa finantzatzeko duten ahalmenari kalterik egin gabe izango dira, betiere, finantzaketa hori irrati-difusioko organismoei ematen bazaie estatu kide bakoitzak zerbitzu publiko horren eginkizunak izendatu, zehaztu eta antolatuta dauzkan moduan bete ditzan, eta, bestetik, finantzaketa horrek Batasuneko merkataritza-baldintzei eta lehiari interes komunaren kontrakoa litzatekeen neurri batean erasaten ez badie, betiere, zerbitzu publiko horren eginkizuna gauzatzen dela kontuan hartuta.

A. Tratatuetako xedapenei buruzko adierazpenak

16. Europar Batasunaren Tratatuaren 53. artikuluko 2. apartatuari buruzko adierazpena

Konferentziak hau uste du: Tratatuak 53. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren hizkuntzetara itzultzeko aukera emanez, Batasuneko kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatzeko xedea betetzen laguntzen dela, alegia, 2. artikuluko 3. apartatuaren laugarren paragrafoan adierazitako xedea. Hala, Konferentziak baieztatu egiten du Batasunak Europaren kultura-aniztasunaren alde eta aipatutako hizkuntza horiei eta beste batzuei arreta berezia jartzen jarraitzearen alde hartzen duen konpromisoa.

Konferentziak gomendio hau egiten du: 53. artikuluko 2. apartatuan aitortzen den aukera erabili nahi duten estatu kideek, Lisboako Tratatua sinatutako egunean hasitako sei hilabeteko epearen barruan, jakinarazi diezaiotela Kontseiluari tratatuak zein hizkuntzatara itzuliko diren.


  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper