Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

5.2.2. Kuijpers ebazpena, Europako Parlamentuak 1987ko urriaren 30ean emandako ebazpena, Europako Erkidegoko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Etnien Hizkuntza eta Kulturei buruzkoa


5.2.2. Kuijpers ebazpena,
Europako Parlamentuak 1987ko urriaren 30ean emandako ebazpena, Europako Erkidegoko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Etnien Hizkuntza eta Kulturei buruzkoa[18]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Ikusirik Columbu jaunak eta beste sinatzaile batzuek Ipar Kataluniako hizkuntza-eskubideei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (2-1259/84 agiria);

Ikusirik Kuijpers eta Vandemeulebroucke jaunek Europako Erkidegoko eskualdeetako hizkuntzak eta kulturak defendatu eta sustatzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-76/85 agiria);

Ikusirik Rossetti jaunak eta beste sinatzaile batzuek gutxiengoen eskubideak aitortzeari buruz eta haien kultura balioesteari buruz prestatutako proposamena (B2-321/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke eta Kuijpers jaunek prestatutako ebazpen-proposamena (proposamen horren eretzean, Europako Batzordeak ez du gaitasunik izan Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenari bidea egiteko, ebazpen horrek Eskualdeetako Hizkuntza eta Kulturen Europako Gutuna eta Eremu Urriko Etnien Eskubideei buruzko Gutuna aipatzen zituela) (B2-1514/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke eta Kuijpers jaunek irrati askeen aitorpenari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1532/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke jaunak eta beste sinatzaile batzuek Frisian frisierazko telebista izateari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-31/86 agiria);

Ikusirik Kuijpers eta Vandemeulebroucke jaunek Herbehereetako Ongizate, Osasun Publiko eta Kulturako ministroak duen asmoari buruz eta asmo horrek mugaz gaindiko kultura-lankidetzarentzat ekarriko dituen ondorio latzei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (ministro horren asmoa bide da Herbehereetako Aliantza Nagusiari emandako laguntza ezabatzea) (B2-890/86 agiria);

Ikusirik Columbu jaunak eta beste sinatzaile batzuek eremu urriko hizkuntzentzat hizkuntza-ikerketarako institutuak sortzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1015/86 agiria);

Ikusirik Rubert de Ventós jaunak katalana unibertsitatean eta telebistan erabiltzeko dauden zailtasunei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1323/86 agiria);

Ikusirik Mizzau jaunak eta beste sinatzaile batzuek, eremu urriko hizkuntzak defendatzeko helburuarekin, hizkuntza-ikerketarako institutu edo elkarteentzako laguntzei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1346/86 agiria);

Ikusirik Kuijpers jaunak eta beste sinatzaile batzuek SEASKA elkarteak Ipar Euskal Herrian administratutako eskola elebidunak integratzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1346/86 agiria);

Ikusirik Colom i Naval jaunak Europako Ekonomia Erkidegoan eremu urriko hizkuntzak sustatzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-291/87 agiria);

Ikusirik Gazteria, Kultura, Hezkuntza, Informazio eta Kirol Batzordeak emandako txostena, eta entzunda Herritarren Eskubideen Batzorde juridikoak emandako iritzia (A2-150/87 agiria);

A) Kontuan harturik berak 1981. urteko urriaren 16an Eskualdeetako Hizkuntza eta Kulturen Europako Hitzarmenari buruz eta Eremu Urriko Etnien Eskubideen gaineko Hitzarmenari buruz emandako ebazpena, bai eta 1983. urteko otsailaren 11n eremu urriko hizkuntza eta kulturen aldeko neurriei buruz emandako ebazpena ere;

B) Kontuan harturik Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak gutxiengoen eskubideei buruz aldarrikatu eta onetsitako printzipioak;

C) Batzordeak, gaur arte, ez duenez proposamenik prestatu, aipatu ebazpenak betearazteko (horietan etnia-, hizkuntza- eta kultura-gutxiengoen arazoak euren osotasunean aztertzen direla), hori deitoratuz;

D) Kontuan harturik eragozpen asko daudela nazio- eta hizkuntza-gutxiengoek euren kultura- eta gizarte-identitatea gauza dezaten, eta, gutxiengo horiei begira eta euren arazoei begira, sarri askotan ez-jakitea eta ezin-ulertzea nagusitzen direla, eta, are gehiago, zenbait kasutan, diskriminazioa ere;

E) Europako Erkidegoaren Eskualdeetako Lantaldearen azken adierazpenari so eginez, eta Europako Erkidegoak 1984. urteko apirilaren 13an Europa demokratikoa eraikitzeko orduan eskualdeek duten zereginari buruz emandako ebazpenari erreparaturik; eta, orobat, Eskualdeetako Lantaldearen emaitzak aintzakotzat harturik (emaitza horien arabera, Europako Erkidegoko eskualdeen autonomia indartzea eta politikaren ikusmiratik gero eta batuago dagoen Europa sortzea elkarren osagarri eta bateragarri dira, eta bilakaera politikoak bi-biok behar ditu, Europako Erkidegoak eragingarritasunez bete ditzan bere eginkizunak);

F) Kontuan harturik eskualdeen egoera ekonomikoak baldintzatu egiten dituela tokian tokiko kulturen adierazpena eta garapena; horregatik, arlo horretan beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, Europako eskualde-politika orekatu baten barnean, eskualde-oinarrian abiaburua duena, eta inguruneak zentrora ihes egitea oztopatzen duena;

1. Eskatzen du goian aipatu ebazpenetan, alegia, 1981. urteko urriaren 16ko eta 1983. urteko otsailaren 11ko ebazpenetan, jasotako printzipioak eta neurriak oso-osorik aplikatzea.

2. Uste du nahitaezkoa dela estatu kideek beren eremu urriko hizkuntza-gutxiengoak aitortzea, euren ordena juridikoaren esparruan; horrela, eskualde nahiz etnien kulturak eta hizkuntzak iraunarazi eta garatzeko baldintzak sortuko dira.

3. Estatu kideei gonbita luzatzen die, euren konstituzioetan gutxiengoak babesteko printzipio orokorrak jasoak dituztenei, ahalik lasterren ziurtatzea, xedapen organiko aplikagarrien bitartez, printzipio horiek praktikan zehatz-mehatz gauzatzen direla.

4. Laguntza ematen die Europako Kontseiluak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna prestatzeko egin dituen ahaleginei.

5. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, hezkuntzaren arloan:

Kasuan kasuko hizkuntza-eskualdeetan, eskolaurretik unibertsitatea arte, bai eta hezkuntza iraunkorrean zehar ere, eskualdeko eta eremu urriko hizkuntza irakasteari dimentsio ofiziala ematea, eta maila berean jartzea irakaskuntza hori eta nazio-hizkuntzen irakaskuntza.

Indarreko xedapen nazionalen arabera, elkarteek irakasteko gaikuntza izan eta elkarte horiek ikastaroak, klaseak eta eskolak ematen dituztenean, halakoak modu ofizialean aitortzea, heziketarako hizkuntza nagusia eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza dela.

Irakasleak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan treba daitezen, arreta berezia jartzea, eta beharrezkoak diren neurri pedagogikoak hartzea, aipatu neurriak abian jar daitezen.

Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan irakasteko dauden aukera desberdinei buruz, informazioa sustatzea.

Lanbide-gaikuntzarako diploma, ziurtagiri eta gainerako titulu nahiz ziurtapenen baliokidetasuna arautzea; horrela, estatu kide zehatz batek beste estatu kide batzuekin kultura-harremanak dituenean, estatu kide horietako eskualdeei edo eremu urriko taldeei errazago egingo zaie estatu kide zehatz horretako lan-merkatuan sartzea.

6. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, administrazio- eta epaiketa-arloan:

Legegintzako xedapenen bitartez, zuzen-zuzenean bermatzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzeko eskubidea; lehenik eta behin, tokian tokiko agintarien kasuan, horietan gutxiengoaren izatea errealitate bihurtu denean.

Nazioko legeek eta praktikek eremu urriko hizkuntzen aurka diskriminazioa egiten dutenean, horiek guztiak berrikustea, horixe agintzen baitu Europako Parlamentuak Europan Faxismoa eta Arrazakeria Gehitzeari buruz emandako ebazpenak.

Estatuko zerbitzu deszentralizatuei ere agintzea, kasuan kasuko eskualdeetan nazio nahiz eskualde horietako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten.

Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ezarritako patronimikoak eta toki-izenak modu ofizialean aitortzea.

Hauteskundeetako zerrendetan baimentzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ezarritako toki-izenak eta bestelako adierazpenak jar daitezen.

7. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, masa-komunikabideen arloan:

Toki, eskualde eta nazioko irrati-telebista eskuratzeko baimena ematea eta hori ahalbidetzea, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan egindako emanaldien iraunkortasuna eta eragingarritasuna bermatuz.

Ahaleginak egitea, gutxiengo-taldeek, euren programak gauzatzeko orduan, antolaketa- eta finantza-laguntza jaso dezaten; laguntza horrek eta gehiengoak jasotzen duenak izaera berbera edukiko dute.

Aipatu neurriak gauza daitezen, komunikabideetako kazetari eta profesionalen heziketarako diru-laguntzak ematea.

Eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzen esku jartzea komunikazio-teknologien eskuratze berriak.

Era berean, idazketa bereziek, besteak beste, zirilikoak, hebreerak, grezierak eta antzekoek, material berezia behar dutenez gero, material horri dagokion kostu osagarria kontuan hartzea.

8. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, kultura-azpiegiturei dagokienez:

Ekipamenduez eta kultura-jarduerez denaz bezainbatean, taldeek eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza hitz egiten dutenean, talde horietako ordezkariek zuzeneko parte-hartzea izan dezaten ziurtatzea.

Fundazioak edo institutuak sortzea, haien helburua izan dadin eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak aztertzea. Fundazio edo institutu horien zeregina izango da, bereziki, material didaktikoak prestatzea, material horiek beharrezkoak direnean eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak ikastetxeetan sar daitezen; haien eginkizuna izango da, orobat, hizkuntza horien “inbentario orokorra” egitea.

Eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzetan ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzeko, bikoizketa- eta azpititulazio-teknika bereziak garatzea.

Aipatu neurriak gauza daitezen beharrezkoak diren laguntza materialak eta finantza-laguntzak ematea.

9. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, gizarte eta ekonomiaren arloan:

Enpresa publikoek (adibidez, posta-trafikoak) eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten ahalbidetzea.

Finantza-transakzioetan (posta-txekeetan eta banku-eragiketetan), eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil daitezen onartzea.

Kontsumitzaileei informazioa emateko orduan eta produktuei etiketak jartzeko orduan, eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil daitezen ahaleginak egitea.

Errepideetako trafiko-seinaleetan, zirkulazio-adierazleetan eta kaleen izenetan, eskualdeen hizkuntzak erabil daitezen ezartzea.

10. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak estatu kide batean baino gehiagotan hitz egiten direnean, eta, bereziki, hori muga-eskualdeetan gertatzen denean:

Mugez gaindik, kultura- eta hizkuntza-arloko elkarlana ziurtatuko duten mekanismo bereziak sortzea.

Tokian tokiko botereen artean, mugez gaindiko lankidetza sustatzea, Lurraldeetako Erkidego edo Agintarien arteko Mugaz Gaindiko Lankidetzari buruzko Europako Esparru-konbentzioarekin bat etorriz.

11. Estatu kideei gonbita luzatzen die, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoa eta bulego horren nazio-batzorde guztiak susta eta iraunaraz ditzaten.

12. Batzordearen ardurapean jartzen du:

Horrek, bere eskumenen eremuaren barruan, 5. paragrafotik 10.erakoetan ezarritako neurriak har daitezen laguntzea.

Horrek Europako Erkidegoko eskualde- eta etnia-gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak aintzakotzat hartzea, Europako Erkidegoko politika desberdinak prestatzeko orduan, eta, batez ere, kultura- eta hezkuntza-politikaren eremuan Europako Erkidegoaren ekintzak prestatzeko orduan.

Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoari aitortzea kontsulta-organo ofizialaren maila.

Ikerketarako bisita-sistema ezartzea, gutxiengoek hobeto ezagut dezaten elkar.

Gutxiengoen kulturentzat beharrezkoa den antena-denbora erreserbatzea, Europako Erkidegoaren telebistari dagokion eremuan.

Europako Erkidegoaren informazio-gastuetan, eremu urriko hizkuntzen arazoentzat atalen bat erreserbatzea.

13. Kontseiluari eta Batzordeari gonbita luzatzen die, horiek Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoa iraunaraz eta susta dezaten:

Aurrekontuetatik behar besteko kredituak horri emanez, eta horrentzat bereziki aurrekontu-lerroa berrezarriz.

Aurrekontuen esparruan, proposamenak aurkeztuz, aurretiaz aipatu neurriak gauza daitezen.

FEDER eta FSE izeneko funtsetatik baliabideak hartu, eta baliabide horiek programa eta proiektu zehatzetarako bideratuz, eskualde eta herri desberdinen kulturak sustatzeko helburuarekin.

Urtero-urtero, Parlamentuari txostena bidaliz, Europako Erkidegoko eskualde eta gutxiengo guztien hizkuntzek zein egoera duten azalduz, eta estatu kideek eta Erkidegoak berak goian aipatu puntuak garatzeko zein neurri hartu duten adieraziz.

14. 1988. urterako aurrekontuaren esparruan, kreditu egokiak aurreikustea proposatzen da; kreditu horiekin (gutxienez, milioi bat ecu-koak), hedadura txikiko hizkuntzen aldeko ekintzaren bat burutuko da.

15. Argi eta garbi azpimarratzen da ebazpen honetako xedapenak ez direla interpretatu edo aplikatu behar, estatu kideen lurralde-osotasuna edota ordena publikoa arriskuan jartzeko tenorean.

16. Batzorde eskudunaren ardurapean jartzen da horrek irizpen bananduak idaztea, herri ibiltarien hizkuntza eta kulturei buruz; herritarrak zein estatu kidetakoak izan eta beste estatu kide bateko egoiliar direnean, herritar horiek dituzten hizkuntza eta kulturei buruz; eta, berebat, itsasoz bestaldeko emigrante eta gutxiengoen hizkuntza eta kulturei buruz. Talde horiek guztiek eta eremu urriko hizkuntzen erabiltzaileek antzeko trabak izan ohi dituzte; baina, euren arazoak bereziak direnez gero, arazo horientzat tratu berezia ezarri behar da.

17. “Eremu urriko hizkuntzak eta kulturak” izeneko barne-taldeari barne-talde ofizialaren maila aitortzen dio bete-betean.

18. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Europako Kontseiluari eta Batzordeari, estatu kideetako nazio nahiz eskualdeetako agintariei, Europako Kontseiluko Kontsulta Batzarrari, eta Europako Toki eta Eskualdeetako Botereen Lantalde Iraunkorrari ere.

5.2.3. Pasquale ebazpena,
Europako Parlamentuak 1988ko azaroaren 18an emandako ebazpena, Europako Erkidegoaren Eskualde-politikari eta Eskualdeen Zereginari buruzkoa[19]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Ikusirik Eskualdeen Konferentziak 1984. urteko apirilaren 13an onetsitako ebazpena, ebazpen horrek Europa demokratikoa eraikitzeko orduan eskualdeek duten zeregina aipatzen duela;

Ikusirik Europako Kontseiluak, Batzordeak eta Parlamentuak, hirurek batera, 1984. urteko ekainaren 18an egindako adierazpena (ebazpen horren arabera, beharrezkoa da eskualdeek bat egitea Europako Erkidegoan erabakiak hartzeko dagoen prozesuarekin);

Ikusirik Eskualdeen lehenengo Konferentzian, 1994. urtean, Europako Parlamentuak onetsi zuen azken adierazpena;

Ikusirik Europako Ekonomia Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 130 A artikulua;

Ikusirik Europar Batasunaren Tratatuaren proiektua, 1984. urteko otsailekoa (horren hitzaurrean aipatzen da Europa eraikitzeko orduan beharrezkoa dela tokian tokiko eta eskualdeetako botereek parte hartzea, formula egokien bitartez);

Ikusirik 1988. urteko ekainaren 20ko bateratze-prozeduraren emaitza, tartean Kontseilua eta Batzordea daudela (prozedura horretan, egitura-funtsen eginkizunak eta eragingarritasuna aipatzen dira, bai eta haiek euren parte-hartzeetan izan behar duten koordinazioa ere; orobat, Europako Inbertsio Bankuarenak, eta egun dauden gainerako finantza-baliabideak);

Ikusirik Eskualdeen Politika eta Lurraldearen Antolaketa Batzordeak gai nagusiari buruz emandako sei txostenak, eta entzunda Batzorde Instituzionalaren iritzia;

Ikusirik Europako Batzordeak 1988. urteko ekainaren 24an Eskualde- eta Toki-agintarien Kontseilu Aholku-emailea sortu duela;

Ikusirik Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeetako Lantalde Iraunkorrak eta Europako eskualdeetako elkarteek (Europako Eskualdeetako Lantaldeak, Europako Eskualdeetako Udalerrien Kontseiluak eta sektore horretako zenbait elkartek) eskualdekatzearen alde egindako lana;

[…]

IV. Europako Erkidegoaren eskualdekatzea: ekonomia garatu eta bateratzeko, Europako integrazioa demokratizatzeko eta kultura-berezitasunak gogoan hartzeko eragilea.

[…]

22. Europako kultura-nortasunarentzat, ezinbestekoa da egun diren eskualde-berezitasunek euren tokia izatea estatu nazional bakoitzean, egungo bereizgarriak gogoan izanik eta eskualdeen interesak, gurariak, eta historia-, hizkuntza- nahiz kultura-ondarea errespetatuz. Ezinbestekoa da, halaber, mugaz gaindiko nahiz eskualdeen arteko hizkuntza- eta kultura-lankidetza erraztea, historia-, hizkuntza- eta kultura-ondare erkideak direnean, egungo administrazio-zatiketen gainetik.

V. Azken oharrak […]

31. Haren aburuz, kasuan kasuko biztanleen borondateak izan behar du eskualdekatzearen abiaburua, eta eskualdekatze hori nazioaren esparru juridikoaren barruan gauzatu behar da, betiere estatuaren adostasunarekin.

Baldintza horiek guztiak gertatzen direnean, eskualdekatzearen oinarri izan behar dute gutxieneko printzipio hauek:

[…]

c) Eskualdeei behar den besteko eskumenak eratxikitzea, behintzat, euren instituzioak antola ditzaten, eskualdearen garapen ekonomikoa susta eta antola dezaten, eta euren kultura- eta hizkuntza-ondarea defenda dezaten.


Testuaren kontzeptuak eta esaldiak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper