Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

5.2.1.b) Europako Parlamentuak 1983ko otsailaren 11n emandako ebazpena, eremu urriko hizkuntza eta kulturen aldeko neurriei buruzkoa


5.2.1.b) Europako Parlamentuak 1983ko otsailaren 11n emandako ebazpena, eremu urriko hizkuntza eta kulturen aldeko neurriei buruzkoa[17]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Kontuan harturik Europako Erkidegoko herritarren artetik 30 milioik baino gehiagok ama-hizkuntza dutela eskualde-hizkuntzetatik bat edo gutxi hitz egiten diren horietatik bat;

Kontuan harturik etnia- eta hizkuntza-gutxiengoek mugimendu bereziak piztu dituztela, euren identitate historikoa hobeto uler eta aitor dadin;

Aintzakotzat harturik berak gai honen gainean 1981eko urriaren 16an emandako ebazpena;

1. Europako Batzordeari eskatzen dio:

Arlo honetan egindako ahaleginekin aurrera egin eta horiek indartzea, bereziki eredu-proiektuak eta -azterketak sortuz;

Europako Erkidegoko nahiz nazioetako legeak eta praktikak berrikustea, lege eta praktika horiek eremu urriko hizkuntzen aurka diskriminazioa egiten duten neurrian, eta Europako Erkidegoaren tresna egokiak sortzea, diskriminazio hori bukarazteko;

1983. urtearen bukaeran, Parlamentuari informazioa helaraztea, aurreko bi apartatuen inguruan egindako jardunari buruz eta jardun horren emaitzei buruz.

2. Europako Batzordeari eskaria egiten dio, horrek Parlamentuari informazioa helaraz diezaion, egun hartuta dauden edo bihar-etzi hartzekoak diren neurriei buruz, neurri horien helburua denean, masa-komunikabideen esparruan eta kultura-programen eremuan, eskualde nahiz herrietako kulturak eta kultura-politikak sustatzea; orobat, eskualdeetako proiektu ekonomikoei finantzaketa ematea, Eskualdeen Funtsak 1981. urteko urriaren 16ko ebazpenaren 4. eta 5. paragrafoetan ezarri bezala.

3. Parlamentuak emandako ebazpenaren printzipioak gogoan izanik, Europako Kontseiluari eskaria egiten dio, horrek praktikan ziurta dezan printzipio horiek betetzen direla.

4. Bere aburuz, Parlamentuak eutsi beharko lioke Europako Erkidegoaren mailan izandako aurrerapenen gaineko berrikuspenari, eta kasuan kasuko batzorde parlamentarioek baterako bilera egin beharko lukete, guztien artean erabaki dezaten zein den modurik onena hori gauzatzeko.

5. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Europako Batzordeari, Europako Kontseiluari eta estatu kideetako gobernuei.


  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper