Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

5.2. Europako Parlamentua


5.2. Europako Parlamentua

5.2.1. Arfé gomendioak

5.2.1.a) Europako Parlamentuak 1981eko urriaren 16an emandako ebazpena, Eskualdeetako Hizkuntza eta Kulturei buruzko Europako Gutuna eta Eremu Urriko Etnien Eskubideei buruzko Gutuna aipatzen dituena[16]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Kontuan harturik etnia- eta hizkuntza-gutxiengoek mugimendu bereziak piztu dituztela, euren identitate historikoa hobeto uler eta aitor dadin;

Aitorturik, mugimendu horiekin batera, eskualdeetako hizkuntzak eta kulturak indarberritu egin direla, eta Europako zibilizazioarentzat aberastasun-iturri eta bizitasun-seinale direla;

Kontuan harturik nazioarteko organismorik esanguratsu eta ospetsuenek (Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak, besteak beste) egindako printzipio-adierazpenak, eta aintzakotzat harturik guztion onarpenarekin arestian zabaldu diren teoria politikoak, lege-teoriak eta teoria antropologikoak;

Kultura-gaietan erantzukizuna duten ministro europarrek, 1976. urtean, Osloko Konferentzian, 1. zenbakiarekin emandako ebazpenari lotuta;

Kontuan harturik Europako Erkidegoko gobernu guztiek, orokorrean bederen, aitortu dutela talde horiek adierazpen pertsonalak nahiz kultura-adierazpenak askatasunez egiteko duten eskubidea, eta sortu dutela, kasurik gehienetan, eremu zehatz horri buruzko legeria, eta hasiera eman dietela ekintza-programa koordinatuei;

Kontuan harturik kultura-nortasuna, gaur egun, beharrizan psikologikoetatik garrantzitsuenetako bat dela, beharrizan materialak ez direnen artean behintzat;

Kontuan harturik autonomia ez dela ulertu behar tradizio desberdinetako pertsonak integratzeko aukera gisa, baizik eta baliabide gisa, pertsona horiek euren kabuz zuzen dezaten interkomunikazioa gehitzeko beharrezkoa den prozesua;

Kontuan harturik, beraz, hizkuntza- eta kultura-ondarea ezin dela babestu, ez badira baldintza egokiak sortzen, kulturaren eta ekonomiaren garapena behar bezalakoa izan dadin;

Helburu sendoa izanik Europako herrien artean lotura estuagoak ezartzea eta haien hizkuntza biziak iraunaraztea, eta, horrela, haien desberdintasunak baliatuz, guztion kultura-ondarea aberatsagoa eta askotarikoagoa izatea;

1371/79, 1-436/79 eta 1-790/79 ebazpenetako mozioak aintzakotzat harturik;

Kontuan harturik Gazteria, Kultura, Hezkuntza, Informazio eta Kirol Batzordeak emandako txostena, eta Eskualdeen Politika eta Plangintzari buruzko Batzordeak emandako irizpena ere (1-965/80),

1. Nazioetako gobernuei, eta eskualdeetako nahiz tokian tokiko agintariei eskatzen die, euren egoerak arras desberdinak izanik ere, eta haiek duten independentzia-mailari kalterik egin gabe, eremu honetan politika zehatza aplikatzea, politika horrekin guztiok helburu berberak lor ditzaten. Horretarako, beren-beregi galdatzen die:

a) Hezkuntzaren eremuan:

Eskualdeetako hizkuntza eta kulturen irakaskuntza ahalbidetu eta sustatzea, ikasketa ofizialen programetan, haurtzaindegitik hasita unibertsitatea arte;

Biztanleek adierazitako beharrizan zehatzei erantzuna emateko, maila guztietako irakaskuntza-eskolak onartu eta ematea eskualdeetako hizkuntzetan, eta, horrekin batera, arreta berezia jartzea haur-eskoletako irakaskuntzan, haurra bere ama-hizkuntza hitz egiteko gauza dela ziurtatzeko;

Ikasketa-programa guztietan, erkidego horien literatura eta historiari buruzko irakaskuntza barnera dadin ahalbidetzea;

b) Masa-komunikabideen eremuan:

Beharrezkoak diren neurriak ahalbidetu eta hartzea, tokian tokiko irrati eta telebistak eskuragarriak izan daitezen ziurtatzeko; horrela, komunikazio koherente eta eragingarria bermatu ahal izango da erkidegoaren barruan. Orobat, eskualdeetako aurkezle espezializatuen heziketa sustatzea;

Gutxiengo-taldeek kultura-ekintzetarako antolaketa-laguntzak eta laguntza ekonomikoak jasotzen dituztela ziurtatzea, laguntza horiek gehiengoa duten taldeek jasotzen dituztenen bestekoak izanik;

c) Gizarte-bizitzaren eta gizarte-gaien eremuan:

Europako Kontseiluaren barruan, Toki eta Eskualdeetako Botereen Lantaldeak Bordelen egindako adierazpena kontuan harturik, gai honen gaineko zuzeneko erantzukizuna tokian tokiko agintarien gain jartzea;

Ahal den neurrian, kultura-eskualdeen eta toki-botereen muga geografikoak bat etor daitezen sustatzea;

Pertsonen eskubidea denez beren hizkuntza erabili ahal izatea, bizitza publikoaren eta gizarte-arazoen esparruan, gobernu-organoekin harremanak dituztenean, eta organo judizialetan dihardutenean ere, eskubide hori bermatzea;

2. Europako Batzordeari eskaria egiten dio, horrek, ahalik eta modurik egokienean, datu berri, zehatz eta erkatzeko modukoak eman ditzan, estatu kideetako biztanleek eskualdeetako hizkuntza eta kulturei begira dituzten jarrera eta jokabideei buruz, herri desberdinetan;

3. Europako Batzordeari galdatzen dio, horrek eredu-proiektuak presta ditzan, hizkuntzen irakaskuntzaren arloan; horrela, hezkuntza eleaniztunaren metodoekin esperimentatu ahal izango da, eta metodorik egokienak definitu ahal izango dira, banakako kulturek bizirik iraun dezaten eta kanporantz hobeto babestuta egon daitezen;

4. Gomendioa luzatzen du Eskualdeen Funtsak laguntza ekonomikoa eman diezaien eskualde nahiz herrietako kulturak iraunarazteko helburua duten proiektuei; Europako Batzordeari eskatzen dio, berebat, horrek, bere hezkuntza- eta kultura-programetan, neurri egokiak har ditzan, Europako kultura-politika egokia sustatzeko, eta, politika horren bidez, etnia- eta hizkuntza-gutxiengo guztien gurariak eta igurikimenak kontuan hartzeko, gutxiengo horiek Europari eta horren instituzioei so egiten baitiete, konfiantza eta itxaropenarekin;

5. Proposamena egiten du Eskualdeen Funtsak finantzaketa eman diezaien eskualdeetako proiektu ekonomikoei; izan ere, eskualde zehatz baten kultura-nortasunak iraungo badu, nahitaezkoa da eskualde horretako biztanleak euren esparru geografikoan bizi eta lan egiteko gauza izatea;

6. Europako Batzordeari eskaria egiten dio, horrek Europako Erkidegoko legeak eta praktikak berrikus ditzan, lege edo praktika horiek eremu urriko hizkuntzen aurka diskriminazioak egiten dituzten neurrian;

7. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Kontseiluari eta Batzordeari, estatu kideetako eskualde-gobernu eta -agintariei, bai eta Europako Kontseiluari ere.


5.2.1.b) Europako Parlamentuak 1983ko otsailaren 11n emandako ebazpena, eremu urriko hizkuntza eta kulturen aldeko neurriei buruzkoa[17]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Kontuan harturik Europako Erkidegoko herritarren artetik 30 milioik baino gehiagok ama-hizkuntza dutela eskualde-hizkuntzetatik bat edo gutxi hitz egiten diren horietatik bat;

Kontuan harturik etnia- eta hizkuntza-gutxiengoek mugimendu bereziak piztu dituztela, euren identitate historikoa hobeto uler eta aitor dadin;

Aintzakotzat harturik berak gai honen gainean 1981eko urriaren 16an emandako ebazpena;

1. Europako Batzordeari eskatzen dio:

Arlo honetan egindako ahaleginekin aurrera egin eta horiek indartzea, bereziki eredu-proiektuak eta -azterketak sortuz;

Europako Erkidegoko nahiz nazioetako legeak eta praktikak berrikustea, lege eta praktika horiek eremu urriko hizkuntzen aurka diskriminazioa egiten duten neurrian, eta Europako Erkidegoaren tresna egokiak sortzea, diskriminazio hori bukarazteko;

1983. urtearen bukaeran, Parlamentuari informazioa helaraztea, aurreko bi apartatuen inguruan egindako jardunari buruz eta jardun horren emaitzei buruz.

2. Europako Batzordeari eskaria egiten dio, horrek Parlamentuari informazioa helaraz diezaion, egun hartuta dauden edo bihar-etzi hartzekoak diren neurriei buruz, neurri horien helburua denean, masa-komunikabideen esparruan eta kultura-programen eremuan, eskualde nahiz herrietako kulturak eta kultura-politikak sustatzea; orobat, eskualdeetako proiektu ekonomikoei finantzaketa ematea, Eskualdeen Funtsak 1981. urteko urriaren 16ko ebazpenaren 4. eta 5. paragrafoetan ezarri bezala.

3. Parlamentuak emandako ebazpenaren printzipioak gogoan izanik, Europako Kontseiluari eskaria egiten dio, horrek praktikan ziurta dezan printzipio horiek betetzen direla.

4. Bere aburuz, Parlamentuak eutsi beharko lioke Europako Erkidegoaren mailan izandako aurrerapenen gaineko berrikuspenari, eta kasuan kasuko batzorde parlamentarioek baterako bilera egin beharko lukete, guztien artean erabaki dezaten zein den modurik onena hori gauzatzeko.

5. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Europako Batzordeari, Europako Kontseiluari eta estatu kideetako gobernuei.


5.2.2. Kuijpers ebazpena,
Europako Parlamentuak 1987ko urriaren 30ean emandako ebazpena, Europako Erkidegoko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Etnien Hizkuntza eta Kulturei buruzkoa[18]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Ikusirik Columbu jaunak eta beste sinatzaile batzuek Ipar Kataluniako hizkuntza-eskubideei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (2-1259/84 agiria);

Ikusirik Kuijpers eta Vandemeulebroucke jaunek Europako Erkidegoko eskualdeetako hizkuntzak eta kulturak defendatu eta sustatzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-76/85 agiria);

Ikusirik Rossetti jaunak eta beste sinatzaile batzuek gutxiengoen eskubideak aitortzeari buruz eta haien kultura balioesteari buruz prestatutako proposamena (B2-321/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke eta Kuijpers jaunek prestatutako ebazpen-proposamena (proposamen horren eretzean, Europako Batzordeak ez du gaitasunik izan Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenari bidea egiteko, ebazpen horrek Eskualdeetako Hizkuntza eta Kulturen Europako Gutuna eta Eremu Urriko Etnien Eskubideei buruzko Gutuna aipatzen zituela) (B2-1514/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke eta Kuijpers jaunek irrati askeen aitorpenari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1532/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke jaunak eta beste sinatzaile batzuek Frisian frisierazko telebista izateari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-31/86 agiria);

Ikusirik Kuijpers eta Vandemeulebroucke jaunek Herbehereetako Ongizate, Osasun Publiko eta Kulturako ministroak duen asmoari buruz eta asmo horrek mugaz gaindiko kultura-lankidetzarentzat ekarriko dituen ondorio latzei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (ministro horren asmoa bide da Herbehereetako Aliantza Nagusiari emandako laguntza ezabatzea) (B2-890/86 agiria);

Ikusirik Columbu jaunak eta beste sinatzaile batzuek eremu urriko hizkuntzentzat hizkuntza-ikerketarako institutuak sortzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1015/86 agiria);

Ikusirik Rubert de Ventós jaunak katalana unibertsitatean eta telebistan erabiltzeko dauden zailtasunei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1323/86 agiria);

Ikusirik Mizzau jaunak eta beste sinatzaile batzuek, eremu urriko hizkuntzak defendatzeko helburuarekin, hizkuntza-ikerketarako institutu edo elkarteentzako laguntzei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1346/86 agiria);

Ikusirik Kuijpers jaunak eta beste sinatzaile batzuek SEASKA elkarteak Ipar Euskal Herrian administratutako eskola elebidunak integratzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1346/86 agiria);

Ikusirik Colom i Naval jaunak Europako Ekonomia Erkidegoan eremu urriko hizkuntzak sustatzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-291/87 agiria);

Ikusirik Gazteria, Kultura, Hezkuntza, Informazio eta Kirol Batzordeak emandako txostena, eta entzunda Herritarren Eskubideen Batzorde juridikoak emandako iritzia (A2-150/87 agiria);

A) Kontuan harturik berak 1981. urteko urriaren 16an Eskualdeetako Hizkuntza eta Kulturen Europako Hitzarmenari buruz eta Eremu Urriko Etnien Eskubideen gaineko Hitzarmenari buruz emandako ebazpena, bai eta 1983. urteko otsailaren 11n eremu urriko hizkuntza eta kulturen aldeko neurriei buruz emandako ebazpena ere;

B) Kontuan harturik Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak gutxiengoen eskubideei buruz aldarrikatu eta onetsitako printzipioak;

C) Batzordeak, gaur arte, ez duenez proposamenik prestatu, aipatu ebazpenak betearazteko (horietan etnia-, hizkuntza- eta kultura-gutxiengoen arazoak euren osotasunean aztertzen direla), hori deitoratuz;

D) Kontuan harturik eragozpen asko daudela nazio- eta hizkuntza-gutxiengoek euren kultura- eta gizarte-identitatea gauza dezaten, eta, gutxiengo horiei begira eta euren arazoei begira, sarri askotan ez-jakitea eta ezin-ulertzea nagusitzen direla, eta, are gehiago, zenbait kasutan, diskriminazioa ere;

E) Europako Erkidegoaren Eskualdeetako Lantaldearen azken adierazpenari so eginez, eta Europako Erkidegoak 1984. urteko apirilaren 13an Europa demokratikoa eraikitzeko orduan eskualdeek duten zereginari buruz emandako ebazpenari erreparaturik; eta, orobat, Eskualdeetako Lantaldearen emaitzak aintzakotzat harturik (emaitza horien arabera, Europako Erkidegoko eskualdeen autonomia indartzea eta politikaren ikusmiratik gero eta batuago dagoen Europa sortzea elkarren osagarri eta bateragarri dira, eta bilakaera politikoak bi-biok behar ditu, Europako Erkidegoak eragingarritasunez bete ditzan bere eginkizunak);

F) Kontuan harturik eskualdeen egoera ekonomikoak baldintzatu egiten dituela tokian tokiko kulturen adierazpena eta garapena; horregatik, arlo horretan beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, Europako eskualde-politika orekatu baten barnean, eskualde-oinarrian abiaburua duena, eta inguruneak zentrora ihes egitea oztopatzen duena;

1. Eskatzen du goian aipatu ebazpenetan, alegia, 1981. urteko urriaren 16ko eta 1983. urteko otsailaren 11ko ebazpenetan, jasotako printzipioak eta neurriak oso-osorik aplikatzea.

2. Uste du nahitaezkoa dela estatu kideek beren eremu urriko hizkuntza-gutxiengoak aitortzea, euren ordena juridikoaren esparruan; horrela, eskualde nahiz etnien kulturak eta hizkuntzak iraunarazi eta garatzeko baldintzak sortuko dira.

3. Estatu kideei gonbita luzatzen die, euren konstituzioetan gutxiengoak babesteko printzipio orokorrak jasoak dituztenei, ahalik lasterren ziurtatzea, xedapen organiko aplikagarrien bitartez, printzipio horiek praktikan zehatz-mehatz gauzatzen direla.

4. Laguntza ematen die Europako Kontseiluak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna prestatzeko egin dituen ahaleginei.

5. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, hezkuntzaren arloan:

Kasuan kasuko hizkuntza-eskualdeetan, eskolaurretik unibertsitatea arte, bai eta hezkuntza iraunkorrean zehar ere, eskualdeko eta eremu urriko hizkuntza irakasteari dimentsio ofiziala ematea, eta maila berean jartzea irakaskuntza hori eta nazio-hizkuntzen irakaskuntza.

Indarreko xedapen nazionalen arabera, elkarteek irakasteko gaikuntza izan eta elkarte horiek ikastaroak, klaseak eta eskolak ematen dituztenean, halakoak modu ofizialean aitortzea, heziketarako hizkuntza nagusia eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza dela.

Irakasleak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan treba daitezen, arreta berezia jartzea, eta beharrezkoak diren neurri pedagogikoak hartzea, aipatu neurriak abian jar daitezen.

Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan irakasteko dauden aukera desberdinei buruz, informazioa sustatzea.

Lanbide-gaikuntzarako diploma, ziurtagiri eta gainerako titulu nahiz ziurtapenen baliokidetasuna arautzea; horrela, estatu kide zehatz batek beste estatu kide batzuekin kultura-harremanak dituenean, estatu kide horietako eskualdeei edo eremu urriko taldeei errazago egingo zaie estatu kide zehatz horretako lan-merkatuan sartzea.

6. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, administrazio- eta epaiketa-arloan:

Legegintzako xedapenen bitartez, zuzen-zuzenean bermatzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzeko eskubidea; lehenik eta behin, tokian tokiko agintarien kasuan, horietan gutxiengoaren izatea errealitate bihurtu denean.

Nazioko legeek eta praktikek eremu urriko hizkuntzen aurka diskriminazioa egiten dutenean, horiek guztiak berrikustea, horixe agintzen baitu Europako Parlamentuak Europan Faxismoa eta Arrazakeria Gehitzeari buruz emandako ebazpenak.

Estatuko zerbitzu deszentralizatuei ere agintzea, kasuan kasuko eskualdeetan nazio nahiz eskualde horietako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten.

Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ezarritako patronimikoak eta toki-izenak modu ofizialean aitortzea.

Hauteskundeetako zerrendetan baimentzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ezarritako toki-izenak eta bestelako adierazpenak jar daitezen.

7. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, masa-komunikabideen arloan:

Toki, eskualde eta nazioko irrati-telebista eskuratzeko baimena ematea eta hori ahalbidetzea, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan egindako emanaldien iraunkortasuna eta eragingarritasuna bermatuz.

Ahaleginak egitea, gutxiengo-taldeek, euren programak gauzatzeko orduan, antolaketa- eta finantza-laguntza jaso dezaten; laguntza horrek eta gehiengoak jasotzen duenak izaera berbera edukiko dute.

Aipatu neurriak gauza daitezen, komunikabideetako kazetari eta profesionalen heziketarako diru-laguntzak ematea.

Eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzen esku jartzea komunikazio-teknologien eskuratze berriak.

Era berean, idazketa bereziek, besteak beste, zirilikoak, hebreerak, grezierak eta antzekoek, material berezia behar dutenez gero, material horri dagokion kostu osagarria kontuan hartzea.

8. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, kultura-azpiegiturei dagokienez:

Ekipamenduez eta kultura-jarduerez denaz bezainbatean, taldeek eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza hitz egiten dutenean, talde horietako ordezkariek zuzeneko parte-hartzea izan dezaten ziurtatzea.

Fundazioak edo institutuak sortzea, haien helburua izan dadin eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak aztertzea. Fundazio edo institutu horien zeregina izango da, bereziki, material didaktikoak prestatzea, material horiek beharrezkoak direnean eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak ikastetxeetan sar daitezen; haien eginkizuna izango da, orobat, hizkuntza horien “inbentario orokorra” egitea.

Eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzetan ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzeko, bikoizketa- eta azpititulazio-teknika bereziak garatzea.

Aipatu neurriak gauza daitezen beharrezkoak diren laguntza materialak eta finantza-laguntzak ematea.

9. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, gizarte eta ekonomiaren arloan:

Enpresa publikoek (adibidez, posta-trafikoak) eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten ahalbidetzea.

Finantza-transakzioetan (posta-txekeetan eta banku-eragiketetan), eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil daitezen onartzea.

Kontsumitzaileei informazioa emateko orduan eta produktuei etiketak jartzeko orduan, eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil daitezen ahaleginak egitea.

Errepideetako trafiko-seinaleetan, zirkulazio-adierazleetan eta kaleen izenetan, eskualdeen hizkuntzak erabil daitezen ezartzea.

10. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak estatu kide batean baino gehiagotan hitz egiten direnean, eta, bereziki, hori muga-eskualdeetan gertatzen denean:

Mugez gaindik, kultura- eta hizkuntza-arloko elkarlana ziurtatuko duten mekanismo bereziak sortzea.

Tokian tokiko botereen artean, mugez gaindiko lankidetza sustatzea, Lurraldeetako Erkidego edo Agintarien arteko Mugaz Gaindiko Lankidetzari buruzko Europako Esparru-konbentzioarekin bat etorriz.

11. Estatu kideei gonbita luzatzen die, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoa eta bulego horren nazio-batzorde guztiak susta eta iraunaraz ditzaten.

12. Batzordearen ardurapean jartzen du:

Horrek, bere eskumenen eremuaren barruan, 5. paragrafotik 10.erakoetan ezarritako neurriak har daitezen laguntzea.

Horrek Europako Erkidegoko eskualde- eta etnia-gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak aintzakotzat hartzea, Europako Erkidegoko politika desberdinak prestatzeko orduan, eta, batez ere, kultura- eta hezkuntza-politikaren eremuan Europako Erkidegoaren ekintzak prestatzeko orduan.

Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoari aitortzea kontsulta-organo ofizialaren maila.

Ikerketarako bisita-sistema ezartzea, gutxiengoek hobeto ezagut dezaten elkar.

Gutxiengoen kulturentzat beharrezkoa den antena-denbora erreserbatzea, Europako Erkidegoaren telebistari dagokion eremuan.

Europako Erkidegoaren informazio-gastuetan, eremu urriko hizkuntzen arazoentzat atalen bat erreserbatzea.

13. Kontseiluari eta Batzordeari gonbita luzatzen die, horiek Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoa iraunaraz eta susta dezaten:

Aurrekontuetatik behar besteko kredituak horri emanez, eta horrentzat bereziki aurrekontu-lerroa berrezarriz.

Aurrekontuen esparruan, proposamenak aurkeztuz, aurretiaz aipatu neurriak gauza daitezen.

FEDER eta FSE izeneko funtsetatik baliabideak hartu, eta baliabide horiek programa eta proiektu zehatzetarako bideratuz, eskualde eta herri desberdinen kulturak sustatzeko helburuarekin.

Urtero-urtero, Parlamentuari txostena bidaliz, Europako Erkidegoko eskualde eta gutxiengo guztien hizkuntzek zein egoera duten azalduz, eta estatu kideek eta Erkidegoak berak goian aipatu puntuak garatzeko zein neurri hartu duten adieraziz.

14. 1988. urterako aurrekontuaren esparruan, kreditu egokiak aurreikustea proposatzen da; kreditu horiekin (gutxienez, milioi bat ecu-koak), hedadura txikiko hizkuntzen aldeko ekintzaren bat burutuko da.

15. Argi eta garbi azpimarratzen da ebazpen honetako xedapenak ez direla interpretatu edo aplikatu behar, estatu kideen lurralde-osotasuna edota ordena publikoa arriskuan jartzeko tenorean.

16. Batzorde eskudunaren ardurapean jartzen da horrek irizpen bananduak idaztea, herri ibiltarien hizkuntza eta kulturei buruz; herritarrak zein estatu kidetakoak izan eta beste estatu kide bateko egoiliar direnean, herritar horiek dituzten hizkuntza eta kulturei buruz; eta, berebat, itsasoz bestaldeko emigrante eta gutxiengoen hizkuntza eta kulturei buruz. Talde horiek guztiek eta eremu urriko hizkuntzen erabiltzaileek antzeko trabak izan ohi dituzte; baina, euren arazoak bereziak direnez gero, arazo horientzat tratu berezia ezarri behar da.

17. “Eremu urriko hizkuntzak eta kulturak” izeneko barne-taldeari barne-talde ofizialaren maila aitortzen dio bete-betean.

18. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Europako Kontseiluari eta Batzordeari, estatu kideetako nazio nahiz eskualdeetako agintariei, Europako Kontseiluko Kontsulta Batzarrari, eta Europako Toki eta Eskualdeetako Botereen Lantalde Iraunkorrari ere.

5.2.3. Pasquale ebazpena,
Europako Parlamentuak 1988ko azaroaren 18an emandako ebazpena, Europako Erkidegoaren Eskualde-politikari eta Eskualdeen Zereginari buruzkoa[19]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Ikusirik Eskualdeen Konferentziak 1984. urteko apirilaren 13an onetsitako ebazpena, ebazpen horrek Europa demokratikoa eraikitzeko orduan eskualdeek duten zeregina aipatzen duela;

Ikusirik Europako Kontseiluak, Batzordeak eta Parlamentuak, hirurek batera, 1984. urteko ekainaren 18an egindako adierazpena (ebazpen horren arabera, beharrezkoa da eskualdeek bat egitea Europako Erkidegoan erabakiak hartzeko dagoen prozesuarekin);

Ikusirik Eskualdeen lehenengo Konferentzian, 1994. urtean, Europako Parlamentuak onetsi zuen azken adierazpena;

Ikusirik Europako Ekonomia Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 130 A artikulua;

Ikusirik Europar Batasunaren Tratatuaren proiektua, 1984. urteko otsailekoa (horren hitzaurrean aipatzen da Europa eraikitzeko orduan beharrezkoa dela tokian tokiko eta eskualdeetako botereek parte hartzea, formula egokien bitartez);

Ikusirik 1988. urteko ekainaren 20ko bateratze-prozeduraren emaitza, tartean Kontseilua eta Batzordea daudela (prozedura horretan, egitura-funtsen eginkizunak eta eragingarritasuna aipatzen dira, bai eta haiek euren parte-hartzeetan izan behar duten koordinazioa ere; orobat, Europako Inbertsio Bankuarenak, eta egun dauden gainerako finantza-baliabideak);

Ikusirik Eskualdeen Politika eta Lurraldearen Antolaketa Batzordeak gai nagusiari buruz emandako sei txostenak, eta entzunda Batzorde Instituzionalaren iritzia;

Ikusirik Europako Batzordeak 1988. urteko ekainaren 24an Eskualde- eta Toki-agintarien Kontseilu Aholku-emailea sortu duela;

Ikusirik Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeetako Lantalde Iraunkorrak eta Europako eskualdeetako elkarteek (Europako Eskualdeetako Lantaldeak, Europako Eskualdeetako Udalerrien Kontseiluak eta sektore horretako zenbait elkartek) eskualdekatzearen alde egindako lana;

[…]

IV. Europako Erkidegoaren eskualdekatzea: ekonomia garatu eta bateratzeko, Europako integrazioa demokratizatzeko eta kultura-berezitasunak gogoan hartzeko eragilea.

[…]

22. Europako kultura-nortasunarentzat, ezinbestekoa da egun diren eskualde-berezitasunek euren tokia izatea estatu nazional bakoitzean, egungo bereizgarriak gogoan izanik eta eskualdeen interesak, gurariak, eta historia-, hizkuntza- nahiz kultura-ondarea errespetatuz. Ezinbestekoa da, halaber, mugaz gaindiko nahiz eskualdeen arteko hizkuntza- eta kultura-lankidetza erraztea, historia-, hizkuntza- eta kultura-ondare erkideak direnean, egungo administrazio-zatiketen gainetik.

V. Azken oharrak […]

31. Haren aburuz, kasuan kasuko biztanleen borondateak izan behar du eskualdekatzearen abiaburua, eta eskualdekatze hori nazioaren esparru juridikoaren barruan gauzatu behar da, betiere estatuaren adostasunarekin.

Baldintza horiek guztiak gertatzen direnean, eskualdekatzearen oinarri izan behar dute gutxieneko printzipio hauek:

[…]

c) Eskualdeei behar den besteko eskumenak eratxikitzea, behintzat, euren instituzioak antola ditzaten, eskualdearen garapen ekonomikoa susta eta antola dezaten, eta euren kultura- eta hizkuntza-ondarea defenda dezaten.


5.2.4. Killilea ebazpena,
Europako Parlamentuak 1994ko otsailaren 9an emandako ebazpena, Europako Erkidegoko Eremu Urriko Hizkuntza eta Kulturei buruzkoa[20]

EUROPAKO PARLAMENTUAK,

Ikusirik 1981eko urriaren 16an emandako ebazpena, ebazpen horrek Eskualdeetako Hizkuntza eta Kulturen Europako Gutuna eta Eremu Urriko Etnien Eskubideei buruzko Gutuna aipatzen dituela;

Ikusirik 1983ko otsailaren 11n emandako ebazpena, ebazpen hori eremu urriko hizkuntza eta kulturen aldeko neurriei buruzkoa dela;

Ikusirik 1987ko urriaren 10ean emandako ebazpena, ebazpen hori Europako Erkidegoko eskualdeetako eta eremu urriko etnien hizkuntza eta kulturei buruzkoa dela;

Ikusirik 1993ko urtarrilaren 21ean emandako ebazpena (ebazpen horren arabera, Europako Batzordeak Europako Kontseiluari, Parlamentuari, eta Ekonomia eta Gizarte Batzordeari komunikazioa luzatu zien, “Europako Erkidegoko kultura-ekintzarako ikuspegi berriak” izenburuarekin);

Ikusirik jaun-andre hauek aurkeztutako ebazpen-proposamenak:

Hume jaunak eta beste batzuek, eremu urriko hizkuntzei buruzkoa (B3-0016/90);

Gangoiti Llaguno jaunak, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen sustapenari eta erabilerari buruzkoa (B3-2113/90);

Bandrés Molet jaunak, irratiek euskarazko saioak egiteko behar dituzten baimenei buruzkoa (B3-0523/91);

Van Hemeldonck andreak, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna sinatzeari buruzkoa (B3-1351/92);

Ikusirik Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Europako Kontseiluak Europako konbentzioaren lege-forma eman dio gutun horri, eta sinadurarako aurkeztu da 1992ko azaroaren 5ean);

Ikusirik CSCE izenekoaren giza hedadurari buruz Kopenhagen (1990eko ekainaren 5etik 29a arte) izandako Konferentziaren azken agiria, eta, bereziki, agiri horren IV. kapitulua;

Ikusirik Europa berri baterako Parisko Gutuna (CSCE izenekoa), 1991ko azaroaren 21ean onetsitakoa;

Ikusirik Erregelamenduaren 148. artikulua;

Ikusirik Kultura, Gazteria, Hezkuntza eta Komunikabideen Batzordeak emandako txostena, eta entzunda Herritarren Arazo Juridiko eta Eskubideen Batzordeak emandako iritzia (A3-0042/94);

A. Europako Erkidegoaren Tratatuaren 128. artikuluan jasotako engaiamenduak bultzaturik (horren arabera, Europako Erkidegoak laguntasuna eman behar du estatu kideetako kulturak gara daitezen, aldi berean estatu kide horietako eskualde- eta nazio-aniztasuna errespetatuz);

B. Europako hizkuntza-kulturaren beharra dagoela aldarrikatuz, eta, horren eremuaren barruan, hizkuntza-ondarearen defentsa, hizkuntza-mugen gainditzea, hedadura txikiko hizkuntzen sustatzea eta eremu urriko hizkuntzen babesa barneratzen direla aitorturik;

C. Europa erdialde eta ekialdeko demokratizazio-prozesua eragile izanik, eta, bereziki, demokrazia eskuratu berri duten herriek, euren hizkuntza eta kultura propioak aldarrikatzeko orduan, joera sendoa izan eta joera hori pizgarri izanik;

D. Kontuan harturik herri orok eskubidea duela, bere hizkuntza eta kultura errespetatuak izan daitezen, eta, ondorenez, herri orok aukera izan behar duela, hizkuntza eta kultura horiek babestu eta sustatzeko zein lege-baliabide behar eta baliabide horiek izateko;

E. Kontuan harturik Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasuna haren kultura-aberastasunaren oinarrizko osagaia dela;

F. Kontuan harturik Europar Batasunean hizkuntza-aniztasunaren gaineko babesa eta sustatzea, izatez, gakoak direla Europa baketsu eta demokratikoa eraikitzeko tenorean;

G. Kontuan harturik Europako Erkidegoaren erantzukizuna dela estatu kideei, euren ahaleginetan, laguntasuna ematea, haien kulturak garatzeko eremuan, eta nazio nahiz eskualdeen aniztasuna babesteko orduan, eskualdeen eta gutxiengoen berezko hizkuntzen aniztasuna tartean dela;

H. Kontuan harturik Europako Erkidegoak sustatu beharko lukeela estatu kideen ekintza, batez ere, hizkuntza eta kultura horien gaineko babesa askiez edo ezereza denetan;

I. Kontuan harturik Europako Erkidegoaren betebeharra dela, orobat, estatu elkartuetako nahiz hirugarren estatuetako gobernuekin harremanak dituenean, gutxiengoen eskubideak azpimarratzea; hala denean, aurrekoaz gain, betebeharra du gobernuei laguntasuna emateko, gobernu horiek eskubideok baliaraz ditzaten; kondenatu behar ditu, halaber, eskubide horiek hala nahita ukatzen dituzten guztietan;

J. Kontuan harturik Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunak haren kultura-aniztasuna islatzen duela, eta, maiz asko, aniztasun horri ez zaiola behar den besteko aitorpena egiten;

K. Azpimarraturik hizkuntza oinarrizko osagaia dela, osatze bidean dagoen Europar Batasunaren eremuan elkarrekin komunikatzeko, eta Europa egiteak bateratu behar dituela, bateko, hedadura handiko hizkuntzak komunikazioan erabiltzea, egungo barne mugetan zehar, eta, besteko, hedadura txikiko hizkuntzak babestu eta defendatzea, eskualdeetako nahiz eskualdeez gaindiko eremuetan;

L. Kontuan harturik eremu urriko hizkuntza eta kulturak ere Europako kultura eta ondarearen osagaiak direla, eta, ikuspuntu horretatik, Europako Erkidegoak babes juridikoa eman behar diela, finantza-baliabide egokiak bermatzearekin batera;

M. Kontuan harturik eremu urriko hizkuntza horietatik asko arriskuan daudela eta euren hiztun-kopurua azkar gutxitu dela, hori mehatxu izanik, biztanle-talde zehatz batzuen ongizateari begira; eta, gainera, Europaren sortze-gaitasun osoa, neurri handi batean, txikitu egiten dela gertaera horren ondorioz;

N. Kontuan harturik estatu kideetako gobernuen eginbeharra dela euren hizkuntza ofiziala babestu eta sustatzea, eta eginbehar horri zor zaion osoko errespetuak ezin diela inola ere kalterik egin eremu urriko hizkuntzei, ezta hizkuntza horiek dituzten biztanleei ere, biztanleontzat halako hizkuntzak baitira berezko kultura-eramaileak;

O. Oharturik, edonondik begiratuta, “eremu urriko hizkuntzak eta kulturak” adierazmoldeak ezaugarri eta neurri desberdinetako gertaerak har ditzakeela bere barnean, estatu kideen egoerak ere desberdinak direlako, batez ere horren barruan sartzen badira zenbait estatu kidetan dagoeneko ofizial diren hizkuntza batzuk, hain zuzen ere, behar den moduko hedapena edo pare-pareko estatutua ez dutenak aldameneko estatu kidean edo beste estatu kide batean.

1. Eskaria egiten du 1981eko urriaren 16ko, 1983ko otsailaren 11ko eta 1987ko urriaren 30eko ebazpenetan jasotako printzipioak eta proposamenak, lehen aipatu direnak, bete-betean aplika daitezen.

2. Berriro ere nabarmentzen du beharrezkoa dela estatu kideek euren hizkuntza-gutxiengoak aitortzea, eta lege- nahiz administrazio-neurriak hartzea, hizkuntza horiek iraunarazi eta garatzeko oinarrizko baldintzak sor daitezen.

3. Uste du, berebat, eremu urriko hizkuntza eta kultura guztiek babestuta egon beharko luketela estatu kideetan, horretarako lege-estatutu egokia onetsiz.

4. Bere aburuz, lege-estatutu horrek, gutxienez, jarraikoak barneratu beharko lituzke: hizkuntza eta kultura horien erabilera eta sustapena, hezkuntzaren, kulturaren, justiziaren, Administrazio Publikoaren, komunikabideen eta toponimiaren esparruetan, bai eta bizitza publikoaren eta kultura-bizitzaren gainerako sektoreetan ere. Horri kalterik egin gabe, hedadura handiko hizkuntzak erabili ahal izango dira, estatu kide bakoitzaren barruan, eta Europar Batasunean oro har, komunikazioaren errazteak hori behar duenean.

5. Azpimarratzen du, estatu bateko biztanle batzuen hizkuntza edo kultura ez denean estatu horretan nagusia dena, edota ez denean estatuko zati edo eskualde horretan nagusia dena, horrek ez du diskriminaziorik eragin behar, eta, batez ere, ez duela gizarte-bazterketarik ekarri behar, halakoek oztopatzen dutenean biztanleok enplegua lortzea edo enpleguan irautea.

6. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren alde egiten du, horren lege-forma Europako konbentzioarena dela, eta, tresna eragingarri eta malgu horren bitartez, eremu urriko hizkuntzak babestu eta sustatzen direla.

7. Estatu kideetako gobernuei eskatzen die konbentzio hau presaz sina eta haien parlamentuetan berrets dezaten, oraindik hori egin ez badute. Estatu kideok, une oro, aukeratu beharko dute konbentzioaren paragrafoetatik zein diren euren hizkuntza-erkidegoek dituzten beharrizan eta gurariei gehien egokitzen zaizkienak.

8. Estatu kideetako gobernuei eta tokian tokiko nahiz eskualdeetako agintariei eskatzen die, elkarte espezializatuak susper eta bultza ditzaten, bereziki, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoko estatu kideen batzordeak. Hartara, herritarrek eta euren antolakundeek euren hizkuntzak garatzeko orduan duten erantzukizuna baliatu ahal izango da.

9. Estatu kideei, bai eta eskualdeei eta tokian tokiko talde eskudunei ere, eragiten die, horiek azter dezaten ea aukerarik duten zenbait hitzarmen sinatu, eta, hitzarmen horien bitartez, mugaz gaindiko hizkuntza-instituzioak sortzeko, eremu urriko hizkuntza eta kulturetatik edozeinentzat, halako hizkuntza edo kulturak bi estatu mugakidetan edo gehiagotan erabiltzen direnean, edota estatu kide baten baino gehiagotan aldi berean.

10. Europako Batzordeari honako hau eskatzen dio:

a) Batzordeak, bere eskumenen eremuan, estatu kideei laguntasuna ematea, horiek arlo honetan bideratutako ekimenak aplika ditzaten.

b) Batzordeak, eremu guztietan Europako Erkidegoaren politika prestatzeko orduan, kontuan hartzea eremu urriko hizkuntzak eta horien kulturak; eta, horrekin batera, hezkuntza- eta kultura-programa guztietan (besteak beste, Europarentzako Gazteria, ERASMUS, TEMPUS, Europako Dimentsioa, Europako Plataforma, MEDIA, literatura garaikidea itzultzeko proiektuetan…), beharrezko xedapenak onestea eremu urriko hizkuntzen erabiltzaileek izan ditzaketen premiei erantzuteko, eremu zabaleko erabiltzaileenak bezainbeste.

c) Eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzea, Europako Erkidegoaren ikus-entzunezko politikan, adibidez, bereizmen handiko telebistari dagokionez. Orobat, laguntasuna ematea eremu urriko hizkuntzetan egindako ekoizpen eta emanaldiei, 16:9 formatuan programa berriak ekoitz daitezen.

d) Telekomunikazioen teknologia digital modernoaren erabilera bermatzea, horri esker satelite nahiz kable bidezko irrati-hedapeneko transmisioak gehi baitaitezke, eta, bide batez, eremu urriko hizkuntza gehiago zabal.

e) Ahalik arinen, eta LINGUA egitasmoa abiapuntu moduan harturik, programa zehatza abian jartzea, eremu urriko hizkuntzentzat; horretarako, dagoeneko garatuta dauden sareak (esaterako, MERCATOR hezkuntza-sarea) erabil daitezke, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoak burutzen dituen jardueren esparruan.

f) Europako Erkidegoan eremu urriko hizkuntzei buruzko mapa zientifikoa, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoak prestatu duena, zuzendu eta osatu ondoren, horren berehalako argitalpena erraztea.

g) Europako Erkidegoen tratatuak, eta Europako Erkidegoaren oinarrizko xedapenak nahiz informazioak, bai eta horien guztien jarduerak ere, Europar Batasunean eremu urriko hizkuntzetan argitara daitezen bultzatzea.

11. Europako Kontseiluari eta Europako Batzordeari honako hau eskatzen die:

a) Europako antolakunde jakin batzuek (bereziki, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoak) eremu urriko hizkuntzak ordezkatzen dituztenez gero, antolakunde horiek laguntzeari eta sustatzeari ekitea, eta beharrezkoak diren baliabideak haiei helaraztea.

b) Europako programa jakin batzuk eremu urriko hizkuntzen aldekoak eta horien kulturen aldekoak direnez gero, programa horientzat egoki diren aurrekontu-zuzkidurak bermatzea, eta, gai horretan, urte anitzeko ekintza-programa proposatzea.

c) Eskualdeetako hizkuntza- eta kultura-oinordetza behar bezala aitortzea, euren eskualde-politika garatzeko orduan eta FEDERen baliabideak esleitzeko orduan; halaber, eskualdeen garapenerako proiektu integratuei laguntza ematea, baldin eta proiektu horietan zenbait neurri jasotzen badira, eskualdeetako hizkuntzak eta kulturak sustatzeko; orobat, euren gizarte-politika aplikatzeko orduan eta FSEren baliabideak esleitzeko orduan.

d) Europa zentral nahiz ekialdeko herrietan, eremu urriko hizkuntzen erabiltzaileen beharrizanak behar den moduan aintzakotzat hartzea, ekonomia eta gizartea berrosatzeko helburuarekin Europako programak garatzen direnean, eta, zehatz-mehatz, PHARE programaren eremuan.

e) Eremu urriko hizkuntzen artean, edo Europako Erkidegoko hizkuntzak xede-hizkuntza direla, liburuak eta literaturako lanak itzul daitezen, eta filmei azpitituluak jar dakizkien, sustatzea.

f) Eremu urriko hizkuntzak sustatzeko orduan bermatzea Europako Erkidegoak ez diela kalterik egiten garrantzi handiagoko hizkuntza nazionalei; aitzitik, bermatu behar da sustatze horrek ez diola inola ere kalterik egiten eremu zabaleko hizkuntza horien irakaskuntzari.

12. Itsasoz bestaldeko hizkuntzak estatu kideetako lurralde jakin batzuetan hitz egiten direnean, hizkuntza horiek eta kontinenteko hizkuntzek eskubide eta xedapen berberak izatea eskatzen du.

13. Lurralde-hizkuntza ez diren berezko hizkuntzen kasuan (berbarako, ijitoen hizkuntza, sinto hizkuntza eta yiddish izenekoa), organo eskudun guztiei eskatzen die mutatis mutandis aplikatzea ebazpen honetan ezarritako gomendioak.

14. Azpimarratzen du ebazpen honetan jasotako gomendioek ez dutela inola ere mehatxupean jartzen estatu kideen lurralde-osotasuna, ezta ordena publikoa ere. Gainera, gomendio horiek ez dira interpretatu behar, edozein jarduera edo ekintza burutzeko eskubide gisa, baldin eta jarduera edo ekintza horrek urratzen baditu Nazio Batuen Gutunak dituen helburuak edota nazioarteko legerian ezarritako betebeharretatik beste edozein.

15. Bere lehendakariari agintzen dio ebazpen hau helaraz diezaien Europako Batzordeari, Kontseiluari, estatu kideetako gobernu zentralei nahiz eskualdeetako gobernuei, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioari, Europako Toki eta Eskualdeetako Botereen Batzar Iraunkorrari, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Batzarrari, Nazio Batuei eta UNESCOri.


5.2.5. Maastrichteko Tratatua,
1992ko otsailaren 7koa[21][22]: 128. artikulua

128. artikulua

1. Erkidegoak laguntasuna emango du estatu kideetako kulturak loratu daitezen, betiere haien nazio- eta eskualde-aniztasuna errespetatuz, eta, aldi berean, erkide duten kultura-ondarea azpimarratuz.

2. Erkidegoaren ekintzak erraztu egingo du estatu kideen arteko lankidetza; eta, beharrezkoa bada, laguntasuna eman eta osatu egingo du haien ekintza honako eremu hauetan:

Europako herrien ezagutza hobetzean, eta haien kultura eta historia zabaltzean;

Europan garrantzia duen kultura-ondarea iraunarazi eta babestean;

merkataritzakoak ez diren kultura-trukeetan;

artea eta literatura sortzean, ikus-entzunezko sektorea barne harturik.

3. Erkidegoak eta estatu kideek sustatu egingo dute beste herrialde batzuekin eta kulturaren eremuan eskudun diren nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea, bereziki Europako Kontseiluarekin.

4. Erkidegoak, tratatu honen xedapenen ondorioz diharduenean, kontuan hartuko ditu kultura-alderdiak.

5. Artikulu honen helburuak lortzen laguntzeko, Europako Kontseiluak hartuko ditu:

aho batez, 189 B artikuluan ezarritako prozedura dela medio, eta aurretiaz Eskualdeetako Lantaldeari kontsulta eginez, sustapen-neurriak, estatu kideen lege- eta erregelamendu-xedapenak harmonizatzeari kalterik egin gabe. Kontseiluak ahobatezko iritziak ematen ditu, 189 B artikuluan ezarritako prozedura osoan zehar.

eta, aho batez, Batzordeak hala proposatuta, gomendioak emango ditu.


5.2.6. Nizako Tratatua,
2000ko abenduaren 7koa,
Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna[23]:
21. eta 22. artikuluak

21. artikulua.– Diskriminaziorik ez

1. Diskriminazio oro debekatuta dago, batez ere, diskriminazioaren eragilea denean sexua, arraza, kolorea, etnia- edo gizarte-jatorriak, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa, pentsamoldeak, iritzi politikoak nahiz beste edozein motatako iritziak, gutxiengo nazional bateko izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina edota sexu-joera.

2. Nazionalitatearen ondoriozko diskriminazio oro debekatuta dago tratatuak aplikatzen diren eremuan, aipatu tratatu horiek kasuan kasuko xedapenetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

22. artikulua.– Kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna

Batasunak errespetatu egiten du kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna.


5.2.7. Nizako Tratatua, 2001eko otsailaren 26koa, Europar Batasunaren Tratatua, Europako erkidegoak eratzeko tratatuak eta zenbait egintza aldatzen dituena[24][25]: 2., 3., 13. eta 64. artikuluak

LEHEN ZATIA
Funtsezko aldaketak

2. artikulua

45) 290. artikuluaren ordez testu hau jarriko da:

«290. artikulua

»Kontseiluak finkatuko du, aho batez, Erkidegoko instituzioen hizkuntza-araubidea, Justizia Auzitegiaren Estatutuan aurreikusitako xedapenei kalterik egin gabe».

3. artikulua

24) 190 artikuluaren ordez testu hau jarriko da:

«190. artikulua

»Kontseiluak finkatuko du, aho batez, Erkidegoko instituzioen hizkuntza-araubidea, Justizia Auzitegiaren Estatutuan aurreikusitako xedapenei kalterik egin gabe».

BIGARREN ZATIA
Xedapen iragankorrak eta azken xedapenak

13. artikulua

Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, danieraz, espainieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, nederlanderaz, portugesez eta suedieraz. Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan jasoko dira. Gobernu horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatuetako gobernu sinatzaileei.

B. protokoloa, Europar Batasunaren Tratatuaren, Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren eranskina dena

Justizia Auzitegiaren Estatutuaren Protokoloa

V. TITULUA
Azken xedapenak

64. artikulua

Estatutu honetan, Justizia Auzitegiari eta Lehen Auzialdiko Auzitegiari aplikatu beharreko arauak onartzen diren arte, Justizia Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduan eta Lehen Auzialdiko Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduan hizkuntza-araubideari buruz ezarritako xedapenak izango dira aplikagarri. Xedapen horiek aldatzeko edo indargabetzeko, estatutu honetan aldaketak egiteko ezarritako prozeduraren arabera jokatu beharko da.


5.2.8. Erromako Tratatua, Europarentzat Konstituzio bat eratzen duen Tratatua,
2004ko urriaren 29koa[26]:
I-3, II-82, III-280 eta I-448 artikuluak

I-3 artikulua. Batasunaren xedeak

1. Batasunak bakea, bere balioak eta bere herrien ongizatea sustatzea du helburu.

2. Batasunak barne-mugarik gabeko askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparrua eskainiko die herritarrei, eta lehia askea eta faltsutu gabea izango duen barne-merkatua.

3. Batasunak Europaren garapen jasangarriaren alde egingo du lan, horretarako oinarritzat hartuta ekonomia-hazkunde orekatua eta prezioen egonkortasuna, enplegu betea eta gizartearen aurrerabidea jomuga dituen lehiakortasun handiko merkatuko ekonomia soziala eta ingurumenaren babes-maila eta kalitatearen hobekuntza-maila handia. Era berean, aurrerabide zientifikoa eta teknikoa ere sustatuko ditu.

Batasunak gizarteko bazterketaren eta diskriminazioaren aurka egingo du, eta gizarte-justizia eta -babesa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, belaunaldien arteko elkartasuna eta haurren eskubideen babesa sustatuko ditu.

Batasunak estatu kideen arteko ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta elkartasuna bultzatuko ditu.

Batasunak bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatuko du, eta Europaren kultura-ondarea zaintzeko eta garatzeko ardura izango du.

4. Munduko gainerakoekin dituen harremanetan Batasunak bere balioak eta interesak indartu eta sustatuko ditu. Bakea, segurtasuna, Lurraren garapen jasangarria, herrien arteko elkartasuna eta errespetua, merkataritza aske eta zuzena, pobretasuna ezabatzea eta giza eskubideak —batez ere haurren eskubideak— babestea, nazioarteko zuzenbidea zorrotz bete eta garatzea, eta, bereziki, Nazio Batuen Gutunaren printzipioen errespetua bultzatuko ditu.

5. Batasunak bitarteko egokiak erabiliko ditu bere helburuak lortzeko, Konstituzioan ematen zaizkion eskumenen arabera.

II-82 artikulua. Kultura-aniztasuna, erlijio-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna

Batasunak kultura-aniztasuna, erlijio-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen ditu.

III-280 artikulua

1. Estatu kideetako kulturak suspertzen lagunduko du Batasunak, barruko nazio eta eskualdeen aniztasuna errespetatuz, eta, aldi berean, kultura-ondare erkidea nabarmenduz.

2. Batasunaren ekintzaren helburua izango da estatu kideen arteko lankidetza sustatzea eta, beharrezkoa bada, honako eremu hauetan estatu horien lana babestea eta osatzea:

a) Europako herrien kultura eta historia hobeto ezagutu eta zabaltzea;

b) Europarako garrantzizkoa den kultura-ondarea zaindu eta babestea;

c) merkataritza-izaerarik ez duten kultura-trukeak;

d) arte eta literaturako sorkuntza, ikus-entzunezko sektorea barnean hartuta.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza bultzatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, bestetik, kultura-gaietan eskumenak dituzten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4. Konstituzio honen beste xedapenen indarrez jardun behar duenean, Batasunak kultura-ikuspegiak ere hartuko ditu kontuan, bereziki bertako kulturen aniztasuna errespetatu eta sustatzeko.

5. Errazagoa izan dadin artikulu honetan aipaturik datozen helburuak lortzea:

a) Europar legeak edo esparru-legeak hainbat sustapen-neurri zehaztuko du, estatu kideen lege- eta erregelamendu-xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro alde batera utzita. Eskualdeetako Lantaldeari aurretiaz kontsulta eginda onetsiko da europar lege edo esparru-lege hori;

b) Batzordeak proposaturik, Kontseiluak gomendioak emango ditu.

IV-448 artikulua. Testu kautoak eta itzulpenak

1. Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, txekieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz, malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez eta suedieraz. Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan jasoko dira. Gobernu horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatuetako gobernu sinatzaileei.

2. Tratatu hau estatu kideek zehaztuko dituzten beste hizkuntzetara itzuli ahal izango da, baldin eta estatu horietako konstituzio-ordenamenduaren arabera maila ofiziala badute lurralde osoan edo zati batean. Kasuan kasuko estatu kideak itzulpen horien kopia ziurtatua bidaliko du, Kontseiluaren artxiboetan gordetzeko.

5.2.9. Lisboako Tratatua, 2007ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Tratatua eta Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatua aldatu dituena[27]

I. TITULUA
Xedapen erkideak

3. artikulua
(Europar Batasunaren Tratatuaren lehengo 2. artikulua)

3. […]

[…]

[…]

Batasunak bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatuko du, eta Europaren kultura-ondarea zaintzeko eta garatzeko ardura izango du.

VI. TITULUA
Azken xedapenak

55. artikulua
(Europar Batasunaren Tratatuaren lehengo 53. artikulua)

1. Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, bulgarieraz, txekieraz, kroazieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz, malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez, errumanieraz eta suedieraz. Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan jasoko dira. Gobernu horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatuetako gobernu sinatzaileei.

2. 2. Tratatu hau estatu kideek zehaztuko dituzten beste hizkuntzetara ere itzuli ahal izango da, baldin eta hizkuntza horiek estatu horietako konstituzio-ordenamenduaren arabera maila ofiziala badute lurralde osoan edo zati batean. Kasuan kasuko estatu kideak itzulpen horien kopia ziurtatua bidaliko du, Kontseiluaren artxiboetan gordetzeko.

BIGARREN ZATIA
Diskriminaziorik eza eta Batasuneko herritartasuna

20. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 17. artikulua)

[…]

2. Batasuneko herritarrak tratatuetan ezarritako eskubideen titular eta eginbeharren mendeko dira. Besteak beste, eskubide hauek dituzte:

[…]

d) Tratatuen hizkuntzetako bat erabiltzeko eta erantzuna hizkuntza horrexetan jasotzeko eskubidea dute, Europako Parlamentuari eskaerak egin, Europako Arartekoarengana jo eta Batasuneko instituzio eta organo aholku-emaileei zuzentzean.

24. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 21. artikulua)

[…]

[…]

[…]

Batasuneko herritar orok idatziz jo ahal izango du artikulu honetan edo Europar Batasunaren Tratatuaren 13. artikuluan aipatutako instituzio edo organismoetatik edozeinetara tratatu horren 55. artikuluko 1. apartatuan aipatutako hizkuntzetako batean, eta erantzuna hizkuntza horretan jaso ahal izango du.

VII. TITULUA
Lehiari, fiskalitateari, eta legeriak hurbiltzeari buruzko arau erkideak

3. KAPITULUA
Legeriak elkarri hurbiltzea

118. artikulua

[…]

Kontseiluak, legegintza-prozedura berezi baten arabera, erregelamenduen bidez ezarriko ditu Europako tituluen hizkuntza-araubideak. Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

XII. TITULUA
Hezkuntza, lanbide-heziketa, gazteria eta kirola

165. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 149. artikulua)

1. Batasunak kalitatezko hezkuntza garatzen lagunduko du, estatu kideen arteko lankidetza sustatuz, eta, beharrezkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatuz eta osatuz, betiere estatuen erantzukizunak errespetatuz irakaskuntzaren edukiei eta hezkuntza-sistemaren antolaketari dagokienez, eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.

[…]

2. Batasunaren ekintzak puntu hauek ditu jomuga:

— irakaskuntzan europartasuna garatzea, batez ere estatu kideetako hizkuntzak ikasiz eta zabalduz;

[…]

XIII. TITULUA
Kultura

167. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 151. artikulua)

1. Estatu kideetako kulturak suspertzen lagunduko du Batasunak, barruko nazio eta eskualdeen aniztasuna errespetatuz, eta, aldi berean, kultura-ondare erkidea nabarmenduz.

2. Batasunaren ekintzak estatu kideen arteko lankidetza suspertuko du, eta, beharrezkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatu eta osatuko du eremu hauetan:

— Europako herrien kultura eta historia hobeto ezagutu eta zabaltzen;

— Europarako garrantzizkoa den kultura-ondarea zaindu eta babesten;

— merkataritzakoak ez diren kultura-trukeak egiten;

— arte eta literaturako sorkuntzan, ikus-entzunezko sektorea barnean hartuta.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza sustatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, bestetik, kultura-gaietan eskumenak dituzten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4. Tratatu honetako beste xedapenen indarrez jardun behar duenean, Batasunak kultura-ikuspegiak hartuko ditu kontuan, bereziki bertako kultura-aniztasuna errespetatu eta sustatzeko.

5. Errazagoa izan dadin artikulu honetako helburuak lortzea:

— Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintza-prozedura arruntaren arabera, eta Eskualdeetako Lantaldeari kontsulta egin ondoren, sustapen-neurriak hartuko dituzte, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak albo batera utzita.

— Batzordeak proposaturik, Kontseiluak gomendioak emango ditu.

II. TITULUA
Merkataritza-politika bateratua

207. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 133. artikulua)

[…]

[…]

3. Hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde batekin edo batzuekin akordioak negoziatu edo egin behar badira, 218. artikulua aplikatu beharko da, artikulu honetako berariazko xedapenei kalterik egin gabe.

[…]

4. Hirugarren apartatuan aipaturiko akordioak negoziatzeko eta egiteko, Kontseiluak gehiengo kalifikatu bidez erabakiko du.

[…]

Honako akordio hauek negoziatzeko eta egiteko ere, Kontseiluak aho batez hartuko ditu erabakiak:

a) kulturako eta ikus-entzunezko zerbitzu-merkataritzaren eremuko akordioak, baldin eta akordio horiek Batasuneko kulturen eta hizkuntzen aniztasunari kalte egin badiezaiokete;

[…]

SEIGARREN ZATIA
Xedapen instituzional eta finantzarioak

I. TITULUA
Xedapen instituzionalak

3. KAPITULUA
Batasunaren organo aholku-emaileak

300. artikulua

[…]

2. Ekonomia eta Gizarte Lantaldea osatzeko, enpresaburuen eta langileen erakundeetatik eta gizarte zibilaren ordezkaritza duten beste sektore batzuetatik hartuko dira ordezkariak, batez ere, eremu sozioekonomikotik zein herritar-, lanbide- eta kultura-eremuetatik.

[…]


ZAZPIGARREN ZATIA
Xedapen orokorrak eta azken xedapenak

342. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 290. artikulua)

Kontseiluak erregelamenduen bitartez finkatuko du Batasuneko instituzioen hizkuntza-araubidea, aho batez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuan aurreikusitako xedapenei kalterik egin gabe.

1. protokoloa, estatuetako parlamentuek Europar Batasunean duten egitekoari buruzkoa

4. artikulua

Legegintzako egintza baten proiektua Batasuneko hizkuntza ofizialetan idatzirik estatuetako parlamentuen esku uzten den unetik, proiektu hori Kontseiluaren behin-behineko gai-zerrendan sartzen den arte —onartua izan dadin edo legegintza-prozedura batean horri buruzko jarrera bat har dadin—, zortzi asteko tarte bat utzi beharko da. Presako kasuetan, salbuespenak egin ahal izango dira, eta Kontseiluaren egintzan edo jarreran aipatuko dira salbuespen horien arrazoiak. Behar bezala arrazoitutako presako kasuetan izan ezik, ezin izango da inolako akordiorik egin legegintzako egintza proiektu baten gainean. Legegintzako egintza proiektu bat Kontseiluaren behin-behineko gai-zerrendan sartu eta proiektu horri buruzko jarrera bat hartu arte, hamar eguneko tartea igaro beharko da, behar bezala arrazoitutako presako kasuetan izan ezik.

2. protokoloa, subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen aplikazioari buruzkoa

6. artikulua

Estatuetako parlamentu orok eta parlamentu horietako ganbera orok, legegintzako egintza baten proiektua igortzen denetik kontatzen hasita zortzi asteko epean, irizpen arrazoitu bat igorri ahalko die Europako Parlamentuko lehendakariari, Kontseiluko lehendakariari eta Batzordeko lehendakariari, Batasuneko hizkuntza ofizialetan idatzita; bertan, proiektua subsidiariotasun-printzipioari zergatik ez zaion egokitzen azaldu beharko du. Estatuko parlamentu bakoitzaren edo estatuko parlamentuetako ganbera bakoitzaren egitekoa da, hala dagokionean, legegintza-eskumenak dituzten eskualdeetako parlamentuei kontsultatzea.

3. protokoloa, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuari buruzkoa

V. TITULUA
Azken xedapenak

64. artikulua

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari aplikatu beharreko hizkuntza-araubideari buruzko arauak Kontseiluaren erregelamendu baten bidez ezarriko dira; Kontseiluak aho batez erabakiko du. Erregelamendu hori onartuko da, dela Justizia Auzitegiak eskatuta eta Batzordeari eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, dela Batzordeak proposatuta eta Justizia Auzitegiari eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda.

Arau horiek onartzen diren arte, Justizia Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduan eta Auzitegi Orokorraren Prozedura Erregelamenduan hizkuntza-araubideari buruz ezarritako xedapenak izango dira aplikagarri. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 253. eta 254. artikuluetan xedatutakoa gorabehera, xedapen horiek aldatzeko edo indargabetzeko, Kontseiluaren ahobatezko onespena beharko da.

I. eranskina
Europar Batasuneko Funtzio Publikoko Auzitegia

7. artikulua

2. Auzitegi Orokorraren hizkuntza-araubideari buruzko xedapenak Funtzio Publikoko Auzitegiari ere aplikatuko zaizkio.

26. protokoloa, interes orokorreko zerbitzuei buruzkoa

1. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 14. artikuluari jarraituz, Batasunaren balio erkideek, ekonomia-interes orokorreko zerbitzuei dagozkienez, zehazki honako printzipio hauek hartzen dituzte barne:

[…]

— ekonomia-interes orokorreko zerbitzuak askotarikoak dira, eta geografia-, gizarte- eta kultura-egoera desberdinen ondorioz erabiltzaileek izan ditzaketen beharrak eta lehentasunak ere oso desberdinak dira;

[…]


29. protokoloa, estatu kideetako irrati-difusio publikoaren sistemari buruzkoa

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ estatu kideetako irrati-difusio publikoaren sistema zuzenean lotzen dela gizarte bakoitzak demokrazia, gizarte eta kulturako gaietan dituen beharrekin eta komunikabideen pluraltasuna zaindu beharrarekin,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Tratatuetako xedapenak estatu kideek irrati-difusioaren zerbitzu publikoa finantzatzeko duten ahalmenari kalterik egin gabe izango dira, betiere, finantzaketa hori irrati-difusioko organismoei ematen bazaie estatu kide bakoitzak zerbitzu publiko horren eginkizunak izendatu, zehaztu eta antolatuta dauzkan moduan bete ditzan, eta, bestetik, finantzaketa horrek Batasuneko merkataritza-baldintzei eta lehiari interes komunaren kontrakoa litzatekeen neurri batean erasaten ez badie, betiere, zerbitzu publiko horren eginkizuna gauzatzen dela kontuan hartuta.

A. Tratatuetako xedapenei buruzko adierazpenak

16. Europar Batasunaren Tratatuaren 53. artikuluko 2. apartatuari buruzko adierazpena

Konferentziak hau uste du: Tratatuak 53. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren hizkuntzetara itzultzeko aukera emanez, Batasuneko kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatzeko xedea betetzen laguntzen dela, alegia, 2. artikuluko 3. apartatuaren laugarren paragrafoan adierazitako xedea. Hala, Konferentziak baieztatu egiten du Batasunak Europaren kultura-aniztasunaren alde eta aipatutako hizkuntza horiei eta beste batzuei arreta berezia jartzen jarraitzearen alde hartzen duen konpromisoa.

Konferentziak gomendio hau egiten du: 53. artikuluko 2. apartatuan aitortzen den aukera erabili nahi duten estatu kideek, Lisboako Tratatua sinatutako egunean hasitako sei hilabeteko epearen barruan, jakinarazi diezaiotela Kontseiluari tratatuak zein hizkuntzatara itzuliko diren.


5.2.10. Europako Parlamentuaren 2013ko irailaren 11ko ebazpena, desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzkoa[28]

Europako Parlamentuak,

Ikusirik Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikulua eta 3. artikulua, 3. apartatua,

Ikusirik Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. artikulua, 1. apartatua, eta 22. artikulua,

Ikusirik Europako Batzordearen Euromosaic azterlana, Europako hizkuntzen desagerpenaren berri ematen duena gaur egun indarrean diren lanabesek ez dituztelako babesten,

Ikusirik Kultura-ondare ez-materiala babesteko Unescoren 2003ko urriaren 17ko Konbentzioa, ahozko tradizio eta adierazpideak kontuan hartzen dituena, hizkuntza barne, kultura-ondare ez-materialaren bideratzaile den aldetik,

Ikusirik Kultura-adierazpideen aniztasuna babestu eta sustatzeko Unescoren 2005eko urriaren 20ko Konbentzioa,

Ikusirik Unescok argitaratutako Arriskuan dauden Munduko Hizkuntzen Atlasa,

Ikusirik Europako Kontseiluko Europako Toki eta Eskualdeetako Botereen Lantaldearen 2010eko martxoaren 18ko ebazpena, «Les langues minoritaires : un atout pour le développement régional» (Hizkuntza gutxituak: eskualde-garapenerako aukera) izenburupean (301/2010)[29],

Ikusirik Europako Kontseiluaren 12423/2010 txostena, 1769/2010 ebazpena eta 1944/2010 gomendioa,

Ikusirik Batzordearen 2008ko irailaren 18ko Adierazpena, «Eleaniztasuna: Europarentzat abantaila eta konpromiso partekatua» izenburupean (COM(2008)0566),

Ikusirik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko gomendioa, bizitza osoko ikaskuntzarako gaitasun giltzarriei buruzkoa[30],

Ikusirik Eskualdeetako Lantaldearen iritzia, Lisboako Tratatuaren arabera Hizkuntza-gutxiengo historikoen babesari eta garapenari buruzkoa[31],

Ikusirik Kontseiluaren 2008ko azaroaren 21eko ebazpena, eleaniztasunari buruzko estrategia europarrari buruzkoa[32],

Ikusirik Europako Kontseiluaren 1992ko azaroaren 5eko Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna,

Ikusirik Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1996),

Ikusirik Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru-konbentzioa (1995),

Ikusirik haren 2004ko urtarrilaren 14ko ebazpena, kultura-aniztasuna babestu eta sustatzeari buruzkoa: Europako eskualdeen eta Unesco eta Europako Kontseilua bezalako nazioarteko erakundeen zeregina[33], eta haren 2003ko irailaren 4ko ebazpena, Europako eskualde-hizkuntzei eta eremu urrikoei buruzkoa —gutxiengoen hizkuntzak Europar Batasunean hedapenaren eta kultura-aniztasunaren testuinguruan—[34],

Ikusirik haren 2003ko urtarrilaren 14ko ebazpena, toki- eta eskualde-aginteek Europaren eraikuntzan duten egitekoari buruzkoa[35], Europako hizkuntza-aniztasunari dagokiona,

Ikusirik haren 2009ko martxoaren 24ko ebazpena, eleaniztasunari buruzkoa: Eleaniztasuna: Europarentzat abantaila eta konpromiso partekatua[36],

Ikusirik Europako Parlamentuaren 2008ko irailaren 25eko ebazpena, Europako hirugarren sektoreko hedabideei buruzkoa[37],

Ikusirik haren Erregelamenduaren 48. artikulua,

Ikusirik Kultura eta Hezkuntza Batzordearen txostena (A7-0239/2013),

A. Aintzat harturik Lisboako Tratatuak Europar Batasunaren kultura- eta hizkuntza-ondarea bere zabalean babesteko eta sustatzeko helburua indartzen duela;

B. Aintzat harturik hizkuntzen eta kulturen aniztasuna Europar Batasunaren funtsezko sortarau dela, Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 22. artikuluan finkatzen den bezala: «Batasunak kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen du»;

C. Aintzat harturik hizkuntzen aniztasuna herritarren eskubide gisa aitortuta dagoela Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. eta 22. artikuluetan eta, ondorioz, hizkuntza bakarra ezarri nahi izatea Batasunaren funtsezko balioak ahultzea eta urratzea dela;

D. Aintzat harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak Europako kultura-ondarearen osagaitzat hartu beharko liratekeela, eta ez helburu politiko, etniko nahiz lurraldetasunezkoak bultzatzeko bide gisa;

E. Aintzat harturik Europako hizkuntza guztiek balio eta duintasun bera dutela, bertako kulturen eta zibilizazioen osagai direla eta gizadiaren aberasgarri;

F. Aintzat harturik barne kohesio handiko gizarte eleaniztunek, eleaniztasuna modu demokratiko eta jasangarrian kudeatzen dutenek, pluraltasuna areagotzen dutela, irekiagoak direla eta hizkuntza-aniztasun orok dakarren aberastasuna handitzeko ere baliagarriagoak direla;

G. Aintzat harturik hizkuntza guztiek, baita desagertzeko arriskuan daudenek ere, Europar Batasunaren aberastasuna eta aniztasuna eta europar nortasunaren oinarriak indartzen dituzten historiaren, gizartearen eta kulturaren jakinbidea islatzen dutela eta, horregatik, herrialde bakoitzeko hizkuntza-aniztasuna eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak egotea aukera gisa ulertu behar dela, ez zama bat bezala, eta bere horretan bultzatu eta sustatu beharko liratekeela;

H. Aintzat harturik Unescok, Arriskuan dauden Munduko Hizkuntzen Atlasean zehazten duela hizkuntza bat desagertzeko arriskuan dela baldin eta honako irizpide zientifikoren bat edo batzuk betetzen ez baditu: hizkuntzaren belaunaldi arteko transmisioa, hiztun kopurua, hiztunen proportzioa biztanleria osoan, hizkuntzaren erabilera eremu publiko eta pribatuetan, hedabide berriekiko egoera, hizkuntza ikasteko eta irakasteko materialak egotea, gobernu eta instituzioen hizkuntzarekiko jarrerak eta politikak, ofizialtasuna eta erabilera ofiziala bereziki, hiztunen hizkuntzarekiko jarrera, dokumentazioaren mota eta kalitatea;

I. Aintzat harturik Kultura-adierazpideen aniztasuna babestu eta sustatzeko Unescoren 2005eko Konbentzioaren arabera estatu kideek kulturgintza, kultura-ondasunak eta -zerbitzuak babesteko neurri egokiak hartu ditzaketela, bereziki ekintza, ondasun eta zerbitzu horietan erabilitako hizkuntzei dagozkien neurriak, bai bakoitzaren lurraldean kultura-adierazpideen aniztasuna sustatze aldera, bai nazioarteko akordioen mailan;

J. Aintzat harturik Europako Kontseiluaren Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, Batasunaren kide diren hamasei estatuk berronetsitakoa, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen babeserako erreferentzia dela eta gutxiengoen babeserako tresna, bi hauek izanik estatuek Batasunean sartzeko bete behar dituzten Kopenhageko irizpideetan finkatutako puntuetako bi;

K. Aintzat harturik Unescok dioenez Europako herrialde guztietan, itsasoz haraindiko Europaren mendeko lurraldeetan eta Batasuneko gizatalde nomaden baitan badirela belaunaldi artean ahoz baino transmititzen ez diren hizkuntzak eta, horrenbesterekin, desagertzeko arriskuan direla jo behar dela; desagertzeko arriskuan dauden Europako zenbait hizkuntza, mugez gaindiko gizatalde batzuetan mintzatzen direla eta babes-maila desberdinak dituztela hiztunak kokatutako estatu kidearen edota eskualdearen arabera;

L. Aintzat harturik, horrela, zenbait herrialde eta eskualdetan badirela desagertzeko arriskuan dauden edota desagertzen ari diren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak, alboko herrialdeetan ofizialtasuna eta gehiengoa duten bitartean;

M. Aintzat harturik, naturaren aniztasun biologikoa bezalaxe, Europako kulturen eta hizkuntzen aniztasuna gure gizarteen garapen jasangarrirako beharrezko den ondare biziaren osagai direla eta, horregatik, desagertzeko arriskutik zaindu eta babestu beharra dagoela;

N. Aintzat harturik hizkuntza-aniztasunaren errespetuak gizarte-kohesioa indartzen duela, elkar-ulertzea, autoestimua eta irekitasuna areagotuz, eta hizkuntza-aniztasunak kulturarako irispidea errazten duela eta sormena eta kultura-artekotasuna pizten dituela, herrien eta herrialdeen arteko lankidetza bultzatzeaz gain;

O. Aintzat harturik Lisboako Tratatuaren 167. artikuluak argi eta garbi adierazten duela «Batasunak estatu kideetako kulturen loratzea bultzatuko du, beren nazio- eta eskualde-aniztasunarekiko errespetuaren barruan» eta, beraz, animatzen du ez bakarrik Batasuneko hizkuntza-ondarearen aberastasuna, aniztasun horren zati bat denez, zaindu eta babesteko ekitera, baizik eta baita ondare hori hobetzen eta loratzen ahalegintzera, estatu kideek garatutako politikez gain;

P. Aintzat harturik Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunak, hizkuntza ofizialez gain, estatu kideetako hizkuntza koofizialak, eskualdeetako hizkuntzak eta inongo ofizialtasun-mailarik ez duten hizkuntzak ere hartzen dituela;

Q. Aintzat harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei buruz ari garenean lurralde jakin batean bakarrik arriskupean dauden hizkuntzak sartzen direla, eremu batean hiztun-kopurua nabarmen behera doanean eta errolda batetik hurrengora egindako estatistikek hiztunen kopurua nabarmen jaitsi dela erakusten dutenean;

R. Aintzat harturik estatu kideetako hizkuntza ofizialak arriskuan izan daitezkeela Batasunaren beste eskualde batzuetan;

S. Aintzat harturik, zenbait hizkuntzaren egoeraren larriagatik, arreta berezia eskaini beharko litzaiekeela suntsitzeko arriskuan dauden hizkuntzei, kulturen eta hizkuntzen aniztasuna onartuz, jasaten dituzten aurreiritziak aurkaratzeko neurriak hartuz eta asimilazio-ikuspegia baztertuz, bai Europa mailan, bai estatuen mailan;

T. Aintzat harturik eraginkorrena ikasketak ama-hizkuntzan egitea dela;

U. Aintzat harturik haurrek ikasketak txiki-txikitatik ama-hizkuntzan eginez eta alboz albo hizkuntza ofiziala ikasiz, hizkuntza gehiago ikasteko ahalmena areagotuko dutela, eta eleaniztasuna europar gazteentzat abantailatsu dela;

V. Aintzat harturik Europan arriskuan dauden hizkuntzek jasaten duten mehatxua arindu daitekeela baldin eta bizitza publikoan eta justizia-administrazioan hizkuntza horiek modu proportzionalean tratatzen badira, betiere berdintasun-arauz eta aniztasunaren mesedetan;

W. Aintzat harturik hizkuntza baten irautean eta geroratzean garrantzi handia dutela sarritan eskolaz kanpoko heziketak eta heziketa ez-formalak, eta garrantzizkoa dela testuinguru horretan arte-elkarteek eta artistek betetzen duten lekua aitortzea;

X. Aintzat harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen kontuei ez zaiela behar bezalako arreta berezia eskaini Europako Batzordearen eleaniztasunarekiko politiken esparruan; kontuan hartuz azken bi urte anitzeko finantza-esparruetan (2000-2007 eta 2007-2013) hizkuntza horientzako europar finantzaketak murrizketa nabarmenak jasan dituela, horren ondorioz hizkuntzon estualdiak areagotuz, eta hurrengo urte anitzeko finantza-esparruan (2014-2020) beste horrenbeste gertatu ez dadin kontu egin behar dela;

1. Eskatzen die Europar Batasunari eta estatu kideei arreta handiagoa eskaini diezaiotela desagertzeko arriskuan dauden Europako hainbat hizkuntzak jasaten duten egoera larriari eta konpromiso sendoa har dezatela Batasunaren hizkuntza- eta kultura-ondarearen aniztasun aparta zaintzeko eta sustatzeko, hizkuntzok suspertzeko politika ekintzaile eta handizaleak garatuz eta helburu horretarako arrazoizko aurrekontua bideratuz; gomendatzen du, halaber, politika horien xede izan dadila gizatalde horiek gorpuzten duten hizkuntza- eta kultura-aniztasunaz Europar Batasuneko herritarrak jabetzea; estatu kideak bultzatzen ditu desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak sustatzeko ekintza-planak aurkeztera, Europako zenbait hiztun-erkidegotan eskuragarri dauden jarduera onenak partekatzean oinarrituta;

2. Eskatzen die estatu kideetako gobernuei gaitzetsi ditzatela desagertzeko arriskuan dauden hiztun-erkidegoen nortasunaren eta hizkuntzaren erabileraren zein horien kultura-instituzioen aurka bideratu diren edo bideratzen diren jarduera guztiak, dela diskriminazioaren bidez, dela behartutako zein zeharkako asimilazioaren bidez;

3. Dei egiten die oraindik egin ez duten estatu kideei Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berronetsi eta indarrean jar dezaten; Gutuna, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen babeserako erreferentziakoa dela adierazten du eta Kopenhageko irizpideetan zehaztutako gutxiengoen babeserako tresnetako bat da, Europar Batasunera sartzeko estatuek bete beharrekoa;

4. Eskatzen die estatu kideei eta Batzordeari errespetatu ditzatela Kultura-adierazpideen aniztasuna babestu eta sustatzeko Unescok egindako 2005eko Konbentzioari atxiki zitzaizkionean hartu zituzten konpromisoak, bai beren lurraldeetan, bai nazioarteko akordioetan;

5. Eskatzen die Batasuneko agintariei gehitu dezatela hizkuntza-aniztasunaren benetako errespetua eta bereziki Europako hizkuntza ez-hegemonikoen babesa Batasunean estatu kide gisa sartzeko estatu guztiek bete beharreko baldintzen artean;

6. Eskatzen die Batzordeari eta estatu kideetako gobernuei eta eskualdeetako agintariei ezarri ditzatela programak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntza-erkidegoenganako eta erkidego etnikoenganako tolerantzia, beren hizkuntza- eta kultura-balioekiko errespetua eta gizatalde horiekiko errespetua sustatzeko gizartean;

7. Ohartarazten ditu estatu kideetako gobernuek eta eskualdeetako agintariek kontuan izan dezatela desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza baten irauteak hizkuntza hori erabiltzen duen gizataldearen irautea eta garapena eskatzen dituela, eta, beraz, hizkuntza babesteko politikak abiaraztean, kultura eta hezkuntza kontuan hartzeaz gain, ikuspegi ekonomiko eta sozialak era kontuan izan behar direla;

8. Eskatzen dio Europako Batzordeari desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko neurri politiko zehatzak proposatu ditzala; eskatzen die, halaber, Europako Batzordeari eta Kontseiluari Tratatuak aitortzen dizkien eskumenen esparruan, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak eta hizkuntza-aniztasuna babesteko Europar Batasunaren politikak finkatu eta programak planifikatu ditzatela, 2014-2020 epealdirako Batasunaren laguntza finantzariorako tresnak erabiliz, bereziki hizkuntza horiek dokumentatzeko programak eta baita hezkuntza- eta prestakuntza-programak, gizarteratze-programak, gazteria eta kirol arlokoak, ikerketa eta garapena, kultura eta komunikabideen programa, egitura-funtsak (Kohesio-funtsak, FEDER, Europako Gizarte-funtsa, Europako lurralde-lankidetza, eta FEADER) eta teknologia berriak, gizarte-komunikabideak eta plataforma multimediak sustatzeko sortutako tresna eta plataforma guztiak, edukien eta aplikazioen sorkuntzarako laguntzak barne; uste du tresna hauek gizatalde eta eskualde horiez haratagoko ekintza eta programa zabalagoetan, kulturaren zein ekonomiaren arloan, erabili behar direla; eskatzen dio Europako Batzordeari abiarazi dezala hausnarketa bat desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzekin lotutako proiektuek aurkitzen dituzten oztopo administratibo eta burokratikoei buruz, eragindako hiztun-erkidegoen txikitasunaren ondorioz;

9. Eskatzen du, atzerapenik egin ezin daitekeenez, babes-ekintzetarako finantzaketa erraz eskuratzekoa izan dadila eta ahalik eta argiena, erabili nahi luketen eragileek epe jakinean eskuragarri izan dezaten arriskuan dauden hizkuntzei modu eraginkorrean laguntzeko;

10. Uste du Europar Batasunak estatu kideei lagundu behar diela eta bultzatu behar dituela desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza ama-hizkuntza gisa haurtzarotik ikastea ahalbidetuko duen hizkuntza-politika bat ezartzera; adierazten du, zientifikoki frogatu den bezala, bi hizkuntza edo gehiago ikastea sustatzea onuragarri izango litzatekeela haurrentzat eta aurrerago hizkuntza gehiago ikasten lagunduko liekeela, hizkuntza belaunaldi artean geroratzea indartzeaz gain, eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen hiztunei laguntza konkretua emango liekeela ahulduta dagoen guneetan belaunaldi arteko hizkuntza-transmisioa indarberritzeko;

11. Babesten du arriskuan dauden hizkuntzen irakaskuntza adin guztietako ikasleentzako metodologia egokiekin indartzea, urrutiko irakaskuntza barne, eleaniztasunean eta hizkuntza-pluraltasunean oinarritutako benetako europar herritartasuna garatu dadin;

12. Ezagutzen ditu Batzordearen eleaniztasun-programak; irizten dio proiektugileek programa horiek eskaintzen dituzten aukerak baliatu ahal izan beharko lituzketela eta, kontuan harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak irautearen alde borrokatzen diren hiztun-erkidegoak maiz oso talde txikiak izan ohi direla, eskatzen dio Batzordeari ez ditzala gizatalde horien intereseko programak diru-laguntzetatik salbuetsi finantza-ekarpenaren urriagatik, onuradun-kopuru mugatuagatik edota eragindako eremuaren txikitasunagatik, eta, aitzitik, programa horietarako irismena erraztu dezala eta argitaratu ditzala finantzaketa lortzeko baldintzei buruzko orientabideak emanez; eskatzen die estatu kideei desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzetako talde eta erkidego txiki horien bitartekari eta eragile bihur daitezela Batasunaren funtsak baliatu ditzaten, aldi berean gogoraraziz hizkuntza-aniztasunerako Europar Batasunaren finantzaketa ez dela aurreikusitako helburutik desbideratu behar, ez eta mehatxupeko hizkuntzak helburu politiko zabalagoak lortzeko erabiltzen dituzten ekintzak bultzatzeko erabili ere;

13. Uste du hizkuntza biziberritzeko politika arnasa luzeko ahalegina dela, alor desberdinetako askotariko ekintza koordinatuen plangintzan oinarritua, bereziki irakaskuntzan (haur- eta lehen-hezkuntza direlarik horretarako garrantzizkoenak, gurasoen hizkuntza-prestakuntzarekin batera), administrazioan, hedabideetako emanaldietan (irratiak eta telebista-kateak sortzeko eta garatzeko aukera barne), artean eta bizitza publikoko alor guztietan. Horrek guztiak epe luzean eskuragarri izango diren baliabideak eskatzen ditu; uste du programa horiek lantzea, hiztun-erkidegoen arteko jarduera onenak partekatzea eta ebaluazio-prozedurak ezartzea sostengatu beharko liratekeela;

14. Gogorarazten du gehienbat ahozkoak diren hizkuntzen normalizazioa lortzeko ahaleginei eutsi beharra;

15. Eskatzen die estatu kideei arreta handiagoa jarri diezaietela eta gehiago lagundu diezaietela desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei buruzko goi-mailako irakaskuntzari eta ikerketari;

16. Uste du teknologia berriak baliagarri gertatu daitezkeela desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzen ezagutza, zabalkundea, irakaskuntza eta irautea bultzatzeko;

17. Azpimarratzen du desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak familiaren baitan belaunaldi artean geroratzeak duen garrantzia eta baita hizkuntza horien irakaskuntza sustatzearena ere, beharrezko balitz hezkuntza-sistema berezi baten baitan; horregatik, bultzatzen ditu estatu kideak eta eskualde-agintariak hezkuntza-politikak eta irakasmaterialak garatu ditzaten;

18. Uste du garrantzitsua dela, hizkuntzak indarberritzeko, baztertuta geratu diren hizkuntzak eta gehienbat familia girora mugatuta daudenak gizartean jendaurrean erabili ahal izatea;

19. Eskatzen dio Batzordeari lan egin dezala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko eta sustatzeko programa eta ekimenak sortu dituzten nazioarteko erakundeekin, hala nola Unescorekin eta Europako Kontseiluarekin;

20. Gomendatzen die estatu kideei arriskuan dauden hizkuntzen bilakaeraren jarraipena egin dezatela, estatuko agintariek bezala hizkuntza propioak dituzten lurraldeetako agintariek, hizkuntza horiek ofizialak izan ala ez;

21. Irizten dio hedabideek, berriek bereziki, zeregin garrantzitsua bete dezaketela desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko orduan, etorkizuneko belaunaldiekiko bereziki; nabarmentzen du, gainera, teknologia berriak ere erabili zitezkeela helburu horiek lortzeko;

22. Eskatzen die bereziki toki-agintariei, hizkuntzak biziberritzeko neurriak hartu ditzatela egoera iraultzeko, azken hiztunaren heriotzak hizkuntza baten desagerpena baitakar eskuarki;

23. Uste du digitalizazioa hizkuntzen desagerpena saihesteko modu bat izan daitekeela; eskatzen die, beraz, toki-agintariei hizkuntza horietako liburuak eta grabazioak eta baita hizkuntza-ondarearen beste adierazpideak bildu ditzatela eta linean jarri ditzatela herritarren eskura;

24. Proposatzen du nazioarteko erkidegoak eta estatu kideek gaitu ditzatela desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen hiztun-erkidegoak jabetu daitezen beren hizkuntzak erabiltzea eta babestea balio bat dela bai gizataldearentzat berarentzat eta bai Europarentzat ere;

25. Eskatzen dio Batzordeari etengabe babestu dezala, hainbat programaren bitartez, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak suspertzeko estatuez gaindiko sareak eta Europa mailako ekimen eta ekintzak, eta Unescok hasitako Arriskuan dauden Munduko Hizkuntzen Atlasa osatzen laguntzeko beharra azpimarratzen du, haren betikotasuna ziurtatuz, eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren eta desagerpena saihesteko ezarritako politiken emaitzaren jarraipena egitea ahalbidetuko duen adierazle homogeneo sorta bat garatzekoa;

26. Eskatzen dio Batzordeari Euromosaic azterlanarekin abiatutako ikerketari jarraitu diezaiola eta zerrendatu ditzala Europako hizkuntzaren baten desagerpen-arriskua nabarmen gutxitu duten prebentzio-neurrien adibideak; gomendatzen du, hizkuntza-erkidegoen artean ezagutza, trebetasun eta jarduera onenak elkar-trukatzea bultzatze aldera, Europako hizkuntza-sareek aztertu ditzatela, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak zaintzeko, babesteko eta suspertzeko estatu kideek abian jarritako politikak, eta Batzordeak gomendioak egin ditzala horretan oinarrituta;

27. Eskatzen dio Batzordeari bultzatu dezala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen ikaskuntzari eta indarberritzeari eta Europan herritar elebidun eta eleaniztunak izateak dakartzan onura kognitibo eta gizartekoiei buruzko ikerketa;

28. Eskatzen die estatu kideei, baldin eta oraindik egin ez badute, sinatu eta berronetsi ditzatela Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna eta 1995eko Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru-konbentzioa;

29. Eskatzen dio Batzordeari Batasunean desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko neurri posibleak aztertu ditzala;

30. Eskatzen dio Batzordeari lagundu ditzala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak sustatzen lagunduko duten proiektu pilotuak eta hiztun-erkidegoek eurek landutako ekintza-planak;

31. Uste du Batasunak hizkuntza-aniztasuna bultzatu behar duela hirugarren herrialdeekiko harremanetan eta, bereziki, Europar Batasunean sartu nahi dutenekikoetan;

32. Eskatzen dio Batzordeari gogoeta egin dezala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babestu, zaindu eta suspertzeko Europa mailako neurri berezituak hartzeko aukeraz;

33. Uste du eleaniztasuna sustatzearekin lotutako programak funtsezko direla auzo-herrialdeen estrategia politikoetarako edota Europar Batasunean sartzeko hautagai eta hautagai potentzial direnenetarako;

34. Uste du Batzordeak hizkuntzak indarberritzeari emandako laguntzak arreta berezia eman behar diela hedabide digitalen eremuko ekimenei, sare sozialak barne, belaunaldi gazteenak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen alde konprometitu daitezen;

35. Uste du Batzordeak arreta jarri behar diola estatu kide eta eskualde batzuen politikak arriskuan jartzen ari direla beren lurraldeetako hizkuntzen irautea, Europa mailan arriskuan ez badaude ere;

36. Ohartarazten du badirela webgune baliagarriak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak sustatzeko proiektuetarako finantzaketa eskaintzen duten Europar Batasunaren programei buruzko informazioa zabaltzeko, eta eskatzen dio Batzordeari deialdi berri bat zabaldu dezala webgune horiek 2014-2020 epealdirako programekin eguneratzeko eta informazioa areagotu dezala, bereziki, dagokien hiztun-erkidegoei bideratuta;

37. Agindua ematen dio lehendakariari ebazpen hau Kontseiluari eta Batzordeari helarazi diezaiela, eta baita estatu kideetako gobernu eta parlamentuei ere.


Testuaren kontzeptuak eta esaldiak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper