Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2022)

2018AN BIZKAIKO HIRIBURUAN IZANGO DEN EUROPAKO ERRUGBIKO CHALLENGE ETA CHAMPIONS TXAPELKETETAKO FINALEAN, EUSKARARI DAGOKION TOKIA EMAN DIEZAIOTEN ESKAERA


Testuaren ezaugarriak:
  • Arloa: Euskararen estatusa, Kirola
  • Gaia: 2018an Bizkaiko hiriburuan egin beharreko Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketetako finalean euskara sartzeko eskaera
  • Testu-mota: Eskea
  • Testu-emailea: Andres Urrutia, euskaltzainburua
  • Testu-jasotzailea: Juan Mari Aburto Rike, Bilboko alkatea
  • Data: 2018-I-18
  • Hizkuntza: eu
53.a
2018AN BIZKAIKO HIRIBURUAN IZANGO DEN EUROPAKO ERRUGBIKO CHALLENGE ETA CHAMPIONS TXAPELKETETAKO FINALEAN, EUSKARARI DAGOKION TOKIA EMAN DIEZAIOTEN ESKAERA

Juan Mari Aburto Rike jauna,
Bilboko alkatea

Gaia: 2018an Bizkaiko hiriburuan izango den Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketetako finalean, euskarari dagokion tokia eman diezaioten eskaera

Alkate estimatua:

Dakizun legez, Euskaltzaindia euskal hizkuntzaz arduratzen den instituzio aholku-emaile ofiziala da, Espainian, Errege Akademia denez gero (1976), eta, Frantziako Errepublikan, Onura publikoko erakunde (1995) aitortua. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Autonomia Estatutuak (1979), EAEko 1982ko Euskararen Legeak eta Nafarroako Euskararen Foru Legeak (1986) beren-beregi aitortzen dute Euskaltzaindiaren zeregina —Iker eta Jagon sailetan antolatua—. Inguruabar horretan, euskarari buruzko ikerlanak egitea; euskara askotariko eremuetan erabili ahal izateko hizkuntzaren corpusa eguneratzea; arauak ematea; euskararen gizarte erabilera sustatzeko eta normalizatzeko ekimenak antolatzea eta instituzio publikoei aholkuak ematea, bai eta herritarren hizkuntza-eskubideak zaintzea ere Euskaltzaindiaren egitekoak dira, 573/1976 Dekretuak jasotzen duenaren arabera.

Jada zabaldu denez, 2018ko maiatzaren bigarren asteburuan, Bilbon, Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketetako finalak izango dira. Horiek horrela, Euskaltzaindiak baikortasunez hartu du halako ekitaldia Bizkaiko hiriburuan egingo delako albistea, ekonomian eragina izan ez ezik, Euskal Herriaren izatea nazioartean ezagutzera emateko ere aukera paregabea dela iruditzen baitzaio.

Bizkaiko gizarteak, horren barruan Bilbokoak, apustu sendoa egin du euskara biziberritzearen alde, etengabea baita elebidunen hazkundea azken hamarkadetan. Azken Inkesta Soziolinguistikoak (2016) jasotzen duenez, bizkaitarren % 48 euskal elebidunak edo elebidun orekatuak dira. Azpimarratzekoa da, gazteen artean bizi dugun errealitatea, adin-taldean dauden gazteen hamarretik ia zazpi (% 66,8) euskaldunak baitira, eta errealitate hau are baikorragoa da 16 urtez azpikoen artean. Beraz, Bizkaian antolatu nahi den ekitaldi horretan, errealitate hori kontuan hartzea eskatu nahi die Euskaltzaindiak ekitaldi horren atzealdean dauden antolatzaile zein sustatzaileei.

Euskararen Akademiak gogorarazi nahi du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean euskara hizkuntza ofiziala dela, gaztelaniarekin batera. 1978ko Espainiako Konstituzioak, 1979ko Gernikako Estatutuak eta 1982ko Nafarroako Foru Hobetzeak botere publikoen esku jarri zuten euskararen erabilera normalizatzera eta garatzera bideratutako neurriak hartzea, herritarren kultura-ondarearen funtsezko osagai eta berezko hizkuntza baita. Horiek guztiak kontuan hartuta, indarrean dagoen araubideari men eginez, Euskaltzaindiari garrantzitsua iruditzen zaio, goiburuan aipaturiko ekitaldiaren garapenean zein sustapenerako egiten diren askotariko ekimenetan, euskarari toki duina eta aproposa ematea —ahozko nahiz idatzizko komunikazioan, seinale eta errotuluetan, webgunean, publizitatean, harreran, aurkezpenetan eta abarretan—, gainerako hizkuntzen parekoa gutxienez, eta bidenabar, euskal hiztunen eskubideak arretaz zaintzea eta gure gizartean ofiziala den euskarari zor zaion tokia ematea.

Esan beharrik ez dago, Euskaltzaindia, bereak diren egitekoei eutsiz, euskarari dagokion tokia emateko egin beharrekoetan laguntzeko prest dagoela, gure gizartearen, bereziki euskal herritarren onerako izango dela uste osoa baitu.

Euskaltzaindiak egiten duen zentzuzko eskari eta proposamen hau kontuan hartuko den itxaropen osoarekin,

Bilbon, 2018ko urtarrilaren 18an.

Andres Urrutia,
euskaltzainburua

(Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa)

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper