Euskaltzaindiaren zuzendaritzak, gaur Iruñean egindako bileran, beste gai batzuen artean erabaki hau hartu du:
Euskaltzaindiak, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko foru-aldundiek eta Nafarroako Foru Diputazioak emandako eta errege dekretuak berretsitako eginkizuna beteaz, hots, euskararen alde jokatzeaz, Nafarroa elebitasun dekreturik gabe gelditu delako, zeharo kezkaturik dagoela adierazten du.
Euskara Nafarroan lege baliakizunik gabe dagoela ohartzen da, Nafarroak dituen eskubideekin elebitasun dekretu bat aurrera atera behar duela uste du, Junta Superior de Educación delakoak, behar den bezala eraberritua, noski, ondoren zehatz dezan.
Parlamentu eta aldundi foralei eskatzen die hainbat lasterren beren jarrera ager dezatela eta euskararen, hots, nafarren hizkuntzaren alde beharrezko diren neurriak har ditzatela.
Iruñean, 1979ko maiatzaren 25ean.
Euskera, XXIV, 1979, 2, 699.