Uxue Barkos andrea,
Nafarroako lehendakaria
Gaia: Euskal Telebistak Nafarroan emititzeari buruz Industria Ministerioak emandako debekuaz
Lehendakari hori:
Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak, 2016ko maiatzaren 11n egindako bilkuran, honako idazki hau zuei igortzea erabaki du:
Euskaltzaindiak, euskararen akademia den aldetik, bere xede nagusitzat ditu euskara zaintzea, ikertzea eta arautzea, bai eta hizkuntza-eskubideak zaintzea ere, euskararen gaikuntzan lan eginez, gure hizkuntza maila orotan euskaldunen adierazpide izan dadin.
Jakina da helburu horretarako nahitaezkoa dela euskara hedabideetan egotea eta hala nahi duten herritarrei telebista eskaintza ere bermatzea.
Dakizuenez, Industria Ministerioak Euskal Telebistari agindu dio Nafarroan emititzeari utz diezaiola. Agindu horrek Foru Komunitatean telebista euskaraz hartu nahi duten herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen ditu, Nafarroako biztanleei eskaintza hori ukatzearekin batera.
Agindu berri horren aplikazioak, ezbairik gabe, ondorio txarrak ekarriko dizkie euskararen garapenari eta normalizazioari, eta egoera kaltegarri horren aitzinean Euskaltzaindiak kezka adierazi nahi du.
Horregatik, eta kontuan izanik indarrean dauden legeen arabera Euskaltzaindia dela, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Nafarroako Foru Komunitatean, hizkuntza aholku-emaile ofiziala, Zuzendaritzak bi erkidegoetako lehendakariei eskatzen dizue zuen esku dagoen guztia egin dezazuen Euskal Telebistaren emisioak lehenbailehen berreskura daitezen Nafarroan, hala nahi duten biztanleek bermaturik ikus dezaten telebista euskaraz —beren berezko hizkuntza ofizialean— hartzeko eskubidea. Halaber, espero izatekoa da bi erkidegoen artean sinatu berri den lankidetza protokoloa lagungarri izanen dela xede hori ahalbidetzeko.
Adeitasunez,
Andres Urrutia,
euskaltzainburua
Bilbon, 2016ko maiatzaren 12an.
(Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa)