Parlamentari jaun-andreak:
Lehenik eta behin, agerraldi honetan ordezkatzen dudan Euskaltzaindiaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet, Nafarroako Foru Komunitatean egin eta garatzen den hizkuntza-politika aztertzeko, Nafarroako Foru Parlamentuan sortu duzuen batzorde (ponentzia) honetara gonbidatua izateagatik.
Sarrera gisa
Euskaltzaindia Nafarroako Foru Diputazioak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin batera 1918an sortutako Euskararen Akademia da. Ondoren, 573/1976 Dekretuaren bidez Euskaltzaindiari Euskararen Errege Akademia izatea aitortu zitzaion eta bere jarduera eremua Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako probintzietara hedatzen da.
Errege Dekretuan aitortzen zaizkion eginbehar nagusiak bi atal hauetan sailkatzen dira:
a) Iker Saila. Honen helburua hizkuntza lantzea, ikertzea eta arautzea da, saila osatzen duten hiztegigintza, gramatika, dialektologia, onomastika, literatura… batzordeen bidez.
b) Jagon Saila. Honen esku dago hizkuntza-eskubideak zaintzea, euskararen erabilera sustatzea, hiztunek erabiltzeko moduko hizkuntza lantzea, Euskaltzaindiaren jarduera eremuan euskara maila guztietara zabaltzea, denen komunikabide izan dadin. (Ik. Dekretuaren 1. artikuluaren e, f, eta g atalak).
Euskaltzaindia eta Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza-politika gaurdaino
Euskaltzaindiak bere sorreratik, eta bereziki 1976ko Dekretuaz geroztik, arduratsu jokatu du egokitu zitzaizkion eginbeharrak betetzen eta gorago aipatutako euskararen jagole arduretan kezka bizia agertu izan du beti. Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, kezka hori oraindik sakonagoa izan dela argi aski egiaztatzen dute Akademiak 1979az geroztik egindako adierazpenek.
Hona hemen, laburbilduz, epe horretan egindako 13 adierazpenen zioa:
a) Batetik, proposatutako testuak Euskararen 18/1986 Foru Legeak ezarritako oinarrizko helburuak murrizten zituelako. Horien artean legeak espresuki aipatzen zituen hauek: «herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea» eta «euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea, bere erabilera sustatzeko neurriak adieraztea».
b) Bestetik, proposatutako testuak isildu egiten zituen ordeztu nahi zuen 135/1994 Foru Dekretuan egindako aipamen batzuk. Besteak beste, honako hauek:
– Euskara «Nafarroako berezko hizkuntza» dela.
– Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak, 1992ko ekainaren 25ean, konbentzio maila duen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, urte bereko azaroaren 5ean, hamaika estatu kidek sinatu zutena, besteak beste, Espainiako estatuak. Honek, gainera, 2001ean berretsi zuen.
– Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren zeregina zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen arteko koordinazio organo gisa aritzea, hizkuntza-plangintza prestatzeari dagokionez. Halaber, berari zegokion toki-erakundeekin eta bestelako administrazio publikoekin lankidetzan aritzea eta Nafarroako Foru Komunitateko eremu mistoan, zehatzago oraindik, bertako administrazioaren zerbitzu nagusietan, administrazio zirkuitu elebidunak ezartzea, zerbitzuak euskaraz ematea bermatu ahal izateko, erabiltzaileek hala eskatzen zutenean.
– Eremu mistoan, agiriak, inprimakiak, irudiak, oharrak, argitalpenak eta abarrekoak ele bitan idatzi behar direla edo ele bitako erabilerara joko dela bermatzea.
– Euskaraz jakitea nahitaezkotzat hartzea lanpostu jakin batzuk eskuratzeko; Nafarroako euskal eremutik beste eremuetara joateko funtzionarioen leku aldatzeko lehiaketetan parte hartu ahal izatea; Nafarroako Foru Administrazioaren lanpostu jakin batzuk eskuratzeko eta hurrengo lehiaketetan parte hartzeko euskaraz jakitea ehunekoetan balioestea.
Azpimarratzekoa da Euskaltzaindiak bere adierazpen guztietan argi eta garbi utzi nahi izan duela:
Ildo horretatik, hain zuzen, Nafarroako Gobernuaren 29/2003 Foru Dekretuari oniritzia emateko izandako Euskara Kontseiluaren bilkuran, Euskaltzaindiak ezezko botoa ematearekin batera, argi berretsi zuen Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko jarrera, betiere, bi instituzioon arteko harremanen xedea, euskara landu eta garatzea baldin bada, Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntza izateagatik dagokion mailaren arabera.
Lankidetza horren lekuko dira 1989az geroztik, Euskaltzaindiak bere jarduera eremuko bost administrazio publikoekin, hots, Nafarroako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin sinatu dituen hitzarmen bateratuak, eta 2002az geroztik indarrean dagoen aldebiko hitzarmena Nafarroako Gobernuarekin, bere Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.
Euskaltzaindia Nafarroako Foru Parlamentuko Batzordeak egindako proposamenaren aurrean
Laburtu dizkizuegun adierazpenen bitartez, ikusi ahal izan duzue Euskaltzaindia dekretuz aitortzen zaizkion eginbehar nagusiak betetzen saiatu dela, eta horien artean espresuki eskatzen zaizkion hauek: hizkuntza-eskubideak zaintzea, euskararen erabilera sustatzea, hiztunek erabiltzeko moduko hizkuntza lantzea eta euskara maila guztietara zabaltzea, denen komunikabide izan dadin.
Gehitu diezaiegun eginbehar horiei, Espainiako Estatuko eta Europako araudiek dakartena:
a) Batetik, Espainiako Konstituzioak 3. artikuluan dioena:
– «Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz» (2. puntua).
– «Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultura-ondarea da, eta ondare horrek errespetu eta babes berezia izango du» (3. puntua).
b) Bestetik, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak 7. artikuluan ezartzen dituen helburu eta oinarriak, hots, «hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan […] ondoko helburuak eta printzipioak izango dira aldeen politika, legeria eta jardunaren oinarri»:
– «Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak aitortzea, kultura-aberastasunaren erakusle dira» (a puntua).
– «Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako bakoitzak hartzen duen geografia-eremua errespetatzea; hala, beraz, administrazio-zatiketak, lehendik hor zeudenak nahiz berriak, ez dira oztopo izango eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza hori sustatzeko» (b puntua).
– «Bitartekoak jartzea eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza hitz egiten den eremu batean bizi baina hizkuntza hori hitz egiten ez dutenen esku, nahi izanez gero hizkuntza hori ikas dezaten» (g puntua).
Araudi horien ildotik, argi eta garbi ondoriozta dezakegu, Nafarroako legeriaren berrikusketa beharrezkoa dela. Parlamentu honek erabaki beharko du zein neurritan, begi-bistan izanik, betiere, Nafarroako Komunitatean euskara bizi harremanetarako eta kultura- eta gizarte-komunikaziorako tresna izateko eskura jarri behar diren aukerak.
Aipatutako legeriaren aitzinean, ez dirudi inork zalantzan jar dezakeenik zenbait printzipio, hala nola euskara gure komunitateko kultura-ondaretzat jotzea, ondare horren jabe diren nafarren hizkuntza-eskubideak bermatu behar izatea, edo euskara gutxiengo baten hizkuntza den heinean bere erabilera eta sustapenerako neurriak hartu behar izatea. Hauen aitortzea eta berauek lortzeko beharrezkoak diren baliabideak ezartzea botere publikoen betebeharra da. Euskaltzaindiari dagokio, ordea, printzipio horiei erabateko sostengua eman eta bete daitezen botere publikoei galdegitea. Hortaz, Euskaltzaindiaren eskumenetik at geratzen dira botere publikoek jarri beharreko baliabideak, markatu beharreko egutegiak, neurrien erritmoak, etab. Dena dela, onuragarri litzateke neurri horiek guztiak interes jakin batzuen edo unean uneko abagune edo aukera politikoen gainetik jartzea. Hori da, hain zuzen, nafarrak ordezkatzen gaituzuen parlamentu honetako kide eta gure botere betearazlea osatzen duzuenon eskumena. Zuei dagokizue, bada, Nafarroan 1982. eta 2004. urteen artean egin den eta egiten ari den hizkuntza-politikaren behar-beharrezko azterketa egin ondoren, hartu beharreko neurriak erabakitzea eta prozedura egokiak ezartzea.
Edozein modutara, eta oroz gain, Euskaltzaindiaren izenean zorionak eman nahi dizkiot parlamentu honi Foru Komunitateko hizkuntza-politikaren garapenaren azterketa xede duen Ponentzia eratzeko hartutako akordioagatik, besteak beste, honako neurri hauek hartzera bideratua dagoena:
a) Komunitate osoko irakaskuntza ez-unibertsitarioko maila guztietan, eta baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere, nafarrei irakaskuntza euskaraz jasotzeko aukera bermatzea.
b) Nafarroan euskaraz emititzen duten komunikabide legeztatuen presentzia bermatzea.
c) Nafarrek administrazioekiko harremanetan euskararen erabilera bermaturik izatea, eta gaur den egungo Nafarroako Gobernuaren administrazio birtualean bertako bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea.
Parlamentu honi dagokio Nafarroako hizkuntza-politika gauzatu eta garatzeko legea ezartzea, eta hori da, hain zuzen, 18/1986 Foru Legea onestearekin egin zuena. Hala ere, legearen garapenerako ondoren egiten diren dekretu, agindu, ebazpen eta arauak erabakigarriak izaten dira, eta jakina da dokumentu horien bitartez legearen benetako muina gutxieneko edukietara murriztu edota saihesten ahal dela.
Horrelakorik gerta ez dadin, premiazkotzat jotzen dugu Parlamentuak eratutako legea oso zehatza izatea, bere garapena ahalik eta hobekien bermatu ahal izateko, azken batean, bere aplikaziorako ondorengo araudiek ez dezaten legea bera itxuralda.
Gure ustez, parlamentu honen legeak oinarrizko printzipiotzat hartu beharko luke euskara Foru Komunitatearen hizkuntza eta ondare kulturala dela eta, hortaz, nafar guztiena. Horregatik —Europako Gutunak dioenaren ildotik—, gaur egungo zatiketa administratiboak, edo egin litezkeenak, ezin dira, inola ere, hizkuntzaren sustapenerako eragozpen izan. Hori dela eta, lege horrek honako printzipio nagusi hauek bermatu beharko lituzke:
a) Nafar guztien eskubidea euskara jakin eta erabiltzeko. Beste edozein hizkuntza bizi bezalaxe, hizkuntza dinamikoa eta, beraz, bizitzarako komunikazio tresna izan dadin, hala kultura- nola gizarte-komunikazioan.
b) Euskararen berreskurapen eta garapenerako babesa Nafarroan. Horretarako, argi eta garbi ezarri beharko lirateke sustapen eta erabilerarako baliabideak, euskara jakin eta erabiltzeko neurriak eta, aldi berean, erabat saihestu, hizkuntza dela eta, izan daitezkeen diskriminazioak.
c) Herritar bakoitzak hautatzeko duen eskubidea errespetatuz, euskararen ikasketa eta erabilera bermatzea.
Orain arte azaldutakoan oinarrituz, ponentzia honek jakinarazi digunez, hartu gogo dituen neurrietan —ondoko ataletan azaltzen ditugunetan, alegia—, gure ustez, oinarrizko diren zenbait eskubide bermatu beharko lituzke:
→ Nafarroako administrazio publikoekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten nafarren eskubideak bermatu ahal izateko, premiazkoa da:
– Herritarrekin harreman zuzena duten eremu euskaldunean kokatuak dauden administrazio zerbitzu publikoetako langileak, hala nola idazkari, administrari, sendagile, erizain, etab. euskaldunak izatea.
– Nafarroako hiriburuari eta Iruñerriari dagozkien hizkuntza-eremuak berrikustea. Gaur egun hiriburua bera eta Iruñerriko udalerri batzuk «eremu mistoa» deitutakoan daude, baina beste batzuk, «ez-euskaldunean», esaterako, Galar —bere garaian eremu mistoan sartu ez zen Iruñerriko zendea bakarra—, Aranguren eta Elortz ibarrak edo Noaingo udalerri berria. Gaur egun Nafarroako euskaldunen erdia baino gehiago biltzen duen eremu zabal honetan kokatuak daude Nafarroa osoko zerbitzu administratibo zentralak (hots, Nafarroako herritar guztientzako direnak). Oraindik gehiago, Iruñea bere izen bera daraman merindadeko eta barruti judizialeko hiriburua da, eta bere baitan hartzen du «eremu euskaldun» izendatutako Nafarroako lur zatirik handiena, Nafarroako biztanle euskaldunak ia-ia bere osotasunean, alegia.
Agoizko barruti judizialak ere berrikusketa bera merezi du, hiri honetan daudelako Nafarroako eremu euskaldunaren zati nabarmen bati dagozkion zerbitzuak, esate baterako, lehen auzialdiko epaitegia, jabetza-erregistroa, notariotza, etab.
Administrazioaren eta biztanleen arteko harremanak bermatzeko, eremukako banaketa berez eragozpen handia baldin bazen, azken Foru Dekretuan (29/2003) araututako neurriek, praktikan, erabat ezinezkoa bihurtu du jarduera hori, «hizkuntza-zirkuituak» deitutakoen ezabaketaren bitartez, eta egungo bide seinale, errotulu, zigilu ofizial, iragarki, publizitate eta abarrei dagozkien araudien bitartez.
→ Irakaskuntzari dagokionez, azpimarratzekoa da irakaskuntza ez-unibertsitarioa dela, zalantzarik gabe, 18/86 Foru Legetik abiatuta Nafarroan garapen handiena lortu duen esparrua, euskararen berreskurapen, sustapen eta erabileraren alorretan.
Hala ere, egungo egoerak zenbait nafarren hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen ditu. Hona hemen errealitate horren zenbait adibide:
– Eskolara joateko adinean egon eta lan edo bestelako arrazoiengatik eremu ez-euskaldunera joatera behartuak diren familien seme-alabak.
– Egungo Iruñerriaren hizkuntza-eremuak. Unitate geografiko zabal bat izanik, bere baitan eremu mistoan kokatutako udalerriekin batera eremu ez-euskaldunekoak ere biltzen ditu. Azken hauek arestian aipatutakoak dira (Galarko Zendea, Aranguren eta Elortz ibarrak eta Noaingo udalerri berria).
– Herri ekimenez sortu eta eremu ez-euskaldunean kokatuak dauden D ereduko irakaskuntzako zentroen egoera, ikastolena alegia.
– Lanbide-heziketa mailetan euskarazko irakaskuntzaren egoera larria, eremu euskaldunean ere hutsaren hurrengoa baita.
– Azken urte hauetan sortu eta hedatzen ari diren Haur Hezkuntzaren lehen zikloko ikastetxeak, 0 eta 3 urte bitarteko haurrenak. Kontuan izatekoa da euskararen eta euskarazko irakaskuntza bermatzeko behar-beharrezko den araudia.
Unibertsitateko irakaskuntzari dagokionez, ikusten da Nafarroako Unibertsitate Publikoan ez daudela bermatuak, ez 18/86 Foru Legearen 19. artikuluan aurreikusitako printzipio orokorrak dioenaren aplikazioa, ez unibertsitatearen beraren estatutuetan jasotako araudiarena ere. Nafarroak duen presentziazko unibertsitate publiko bakarra da eta, hortaz, Nafarroako hizkuntza-eremu guztietako herritarrei zerbitzua ematen diena. Gainera, urtero sartzen diren ikasle berrien % 20 inguru euskarazko ereduetan ikasitakoa izan arren, Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez da euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen ari, eskaintzen dituen 18 ikasketetatik bakar batean izan ezik, irakasle ikasketetan alegia, baina hauetan ere ez irakasten diren espezialitate guztietan.
Nafarrek euskaraz ikasteko dituzten eskubideak bermatzeari dagokionez, egungo irakaskuntzaren egoera, orokorrean, hobetzen ahal da. Oraindik gehiago, hizkuntza honetan eskaintzen den irakaskuntza hasierako mailetara soilik mugatzea ez dator bat nafarren artean «euskararen erabilera sustatu» behar dela dioen printzipioarekin, jakina baita hizkuntza gizarte-harremanetan eta kultura-bizitzan erabiltzea irakaskuntzaren hasierako mailetan ikaste soiletik haratago doan kontua dela. Horretaz gain, aipatzekoa da 18/86 Foru Legearen 19. artikuluak dioena: «Herritar guztiek dute hezkuntza maila desberdinetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea», hots, irakaskuntzaren mailetako bakar bat ere baztertu gabe.
→ Hedabideen alorrean, garrantzitsua da zehaztea 18/86 Foru Legearen 27. artikuluak euskararen babes, sustapen eta erabilera bultzatzeko hartu behar diren neurriak aipatzen dituela. Era berean, administrazio publikoek hedabide publiko zein pribatuetan euskararen presentzia progresiboa bultzatuko dutela dio, sostengu ekonomikoen zein baliabideen bitartez, bai komunikabideetan (telebista, irrati eta abarretan) bai argitalpenetan.
Hala ere, ondoren egin den legearen aplikazioa ez da, hain zuzen ere, ez lege horren testuaren ez bere baitan jasotako espirituaren garapenarena izan. Adibide gisa aipatzearren, FM irrati frekuentzien esleipenak ditugu. Oker ez bagaude, erabaki horien ondorioz, Nafarroan egun gaztelaniazko 30 irrati legeztatu diren bitartean euskarazko bat bakarra dugu (azken hau eremu euskalduneko zati mugatu batean entzun daitekeena). Antzeko zerbait gertatzen da euskarazko prentsa, aldizkari eta abarrentzako edizioetarako ematen diren laguntzekin.
Hortaz, premiazkoa da alor honetan ere nafarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, ondorioz, komunikabideetan euskararen sustapenerako neurriak argi eta garbi ezartzea, honako hauetatik abiatuz:
– Lehenik eta behin, euskaraz emititzen duten hedabide legeztatuen presentzia (irratia, telebista…) ahalbidetuko duen araudia.
Honen harira, eta adibide gisa, berriki euskararen beste ahanztura bat gertatu da etorkizuneko tokian tokiko telebista digitala lurraldeka arautzeko ezarritako irizpideetan, eremu euskaldunean dauden telebistek ez baitute bertan sartzeko aukerarik ere izanen, duela urte batzuetatik hona informazio lan garrantzitsua ematen ari badira ere.
– Euskara hutsean aritzen diren egunkari, aldizkari eta abarrei benetako laguntza eraginkorra posible eginen duen lege araudia. Era berean, euskarazko gutxieneko edukia duten edota neurri progresiboan gehitzen ari diren agerkariei.
– Informazio arloko ekimen berriei laguntza.
→ Komunikazio birtualari dagokionez, ezinbestekoa da azpimarratzea Foru Komunitatearen eremukako banaketa berez dela oztopo biztanleen hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko. Europako Gutunak adierazitakoaren arabera, lurraldearen zatiketa administratiboa ezin da inola ere oztopo izan herritarren hizkuntza-eskubideetarako.
Horrez gain, eremukako banaketa hori iraganeko ikusmolde baten isla besterik ez da, gaur den egunean inolako zentzurik ez duen giza harremanen eta hizkuntzaren kontzepzio estatikoa erakusten duena. Mugikortasuna eta dinamikotasuna dira, ezbairik gabe, bai egungo bizimoduaren bai hizkuntzaren beraren ezaugarririk nabarmenetakoak. Begi-bistakoa da egungo bizimoduan hizkuntza ezin dela, inondik ere, parametro estatikoetara mugatu.
Komunikazio birtuala atzera egiterik ez duen errealitatea da jadanik gure gizartean, eta, egunetik egunera, etengabe aurrera segituko duena. Errealitate honek argi erakusten digu hizkuntza-eskubideen praktika ezin dela, inola ere, gauzatu eremuka zatitutako erkidego batean; are gehiago, eskubide horiek sistematikoki urratu egiten direla.
Foru komunitate honetako administrazio zerbitzu birtualek —hiriburuan bertan, Iruñerrian, edo Nafarroako beste edozein tokitan badaude ere, zerbitzu birtualetan inolako garrantzirik gabeko kontua baita lekukotasun fisikoa—, zerbitzu berbera eskaintzen dute biztanle guztientzat eta, hortaz, berdin-berdin balio dute hizkuntza-eremu guztietako nafarrentzat. Ezin dira, inola ere, lurraldearen zatiketa baldintza horien arabera planteatu. Horrenbestez, zerbitzu hauei dagokienez, egungo lege araudiaren hitzez-hitzezko aplikazioak nafar herritarren hizkuntza-eskubideekin talka egiten du aurrez aurre. Ondorioz, eskubide horiek bermatu nahi izatera, aipatutako zerbitzuak bi hizkuntzetan eskaini beharko lirateke.
Hau da, orokorrean eta laburki, batzorde edo ponentzia honek proposatuta, Nafarroako Foru Parlamentuak egindako gonbitari erantzunez, Euskaltzaindiaren ordezkari gisa atsegin osoz helarazi nahi izan dizuedana.
Esker mila zuen arretagatik.
Andres Iñigo,
Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria
Iruñean, 2004ko irailaren 8an.
Euskera, 49, 2004, 2, 927-937.