Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2022)

EUSKAL HERRIA IZENA” 139. ARAUAREN GAINEAN


Testuaren ezaugarriak:
  • Arloa: Onomastika
  • Gaia: Euskal Herria izena
  • Testu-mota: Adierazpena eta araua
  • Testu-emailea: Euskaltzaindiaren Osoko bilkura
  • Testu-jasotzailea: Orokorra
  • Data: 2004-VII-23
  • Hizkuntza: eu
34.a
EUSKAL HERRIA IZENA” 139. ARAUAREN GAINEAN

Euskaltzaindiak 2004ko uztailaren 23an “Euskal Herria izena” titulua duen 139. araua onartu zuen eta, ondoren, argitara eman (Euskera, XLIX, 2004, 1, 466-470 or.). Arau honek, gainerako guztiek bezala, azalpen testu bat darama aurretik.

2004. urteaz geroztik egindako zenbait ikerketa eta lanek aukera eman dute informazio gehigarria lortzeko, bai eta daturen bat zehatzago adierazteko ere. Horren ondorioz, Euskaltzaindiari bidezko iruditu zitzaion orduko azalpen testu hura egokitzea, ez araua bera. Hori dela eta, 2016ko urtarrilaren 29an Donostian egindako Osoko bilkuran onartu zuen 139. arauari dagokion azalpen testu eguneratua eta, horrekin batera, arauaren testu osoa argitara eman zuen, ohi bezala, euskaraz.

Aldi berean, hainbat herritar, elkarte zein erakunderen eskaerak kontuan hartuz, Euskaltzaindiak erabaki zuen bere webgunean gaztelaniaz eta frantsesez ere argitaratzea.

Izan duen oihartzuna ikusita, Euskaltzaindiari egoki iruditu zaio araua eta bere azalpen testu eguneratuaren euskarazko idatzaldia Euskera agerkarian argitaratzea eta, aldi berean, adieraztea arau horren gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenak Akademiaren webgunean kontsultagai daudela.

Euskera, 49, 2004, 1, 466-470.

Euskera, 61, 2016, 1, 200-209.

(Euskaltzaindiaren webgunean)


Euskal Herria izena[44]

Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia.

Izen hori euskara + herri hitzetatik sortua da, hots, ‘euskararen herria’. Euskal forma hori ohikoa da hitz elkartuetan, cf. aizkora, baina aizkolapustu; gari, baina galburu, etab.

Letra xehez ageri da maiz testuetan, adibideetan ikusiko denez, bai eta pluralean ere. Bi kasuetan garbi erakusten da jatorrizko esanahia: euskal herria(k), hots, ‘euskararen lurraldea(k)’.

Euskal Herriaren erabilera orokor honen lehen lekukotasun argitaratua Joanes Leizarragaren lanak jasotzen du. Lapurdiko apaiz higanot honek, 1571n plazaratu Testamentu Berriaren eta beste zenbait testuren itzultzaileak, honela zioen, irakurle guztiek aise ulertzeko moduko hizkera aurkitzeko zailtasunaz:

“… bat bederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den”.[45]

Eta izena, marra batekin, beste bi aldiz darabil Leizarragak ABC edo christinoen instructionea… liburuxkan, urte berekoan. Hitzaurrearen titulua honako hau da:

“Heuscal-herrian gaztetassunaren iracasteco carguä dutenér eta goitico guciér, I. Leiçarraga Berascoizcoac Iaincoaren gratia desiratzen”.

Testu barrenean, berriz, hau irakurtzen dugu:

“Eta minçatzeco maneraz den beçembatean, Heuscal-herrian religionearen exercitioa den lekuco gendetara consideratione guehiago vkan dut, ecen ez bercetara”.[46]

Mende horretan edo hurrengoaren hasiera-hasieran bada beste lekukotasunik, Joan Perez de Lazarraga arabarrak idatzitako eskuizkribuetako batean, hain zuzen ere. Bertan hirutan aurkitzen da eusquel erria:

“beti çagie laudatu
çegaiti doçun eusquel erria
aynbat bentajaz dotadu”. (18. or.)

“çegayti eusquel errian dira
ederr guztioc dotadu”. (18. or. atz.)

“çeñetan ditut eçautu
euquel erriau oy nola eben
erregue batec pobladu”. (18. or. atz.)

Pedro Axular idazle nafarrak ere darabil izen hori, 1643ko Gero aszetika liburuan. Irakurleari zuzenduriko hitzaurrean, Leizarragak aipatutako mintzatzeko maneraz ari delarik, honela dio:

“Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan”.[47]

Tartasek, orobat, erabiltzen du izena Onsa hilceco bidia (1666) liburuan. Hartaz ari dela, honako hau dio:

“ibilico da buria gora euscal herri orotan”.[48]

Manuel Larramendi gipuzkoarrak 1745ean argitara emandako hiztegian honako hau dio:

“Al Bascongado generalmente llamamos, Euscalduna, y a todo los paises en que se habla el Bascuence, Euscalerria. Ni con estos nombres se expressa mas un Dialecto que otro, ni una Provincia mas que otra, sino generalmente nuestra Lengua, y los paises en que se habla”.[49]

Letra xehez idatziak dira adibide horiek oro. Ohitura horren beste adibide asko eman daitezke. Jose Paulo Ulibarriren (1775-1847) Gutunliburua eskuizkribuan, gutxienez, 1823an datatutako bi gutunetan jasotzen du:

“… etorri cen euscal errira”.[50]

Eta egileak pluralean darabil bizpahiru aldiz izena.

“… egun zariyetan sermoyac euskal erriyen eta uritan”.[51]

Bada beste lekukotasunik ere XIX. mende honetan. Euskal Herria izena (grafia batzuekin), zazpi herrialdeak izendatzeko, behin eta berriz edireten da, adibidez, Laphitzen Bi saindu hescualdunen bizia (1867) liburuan. San Ignazioz hau idatzi zuen:

“oinez abiatu zen Hescual herrirat”.[52]

Ildo beretik Gratien Adema, “Zaldubi” (1828-1907) apaiz lapurtarraren “Gauden gu eskualdun” (1893) eta 1882an Donibane Lohizunen ospatutako euskal festetan aurrenekoz kantatu zen “Eskualdunak” bertsoetan tradiziozko zazpi probintziak azaltzen dira. Dakusagun, esaterako, bigarrenaren atal hau:

“Lapurdi, Nabarre ‘ta Zubero,
Eskualherriak Frantzian;
Bizkai, Gipuzko, Alaba, Nabarro,
berdin dire Espainian”.[53]

Are gehiago, denboraren joanean Euskal Herria izena gaztelaniara eta frantsesera hedatu zen. Estatu arteko mugaz alde bateko eta besteko erakunde eta agerkari batzuek izen hori izan dute, esaterako: Sociedad Euskalerria elkarteak, XIX. mendearen azken herenean Jaurerriko diputatu nagusi izandako Fidel de Sagarminagak Bilbon fundatuak, eta Euskal-Erria aldizkariak, Jose Manterolak 1880an Donostian sortuak. Orobat Ameriketan: Los Angelesko Californiako Eskual Herria astekariak, 1893-1898; La Platako Eskual Herria astekariak, Buenos Airesen 1898an argitaratuak, edo Baionako Eskual Herria astekariak, 1898an sortuak. Geroago ere ohitura hori ez da eten. Besteak beste, Philippe Veyrinek, Les Basques bere liburu ospetsuan[54], Eskual-Herri darabil behin baino gehiagotan.

Euskal kantutegiak, halaber, ezin konta ahaleko aipamenak dakartza Euskal Herria-z. Besteak beste, Done Mikel Aralarkoaren herri kanta tradizionala dugu, errepika hau duena:

“Miguel, Miguel, Miguel guria,
Zaizu, zaizu Euskal Herria”.

Juan de Bera kaputxino nafarrak Oiartzunen predikatu zuen 1834an. Sermoiaren lehen bi orrialdeak euskaraz idatzi zituen, eta gainerako testua gaztelaniaz, eta Frantzisko Xabierkoaz ari zelarik, honela zioen:

“Jayo cela gure Españian, vskal Errian, Nafarruan”.[55]

Euskal Herria eskuarki erabili izan da, bestalde, ideologia eta pentsamolde alor guztietan. Hona hemen adibide batzuk, ediren litezkeen ugarien artetik jasoak:

Salvador Castilla Alzugaray (Iruñea 1819 — Donostia 1884), errepublikazaleak, 1878ko uztailaren 15ean hitzaldi bat egin zuen Iruñean, Asociación Euskara de Navarraren batzar batean, eta han bilduei Euskal-Erria maitatzen jarrai zezaten eskatu.[56]

Vianako semea zen Francisco Navarro Villoslada eleberrigileak (1818-1895), tradizionalistak, “De lo prehistórico en las Provincias Vascongadas” idazlanean (1877) honela dio:

“… pero ellos no se dan a sí propios ese apelativo, ni el de vascongados, ni otro más que el de escualdunas bajo cuya denominación comprenden a todo el que habla la lengua euscara, sea español o francés, llamando asimismo escualherria, literalmente tierra de escualdunas, a todas las provincias que hablan la lengua euscara y pueblan ambas vertientes de los Pirineos occidentales: navarros, guipuzcoanos, alaveses y vizcaínos, españoles; suletinos y laburdinos, franceses”.[57]

Letra xehez Azkueren hiztegian bertan (1905-1906) ikus daiteke izena. Hiztegiaren sarrerak letra larriz ezarri zituen egileak, baina bigarren aldaera letra xehez aurkitzen dugu:

Eskualerri (B-l), eskualherri (L), país vasco, pays basque”.[58]

Gaztelaniazko eta frantsesezko ordainak ere letra xehez ageri dira adibide horretan; ohitura hori oso zabaldurik egon da.

Román Zubiaga buruzagi karlista bizkaitarrak, orduan kadete zen Santiago Palaciorekin Gernikako Batzar Etxerako bisitan zihoala, honetara esan zion:

“… las tribus más celosas de su independencia refugiáronse en las montañas de aquende y allende el Pirineo, constituyendo la Euskalerria, es decir, el país de euscaldunac, de los que hablan el idioma éuskaro…”.[59]

Iruñeko alaba zen Dolores Baleztena (1895-1989) idazle karlista nafarrak Euskalerria izena maiz erabiltzen du, adibidez, euskal zibilizazioari buruz ari denean:

“… la figura del bersolari, ese admirable bardo de la Euskalerría genuinamente popular, que con asombrosa agilidad de imaginación y habilidad en versificar, riñe torneos de ingenio discurriendo por los temas más dispares […] Dignos discípulos del inmortal Iparraguirre, también voluntario de Carlos V, que con su voz arrebatadora, subyugaba auditorios de naciones extranjeras, cantando a la amacho maitia, al blanco querube de Euskalerría, a España, “lur oberikan ez da Europa Guziyan”, la tierra mejor cual no hay otra en Europa …”.[60]

Jesús Etayok 1921eko maiatzaren 17an El Pensamiento Navarron “Ante el cuarto centenario de la herida de Iñigo de Loyola” artikulua idatzi zuen. Besteak beste, honako hau irakur daiteke:

“… como vascos, porque, a pesar de la gran desviación histórica padecida por nuestra raza, Ignacio era vasco y todos los vascos somos participantes de las glorias de Euskalerria …”.[61]

Honen kontura egoki datorke Oriamendi ere aipatzea, karlisten himnoa, honela baitio:

“Gora Espainia eta Euskal Herria!
Ta bidezko errege.
Maite degu Euskal Herria,
Maite bere fuero zaharrak”.

Erabilera guztiz ohiko horren ispilua José María Iribarrenen Vocabulario navarro (1952) deritzon horretan ere ediren daiteke. Honela dio:

Euskalerría: “Nombre que dan al País Vasco; es decir, a Vizcaya, Guipúzcoa, Alava y Navarra en España, y Laburdi, Benabarre y Zuberoa en el país vasco-francés”.[62]

Ikusten ari garen kontzeptu hau gaztelaniaz eta frantsesez era batzuetara adierazi da: Vasconia, País Vasco, País Vasco-Navarro, Vasconie, Pays Basque. Azpimarratzekoa da País Vasco frantsesezko Pays Basqueren oihartzuna dela eta XIX. mendean zehar hedatu zela. Lehenago Basque forma hutsa erabiltzen zen frantsesez, substantibo gisa; esaterako, Jean Baptiste Nolin-en mapa famatuan (Paris 1704) Mer de Basque ikus daiteke, eta horren azpian Tarbellicus sinus latinezko ordaina.

Aipatuez gainera, bada liburu usaineko izen bat: Euskaria, eta hortik datoz euskaro eta euskarien adjektiboak. Hiru izenok, begi-bistakoa denez, hizkuntzaren izenetik datoz, hots, euskaratik. Gogora ditzagun, besteak beste, Asociación Euskara de Navarra, 1877an fundatua, eta beronek hurrengo urtean sortu zuen Revista Euskara.

XIX. mendea amaitu baino lehentxeago Sabino Arana Goirik (1865-1903) Euskadi izena sortu zuen, uste izanik Euskal Herria izenak ez zuela izaki politikorako balio. Horretarako, gorago aipatu dugun Euskaria eduki zuen gogoan, eta –di leku-atzizkia erantsi zion. Izen horrek —bere asmatzaileak aurrenik s-rekin idatzi (Euskadi) eta geroago z-rekin (Euzkadi) hobetsi zuenak— erabilera nabarmena izan du. Hala ere, haste-hastetik izen berri horrekin bat ez zetozen anitzen iritziak entzun ziren. Haien artetik Arturo Campión iruindar poligrafo eta historialaria nabarmendu zen. Gai horri buruz artikulu garratzak idatzi zituen, eta bereziki “Sobre el nuevo bautizo del País Basko” deritzona[63]. Halako egitasmo politiko batengatik Euskal Herria ordezkatzeko saio horrek gorabehera sonatu batzuk ekarri zituen aldean, esaterako, 1918an, Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Lehen Biltzarraren hitzaldi batean, Resurrección M.ª Azkuek, hurrengo urtetik 1951n hil arte euskaltzainburua izango zenak, pairatu behar izan zuen zenbaiten protesta.

Urteak aurrera joan ahala, Euskal Herria izenak, bere adiera neutroarekin, iraun du, Euskadiren lehiakidetza izan arren. Alferlana litzateke adibide gehiago hona ekartzea. Aski dateke Bonifacio Etxegarai jaunak, Auzitegi Goreneko idazkari eta euskaltzain osoak, Espasa entziklopediarako (1929) idatzi zuen Vasconia artikulua gogoratzea; Batzorde Eragileen (Aldundien) Proyecto de Estatuto Vasco-Navarro delakoa (1932), euskaraz Euskalerria erdarazko País Vasco-Navarro-ren baliokidea erabiltzen duena, edo TVEren Euskal Herria programaz oroitzea, zein demokraziarako bidea hasi bezain laster eman zena (1976-1977).

Azpimarratzekoa da Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren (1979) 1. artikuluaren testu nahasia, honela baitio: “Euskal Herria […] Espainiar Estatuaren barruan autonomia-erkidego gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da […]”.[64]

Eusko Kontseilu Nagusiaren garaian, Euskaltzaindiak, Baionako ordezkaritzan 1979ko urtarrilaren 26an egindako batzarrean, aho batez erabaki zuen lehendakariari gutun bat bidaltzea; erabaki hori “Euskal Herria hitza ez baztertzeaz” tituluarekin argitaratu zen Euskera aldizkarian.[65]

Horrez gainera, itzal handiko pentsalari batzuek, hala nola José Miguel de Azaola saiakeragileak, artikulu horren testuarekin ados ez zeudela argi erakutsi zuten, bai eta Euskal Herria —agerian edo ezkutuan— saihesteko asmoaren aurka ere.

Euskaltzaindiak, politika alorretik landa eta sineste zein ideologia guztien gainetik, otsailaren 26ko 573/1976 Errege Dekretuan finkaturiko xedeetako bati erantzunez, zeinean Euskaltzaindiari hizkuntza jagoteko helburua onartzen zaion, nahitaezkoa dakusa Euskal Herria izenaren egokitasuna eta zehaztasuna berrestea. Izen hori guztiena da, eta horregatik ezin daiteke alderdikeriaz erabil, zoritxarrez inoiz gertatu eta orain ere gertatzen bada ere. Hori, jakina, herrialde bakoitzaren deitura bereziari eta izen politiko-administratiboei kalterik egin gabe.

Gorago adierazi guztiaren argitan, Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik.

Araua:

Gauzak horrela direlarik, eta 2003ko uztailaren 18an Euskaltzaindiak, Donostian onarturiko adierazpenean oinarriturik, honako araua plazaratzen du:

  1. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.
  2. Idazkerari dagokionez, bi hitzetan eta biak letra larriz.
  3. Gogoratu behar da bukaerako –a hori artikulua dela. Hortaz, erabil bedi: Euskal Herria, Euskal Herrian, Euskal Herriaren..., baina Euskal Herriko, Euskal Herritik, Euskal Herrira. Beraz, gaizki daude *Euskal Herriako, *Euskal Herriatik, *Euskal Herrin edo *Euskal Herriren bezalakoak.

Era berean, izen honek bere azken –a galtzen du ondoan beste determinatzaileren bat edo adjektibo bat daramanean. Adibidez: Euskal Herri maitea, Euskal Herri osoan, gure Euskal Herri hau, zein Euskal Herri litzateke?... Hortaz, ez daude ongi *Euskal Herria maitea, *Euskal Herria osoan, *gure Euskal Herria hau eta *zein Euskal Herria litzateke?

Euskaltzaindiak Abadiñon egin batzarrean erabakia, 2004ko uztailaren 23an.

Euskera, 61, 2016, 1, 201-209.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper