Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2022)

ADIERAZPENA EUSKALKIEN ERABILERAZ, IRAKASKUNTZAN, KOMUNIKABIDEETAN ETA ADMINISTRAZIOAN


Testuaren ezaugarriak:
  • Arloa: Administrazioa, Hedabideak, Irakaskuntza
  • Gaia: Euskalkien erabilera arlo horietan
  • Testu-mota: Adierazpena eta araua
  • Testu-emailea: Euskaltzaindiaren Osoko bilkura
  • Testu-jasotzailea: Orokorra
  • Data: 2004-III-26
  • Hizkuntza: eu
33
ADIERAZPENA EUSKALKIEN ERABILERAZ, IRAKASKUNTZAN, KOMUNIKABIDEETAN ETA ADMINISTRAZIOAN

Aurrekariak

“Euskalkiak baino lehen, hor da euskara”. Adierazpen hori Euskaltzaindiak egina da, 1979an, “Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak” izeneko agirian (ikus Euskera, XXIV. liburukia 1979-1, 103-106. or.). Agiri horretantxe datoz ondorengo xehetasunok ere:

“Euskaltzaindiak uste du, eta hori ez da uste hutsa, zehazki froga daitekeen iritzia baizik, badela oraindik, lehen ere izan den bezalaxe, euskara bakar bat euskalkien ñabardurak estaltzen eta itxuraldatzen ez duena. Euskalkien eta tokian tokiko hizkeren arteko bereizkuntzak, egungo egunean ere, axaleko itxuraldatzeak dira batik bat, hizkuntzaren muin sakona bere iraunkor hartan uzten dutenak. Hizkuntzaren oinarri batu hori, eta oinarri horren egitura (euskalki guztien egitura komuna) dira beti gogoan eduki behar ditugunak, gure ahaleginak euskararen batera-biderako, eta ez berezirik daudenen sakabanatzeko, izan daitezen”.

Horretarako, “euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak aztertu eta landu behar direla uste du Euskaltzaindiak, ortografia eta hizkuntzaren azpiegitura zainduz”.

Bergarako Biltzarreko adierazpenean ere horixe bera aldarrikatu zuen Euskaltzaindiak, eta salatu egin zituen, gainera, auzi honetan kaltegarri gertatzen diren bi jokaerak: batetik, euskarazko hizkuntza-agerpen guztiak baztertzea, besterik gabe, agerpen horietan euskalkiak erabiltzen direlako; bestetik, euskalkia erabiltzeko aitzakiarekin, badaezpadako euskara erabiltzea, Euskaltzaindiak zehazten dituen arau eta gomendioetatik guztiz aldenduta.

Bigarren jokaera kaltegarri hori saihesteko, euskalkiak erabiltzerakoan nahitaez bete beharreko baldintza bi ezarri zituen Euskaltzaindiak 1979an (ikus “Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak”):

a) Idatzian, ortografia bakarra onartuko da batuan nahiz euskalkietan; izan ere, euskara hizkuntza bakarra baita, ez hizkuntza asko. Horregatik, Euskaltzaindiak ortografiaren batasunerako eskaini dituen erabaki eta proposamen guzti-guztiak bete behar dira euskalkietan idaztean ere.

b) Idatziz nahiz ahoz, hizkuntzaren azpiegituraren arabera (euskararen oinarri bakarraren arabera) jardun behar da beti. Euskararen muin horri dagozkio deklinabide mugagabea, “-a” organikoz bukatutako hitzak, euskalki guztietan legezko den aditz-jokoa, euskal hitzurrena eta abar.

Harrezkero, garatu egin zen euskararen estatusa, hizkuntza ofiziala izateraino (gaztelaniarekin batera) Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, eta hamaika esparrutara zabaldu zen euskara: hala nola administrazio publikora, hezkuntzara eta komunikabideetara. Egoera berri haren aurrean, Euskaltzaindiak, euskalkien erabilera eguneratu eta sistematizatu beharrez, beste adierazpen bat egin zuen 1994an, “Euskalkien erabilera Administrazioko 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunetan” izeneko agirian (ikus Euskera, 1995, 2-3, 40. liburukia, 1019-1024. or.). Bertan, “Eranskina” delako atalean ageri denez, honako irizpide orokor hauek finkatu eta proposatu zituen Euskaltzaindiak, euskalkian idazten denerako:

  1. Ahozkoan eta lagunarteko hizketan ohikoak diren laburtzapenak gaitzetsi egin zituen.
  2. Tokian tokiko fonetismo bereziak gaitzetsi egin zituen.
  3. Euskalkian forma bi edo gehiago erabiltzen direnean, batuarekin bat datorrena hobetsi zuen.
  4. Batasunerako erabaki den deklinabidea nahitaezkotzat jo zuen, baina bizkaierazko zenbait forma berezi ere ontzat emanez.
  5. Batasunerako erabaki den aditz-jokoa nahitaezkotzat jo zuen, baina euskalkiko forma batutzat har daitezkeenak ere ontzat emanez.
  6. Euskara batuko eta euskalkietako sintaxi-zuzentasuna bat bera dela aitortu zuen.
  7. Morfologian, hitzen forma dialektal tradiziodunak ere (bakotxa, barri, burruka, edur, elexa, parkatu…) ontzat eman zituen.

Agiri horretan, gainera, Euskaltzaindia kezkaturik azaldu zen Administrazioko 1. hizkuntza-eskakizuneko azterketetan garrantzi eta pisu handiegia ematen zitzaiolako idatzizko probari, ahozko trebetasunaren kaltean.

Zioen azalpena

Euskaltzaindiak jakin badaki bere proposamenak ez direla inola ere debeku moduan hartu behar, ezta hurrik eman ere. Hala ere, hiztun batzuek, noizean behin eta okerretara, baztertuta ikusten dute euren burua, bizi duten euskalkia euskara batutik urrun dagoelako; baina ez dute bazterturik sentitu behar. Euskaltzaindiak, behintzat, ez du horrelako bazterkeriarik nahi; baizik eta nahi du euskaldun bakoitzak bere euskararekin bat egitea eta, era berean, euskara batuarekin bat egitea, batua harturik goi-mailako erregistrotzat gainerako euskaldun guztiekin harremanak izateko.

Euskalkia eta batua elkarrekin uztartu beharrak sortzen dituen arazoen konponbideak era askotakoak izan daitezke, eta konponbideok kasuan-kasuan egokitu behar zaizkio aldian aldiko komunikazio-egoerari; betiere batasunari eutsiz eta euskal hiztunen bazterketa gutxietsiz. Egoerak ere desberdinak dira, lurraldearen arabera eta euskalkien arabera. Horregatik, tentuz jokatu behar da gomendio orokorrak ezartzeko orduan, kasuan kasuko egoera bereziak alde batera utzita.

Azken aldian, euskalkien erabilera lehengoaz gain eguneratu eta sistematizatu beharrez, Euskalkien lantaldea eratu zuen Euskaltzaindiak Jagon Sailaren baitan, bertara bilduz lurralde nahiz euskalki anitzetako ordezkariak. Lantalde horrek bi galdeketa egin zituen 2001ean: bata, Bizkaiko administrazioan bizkaierak duen erabileraz; bigarrena, Nafarroan (irakaskuntzan, administrazioan, herri-aldizkarietan…) euskalkiek duten lekuaz. Datu horiek eta beste bildu eta aztertu ondoren, eta bereziki Euskaltzaindiaren XV. Biltzarrean, Bilboko Euskalduna jauregian, egin zuen mahai-inguru jendetsuan hala agindurik, gaiari buruzko proposamen-zirriborro bateratua moldatu zuen Euskalkien lantaldeak; baita proposamen-zirriborro hori Jagon sailkideei eta Euskaltzainditik kanpoko ordezkariei eta adituei aurkeztu eta berorien oharrez osatu ere, gai korapilatsu honetan ahalik eta adostasunik handiena lortuz euskaltzain osoei aurkeztu aurretik. Hala gertatu da, eta euskaltzain osoek, testua eztabaidatu ondoren, adierazpen hau onetsi dute:

1. Adierazpena

Adierazpen honen xedea da euskara baturako eta euskalkietarako esparru eta joko-arau zehatzagoak ezartzea edo berrezartzea; horien bitartez euskaldun guztiok eroso eta eraz ari gaitezen egunero euskara erabiltzen dugunean. Horretarako, oinarrizko lau abiaburu hauek proposatzen dira:

1.1. Begirunea izatea

Euskaraz mintzo diren hiztunen egoera desberdinei begirunea zor zaie, hiztun horiek euskalkiak erabili nahiz euskara batua erabili. Hortaz, hiztunen artean ez da bereizkeriarik egin behar euren jatorrizko hizkuntzaren ondorioz, euskalkiaren ondorioz edota zuzenean euskara batua ikasi izanaren ondorioz.

1.2. Elkarren osagarri izatea

Euskara batuko eta euskalkietako adierazpideek, idatzizkoek nahiz hitzezkoek, elkarren aberasgarri izan behar dute: zehatzago esanda, euskalkietako formek berezko bide izan behar dute euskara batuko formetara heltzeko. Besteak beste, hiztegian, sintaxian eta esapideen arloan, euskara batua eta euskalkiak ukipenean daude, bi errealitate horiek bizi-biziak direla.

1.3. Forma egokiak erabiltzea

Euskalkia erabiltzean, egoera eta eremua kontuan hartuta aukeratu behar dira formarik egokienak: eremu zabalerako, euskara batutik hurbil dauden formak, eta eremu mugatuagoetan, bertakoak ere bai.

1.4. Arauak eta gomendioak betetzea

Euskalkien erabilerari buruzko Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak bete beharrekoak dira; eta bereziki, lehenago aipatutako 1979ko bi baldintzak eta 1994ko zazpi proposamenak.

Bestalde, euskalkien alorrez alorreko erabileran, oso kontuan hartzekoak dira ondorengo irizpideok:

2. Administrazioan

Hedaduraren arabera, hiru administrazio publiko mota dauzkagu Euskal Herrian: orokorra, lurraldekakoa eta tokian tokikoa; eta bakoitzaren jardun-esparruak bere hizkuntza-eremu bereziak ditu. Horiek horrela, eta Administrazioaren eginkizunik behinena herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea izanik:

2.1. Euskara idatziari dagokionez, administrazio orokorrean euskara batua erabiliko da.

2.2. Lurralde mailan diharduten administrazioek aintzat hartuko dituzte bertako euskalkiak; betiere administrazioko lexikoaren eta terminologiaren batasuna begiratuz, erabilera orokorreko hitzen ordeak asmatzen ibili gabe.

2.3. Bidezkoa da tokian tokiko administrazioek bertako euskalkia erabiltzea herritarrekiko harremanetan, batik bat ahozkoetan.

2.4. Herritarrekin ahozko harreman zuzena duten administrazioetako langileek tokian tokiko euskalkiaren oinarrizko ezagutza behar dute.

3. Komunikabideetan

Hedaduraren arabera, bi komunikabide mota dauzkagu nagusiki Euskal Herrian: orokorrak eta eskualde edota herri mailakoak; eta, horietako bakoitzaren jardun-esparruak bere hizkuntza-eremu bereziak ditu. Hedabidearen arabera, berriz, baditugu ahozkoak, idatzizkoak eta ikus-entzunezkoak. Horiek horrela, eta komunikabideen eginkizunik behinena herritarrekin ahalik eta komunikaziorik egokiena lortzea izanik:

3.1 Hedadura orokorrezko komunikabideek euskara batua erabiliko dute.

3.2. Eskualde edota herri mailako komunikabideek euskara batua eta euskalkia erabil ditzakete: biak batera; baina ez elkarrekin nahasiz, baizik atalez atal bereiziz. Hedaduraren eta hedabidearen arabera erabakiko dute kazetariek-eta zein ataletan, non eta noiz erabili euskara batua eta zeinetan, non eta noiz euskalkia.

3.3. Euskalkia erabiliz jardun behar duten kazetariek-eta aski landua behar dute izan hartarako gaitasuna, ahozkoa nahiz idatzizkoa, euskalkiaren duintasunaren hobe beharrez. Lanean, bereziki gogoan izan bezate Euskaltzaindiak gaitzetsi egiten dituela ahozkoan eta lagunarteko hizketan ohikoak diren laburtzapenak eta tokian tokiko fonetismo bereziak.

3.4. Hizkuntza-erregistroa hautatzerakoan, kazetariek-eta erabakiko dute zein ataletan, non eta noiz erabili euskara landua (batua nahiz euskalkia) eta zeinetan, non eta noiz lagunartekoa.

4. Irakaskuntzan

Hezkuntzan, gutxienez, erregistro biren erabilerak behar du lekua: lagunartekoak eta landuak (eskolari zuzen-zuzenean dagokionak), betiere gogoan izanik ahozkoaren eta idatziaren arteko bereizketa. Izan ere, hezkuntzaren zereginik behinenetariko bat ikasleei hizkuntzaren erabileran ahalik eta trebetasunik handiena ematea da: hizkuntza aberatsa eta egoeraren araberakoa. Horiek horrela, ondorengo urrats hauek izan beharko lirateke kontuan:

4.1. Euskalkiek euren nortasuna dute, eta hezkuntzan jagon egin behar dira euren osagai esanguratsuak nahiz hizkuntzan betetzen duten funtzioa, betiere idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko desberdintasuna kontuan hartuz eta batasunerako arauak betez.

4.2. Lagunarteko hizkera —gehientsuenean behinik behin—, euskalkian edo azpieuskalkian oinarritzen dela gogoratu behar da; eta landua, ostera, euskara batuan edo euskalkiaren erabilera landuan. Horrenbestez, hezkuntza-komunitateak, egoeraren arabera, beharko du bideratu hezkuntza-prozesu bakoitzari dagokion erregistroa, batez ere lexikoan eta esapideetan.

4.3. Irakasleak hezkuntza-jardunean aritzeko gomendagarria da hizkera landuaren eta lagunartekoaren jakitun egotea. Horrela, lagundu ahal izango dio ikasleari hizkuntzaren erregistroen erabilera-esparruetan. Horretarako ere, ezinbestekoa da irakasleen berariazko trebakuntza.

4.4. Umeei dagokienez, Euskal Herriko haurren jatorrizko hizkuntza aintzat hartuta —betiere helburua euskaldun osoak sortzea izanik—, metodoaren aldetik, hots, ikasgela eta ikasmultzo berean jardunik, guztiz mesedegarria da haurren hizkuntza-gaitasunaren araberako jardunbideak lantzea.

4.5. Helduei dagokienez, euskalduntzea eta alfabetatzea bereizi beharko lirateke; lehen kasuan, euskalduntzean, zerotik abiatzen delako ikasprozesua eta, bigarren kasuan, alfabetatzean, ikasleak dakienetik ez dakienera delako ikasprozesua.

5. Adierazpen hau garatzeko, Euskaltzaindiak alorrez alorreko gomendioak eta irizpenak emango ditu.

Lezamako Udaletxean, 2004ko martxoaren 26an, berretsia.

Euskera, 49, 2004, 1, 426-429.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper