JAGONET galde-erantzunak

kiroldegi, *polikiroldegi

Galdera:

Zuzena al da polikiroldegi esatea? Ezezkotan, zergatik ez da zuzena?

Erantzuna:

Batasunerako erabilera zuzen-egoki bakarra kiroldegi da.

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delako liburuan (ikus 2012koaren 489. or.), hauxe da, besteak beste, kiroldegi sarreran datorrena:

kiroldegi iz. Hainbat kiroletan aritu ahal izateko prestatua dagoen instalazioa.

Euskaltzaindiak batasunerako arautuak ditu poli- aurrizkia duten hainbat hitz: polifonia, poligamia, poliglota, poligono, poliklinika, polisemia, politeismo eta abar (ikus Hiztegi Batua). Hitz horietan guztietan poli- aurrizkiak hainbat, asko esan nahi du: polikromo=kolore askotakoa; polimorfo=forma askotakoa eta abar (ikus Hiztegi Batua). Baina kiroldegi hitzaren azalpenak berak hainbat kiroletan aritu ahal izateko dela adierazten duenez, sobera legoke eta errepikapen kaltegarria litzateke hor poli- aurrizkia erabiltzea: horregatik da okerra *polikiroldegi hitza.

Data: 2016/02/04 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper