JAGONET galde-erantzunak

-t(z)en ahal: joaten ahal naiz, joaten ahalko naiz, joaten ahal izan nintzen...

Galdera:

Baztan aldean joaten ahal naiz erabiltzen dugu, baina ez dakit beste forma hauek ere onartuak ote diren: joaten ahalko naiz, joaten ahal izan nintzen, joaten ahal izateko...

Erantzuna:

Egitura horiek ez ditu inork onartu edo onartu gabe utzi: etxean bizi naiz ere ez du inork ere onartu edo onartu gabe utzi. Horiek oso arruntak dira euskaraz. Kontua ez da ongi edo gaizki izatea, baizik euskara izatea edo ez. Eta horiek, duda gabe, euskara dira. Baztandik kanpo ere aski arruntak dira, gainera.

Gauza hauetan konplexuak galdu behar ditugu, eta euskara diren neurrian beldurrik gabe erabili, betiere ortografia batua baliatuz: g(o)aten ahal naiz esaten da, baina ez litzateke egokia hola erabiltzea, g(o)an horren aldaera estandarra joan baita.

Aipatzen diren adibideetan zailtxoago da joaten ahal izateko bezalako perpaus baten testuinguru egokia aurkitzea, baina ez dakit nola esango nukeen nik, haraino joaten ahal izateko, mendiari itzulia egin behar diozu bezalako zerbait ez bada.

Beraz, zalantza gabeko erantzuna: BAI (nahiz, diodan gisan, inork ere, ez Euskaltzaindiak ez beste inork, ez dituen espresuki onartu. Ez da beharrik ere).

Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako ahal sarrera.

Data: 2015/02/17 - Erantzulea: Pello Salaburu
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper