JAGONET galde-erantzunak

-ez/-etaz atzizkiak: hori egin dutenEZ / *dutenETAZ hitz egiten ari dira

Galdera:

Zuzena al da hori egin DUTENEZ / DUTENETAZ hitz egiten ari dira esatea? Aukera horiek biak zuzenak dira?

Erantzuna:

Batasunerako erabilera zuzen-egoki bakarra Hori egin dutenEZ hitz egiten ari dira da.

Euskaltzaindiak argitaratutako Euskal gramatika laburra liburuak dakarrenez (ikus 483. or.), *dutenetaz forma eta gisakoak ez dira egokiak batasunerako, nahiz eta herriak sarri erabili. Hona zer dakarren liburuak orrialde horretan:

Mugagabean -(e)z egiten badu ere (nola bukatzen den deklinagaia, bokalez ala kontsonantez), erakusleen eta izenordainen kasuan -etaz ageri da: honetaz, horretaz, hartaz, gutaz, zutaz, nitaz, e.a. Berdin pluralean ere: hauetaz, horietaz, haietaz. Hala ere, gainerako izenkien kasuan ez dira euskara idatzian forma horiek onartzen: *semeetaz, *etxeetaz, euskara bizian erabiliak diren arren. Halaber, Euskaltzaindiak emandako formetan ontzat jotzen dira honezaz, horrezaz eta halakoak.

Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako horretaz sarrera.

Data: 2014/12/09 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper