JAGONET galde-erantzunak

Hitz elkartuak: bideo (bideo-arte, bideo-instalazio...)

Galdera:

Badakit batasunerako zuzenak direla bideo-joko eta bideo joko; bideokamera; bideokasete; bideoklip; bideoklub; bideoteka; bideozaintza idazkerak. Baina zuzenak al dira bideo-arte eta bideo-instalazio formak?

Erantzuna:

Dudarik gabe, bideo aurrizki/hitza gaur egun hitz osotzat ere har daiteke. Erdaraz, egia esan, nolabaiteko anarkia dago hitz horren erabileran, kasu batzuetan bereiz, beste batzuetan marrarekin loturik eta beste batzuetan elkarturik idazten baita. Erdararen erregela, nolabait, elkarketaren luzeran oinarritzen dela esango nuke, hots, zenbat eta bigarren elementua laburragoa izan, are arrazoi gehiago elkarturik idazteko.

Horrez gainera, jakina, bistan da bigarren elementuak -zain edo -teka atzizkiak edo gisa horretakoak direnean, normalagoa dela erabat loturik idaztea. Ene ustez, erabiltzaile askoren eredua erdararena da, eta erdaraz nola, euskaraz ere halaxe idazten dute.

Euskararako orain arte eman diren arauekin bat, ene ustez, bideo-arte edo bideo arte idatz liteke; baina arte hitz polisemiko honen kasuan, argiago litzateke bideo-arte, marratxo eta guzti idaztea.

Data: 2014/01/14 - Erantzulea: Xabier Kintana
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper