JAGONET galde-erantzunak

Esapideak: Eskerrak etorri -(e)la / -(e)n

Galdera:

Zein da zuzena: eskerrak etorri dela ala eskerrak etorri den?

Erantzuna:

Biak zuzenak dira. Hona zer dioen Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, V, Mendeko perpausak liburukiak (ikus 76. or.): “eskerrak gobernatzaileak -eLA menderagailuko osagarriak izaten ditu normalean, lekuko idatziek erakusten dutenez. Baina ahozko mintzairan -eN menderagailua hartzen du maiz, Hegoaldeko euskalkietan ere: Eskerrak ez zaizun hori besterik gertatu! ”.

Beraz, zuzenak dira ondorengo esapide hauek guztiak: eskerrak etorri dela; eskerrak etorri den; eskerrak ez dela etorri; eskerrak ez den etorri; eskerrak etorri ez den.

Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako “eskerrak” sarrera.

Data: 2012/03/12 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper