JAGONET galde-erantzunak

ihes egin

Galdera:

Zer atzizki hartu behar du ihes egin aditzaren aurreko sintagmak? Euskalkiaren araberakoa ote da? Zuzenak al dira ondorengo esaldi hauek? 1.Irakasleari ihes egin zion, 2. Nire ihesi dabil, 3. Jonengandik ihesi etorri da.

Erantzuna:

Galderako hiru esaldiak zuzenak dira; izan ere, ihes egin aditzarekin datiboa erabil daiteke (-RI: irakasleari ihes egin zion), ablatiboa ere bai (-TIK: arriskutik ihes egin du / -RENGANDIK: etsaiarengandik ihes egin du) eta genitiboa ere bai (-REN: etsaiaren ihesi dabil; Absalon-en ihesi basora zihoala; tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako).

Kontua da genitiboan erabiltzen denean ihesi forma dugula, hau da, adizlaguna, eta ez aditza (horrekin ere erabil daitezke ablatiboko -TIK/-RENGANDIK gisakoak: handik ihesi etorri direnak).

Euskalkien arteko erabilerari dagokionez, erabilera orokorrekoak dira guztiak: euskalki eta garai guztietan erabili izan dira (ikus Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia, OEH, IX. lib. 166.-168. or.).

Data: 2008/07/14 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper