JAGONET galde-erantzunak

Gaztelaniazko no pude ir

Galdera:

Nola esaten da no pude ir euskaraz: ezin izan nuen joan ala ezin nintekeen joan? Euskaraz desberdintzen al dira hube podido eta gisakoak?

Erantzuna:

Ahalezko laguntzaileaz baliatuz gertatzen den adizjokoan ez dago iraganerako forma bat besterik: ezin nintekeen joan nahiz ezin joan nintekeen. Hauek, jakina, ezin dute eman aspektu burutuaren ñabardurarik. Beraz, no pude ir bezalakoetatik urrun samar gertatzen dira.

Hala ere, badira zenbait perifrasi, behar bada hurbilagotik erantzuten ahal diotenak gaztelaniazkoari: ezin izan nintzen joan, ezin joan ahal izan nintzen... (ez ezin izan nuen joan, laguntzailea joan aditzaren araberakoa hautatu behar baita); edo baita ere ez nuen joaterik izan.

Baina azken hori bezalakoak ezezkakoetatik kanpo ez dira gomendagarriak. Alegia, izan nuen joaterik baino hobe joan ahal izan nintzen; bestalde, bazeukan joatea eta horrelakoen ordez ere, hobe joan zitekeen esatea.

Data: 1996/04/17 - Erantzulea: Gramatika batzordea
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper