JAGONET galde-erantzunak

"nagiak atera" esapidea

Galdera:

Zelan esan behar da, "nagiak atera nau" ala "nagiak atera ditut"?

Erantzuna:

Zure galderako "nagiak atera ditut" zuzena da; baina beste "nagiak atera nau" hori ez da zuzena, non eta beste esanahi bat ez duen: alegia, "[pertsona] nagiak atera nau [ni]" zuzena da, baina "alferrak atera nau" esango bagenu bezala, eta ez gara horretaz ari, noski, baizik eta "nagiak atera" esatean ulertu ohi dugunaz; hain zuzen ere, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian azalduta dagoenez: "nagiak atera: besoak eta zangoak zabaldu, giharrak tinkatuz, luzaz geldirik egon edo lo egin ondoren suspertzeko".

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak dakarren forma bakarra "nagiak atera" da, eta horixe da, zalantzarik gabe, egokiena. Badira, horrez gainera, inoiz edo behin erabiltzen diren formak ere. Esate baterako, Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian aurkitu ditudan hauexek: "nagiak uxatu" (Orixe), "nagiak bota ditu/zituzten" (Lizardi, Txomin Agirre), "nagiak astindu zituenean" (Etxaniz)...

Data: 2001/06/15 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper