JAGONET galde-erantzunak

Partitiboa ezezko esaldietan

Galdera:

Arrunta al da (onargarria?) partitiboaren erabilera ezezko esaldietan, zenbatzaile zehaztugabe batek laguntzen duen sintagman? Esaterako, EZ DUGU HAINBESTE ARAZORIK IZAN / EZ DUGU HAINBESTE ARAZO IZAN.

Erantzuna:

Ez, ez da arrunta partitiboaren erabilera ezezko esaldietan; askoz ere erabiliagoa da "Ez dugu hainbeste arazo izan" egitura.

Onargarria ala baztertzekoa den? Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiko datuen argitan, zalantzarik gabe hobestekoa da partitiborik gabea: "Ez dugu hainbeste arazo izan" egitura hori baita nabarmen nagusi bai hegoaldean eta bai iparraldean. Baina badira bestearen adibide bakan batzuk, "Ez dugu hainbeste arazorik izan" guztiz txartzat jotzen uzten ez digutenak:

- etzenuke zuk hainbeste minik (Archu, Fableac, 93. or.).

- Bat txikia eta bestea haundia izanik, ez da izango hainbeste kalterik (Koldo Mitxelena, Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak, I, 96. or.).

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "partitiboa" sarrera.

Data: 2001/11/16 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper