JAGONET galde-erantzunak

"-xe" (horrekintxe/horrexekin)

Galdera:

Zein da zuzena "horrekintxe" ala "horrexekin"?

Erantzuna:

Forma horiek biak zuzenak dira. Euskaltzaindiaren Euskal gramatika laburra: Perpaus bakuna liburuak, "Erakusle indartuak" atalean (ikus 84. or.), hauxe dio:

Hiztun batzuek "-xe" atzizkia erakuslearen erroaren ondotik jartzen dute, kasu markaren aurrean ("honexeri, horrexeri, harexeri"); beste hiztun batzuek nahiago dute, ordea, azkenean jarri atzizkia (" honixe, horrixe, harixe"). Eta gauza bertsua gertatzen da kasu hauekin guztiekin (batzuekin ezinezkoa den arren) "honexetan/honetantxe, honexekin/honekintxe, honexetara/honetaraxe", eta abar. Erakusleetatik sortzen diren adberbioekin ere ber gauza: "hementxetik/hemendixe, honelakoxe/honelaxeko" eta abar.

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "-xe" sarrera.

Data: 2001/07/13 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper