JAGONET galde-erantzunak

Zer zabiltza? / Zertan zabiltza?

Galdera:

Zein da forma egokia: Zer zabiltza ala Zertan zabiltza?

Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du batasunerako ezer gomendatu eta Gramatika batzordeak ere ez du proposamen berezirik egin honen gainean.

XIX. mendeko eta XX. mendeko (1950 arteko) autoreak begiratuaz, hona hemen atera ditudan adibide batzuk:

Zer zabiltza?

Zer zabiltza bada exezio oriekin? (Agirre Asteasukoa)

Jaungoikuak egun on dizuela, Maiñazi! / Zer zabiltza zu emen makilla ta guzi? (Txirrita)

Ilarramendik, Labayenek eta bestek ere badarabilte zer zabiltza.

Zertan zabiltza?

Gizona, zertan zabiltza orrela eta zer bizi-modu da zuria? (Beovide)

Baña, oñatiarrak, zertan zabiltzate Ergiñara-bidean euriaren eske? (S. Mitxelena)

Lagunak engañatzen zertan zabiltza? (Txirrita)

Laphitzek eta Udarregik ere badarabilte zertan zabiltza.

Biak erabili izan dira, beraz, eta ez dut uste oraingoz bietako bat hobets daitekeenik; izan ere, biak dira zilegi eta erabilgarri, nire iritziz.

Data: 2001/05/04 - Erantzulea: Miren Azkarate
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper