JAGONET galde-erantzunak

Espainiako erresumako probintzia eta autonomia erkidegoen izenak

Galdera:

32. arauaz gainera, kontuan harturik Frantziako Errepublikako eskualdeen izenak (36. araua), Munduko estatu izenak, hiriburuak eta herritarren izenak (38. araua) eta Munduko geografiako zenbait izen (52. araua), hona bizpahiru zalantza-edo:
a) Zergatik Murtzia; baina Cadiz, eta ez Kadiz?
b) Espainiako Erresumako probintzia eta elkarte autonomoen izenak atalean, ez ote zen komeni bidea erraztea: Kordoba, Eivissa…?
c) Eguneroko lanean oinarriturik eta, ustez, aplikazio egoki bati begira, honako bereizketa egitea proposatzen dut:
- Izen ofizialak: legez duten izena (Iruña, Marcilla, Tudela…).
- Izen kulturalak: ofizialak ez izanagatik, gure esparruan izen propiotzat hartzen ditugunak eta, nolarebait, guztiok "onartuak" direnak (Iruñea, Martzilla, Tutera…).
- Kanpoko izenetan ere argi utzi beharko litzateke zein den izen horien euskal ordain ofiziala, hau da, jatorrizko izena (Madrid, Barcelona, Valencia, Cordoba…) eta zein kulturala. Izugarri sinplifikatuko genuke arazoa. Agian izenaren "izaera kulturala" heda liteke euskaldunontzat harreman handikoak diren herri izenetara (Paris, Madril, Bartzelona…), baina izen kultural gisa.

Erantzuna:

a) Zerrenda horietako izenak erabakitzean, kontuan izan zen euskaldunek nola erabili dituzten, zer tradizio duten gure artean. Batzuetan, euskal fonologiaren arauetara egokiturik erabili izan dira (zati batean, behintzat): Valentziaren kasuan, argi eta garbi. Ez hainbeste, agian, Murtziarekin; baina analogiaz jokatu zen. Cadizen kasuan ez dago bestelako tradizio nabarmenik, eta bere horretan utzi da.

b) Gure tradizioa eta beste hizkuntzetako izen ofizialak kontuan izanik, egokienak iritzi dizkiegun arauak eman ditugu.

c) Euskaltzaindiak ez du ikusten "izen ofizial / izen kultural" bereizketaren beharrik. Inguruko hizkuntzek ere, hizkuntza horretan hiriburu eta hirien izen ofizialak ematean, ez dute beti errespetatzen jatorrizko izen ofiziala (Londres/London).

Data: 1996 - Erantzulea: Onomastika batzordea
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper