a) 18. arauak dioenez, ordinaletako -garren ahoskatzeko, puntua jar daiteke. Baina lehenengo laburtzeko modua zein da: 1., nahiz eta -garren ahoskatu ez?
b) Zergatik batgarren eta ez bostgarren. Beharbada, -stg- kontsonante-segidagatik ote?
c) Bestalde, beti jarri behar al da -garren horren ordezko puntua? 2 eta 3. atalean ala 2. eta 3. atalean?
a) Bai.
b) Bai, arauan bertan esaten den bezala, "batasunean kontsonante-multzoak murrizteko hartu den erabateko jokabidea (hiztegi eta ez hitztegi) kontuan harturik, badirudi forma bakuna dela gomendatzekoa"
c) Bi moldeetara dago ondo arauz —2 eta 3. atale(t)an eta 2. eta 3. atale(t)an—, 18. arauan bertan ageri diren adibideetan aditzera ematen den moduan (XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan; XVII, XVIII eta XIX. mendeetan). Erabileran, nolanahi ere, ohitura finkoak ari dira sortzen: bi elementu direnean koordinazioan, gainerako koordinazioetan bezala, biei jartzen zaie puntua: 2. eta 3. atale(t)an (eta esan ere, hala esaten dugu: “bigarren eta hirugarren ataletan” eta ez “bi eta hirugarren ataletan”). Hiru elementu edo gehiago daudenean erabiltzen da gehienbat elipsia (“bi, lau, zazpi eta zortzigarren ataletan”).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > zenbakiak
Unitate-mota: zenbakiak > ordinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.