Zer aditz-mota dira egin badeza, etor badadi eta gisakoak: ahalerazko baldintzak?
Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II, 375. or. liburukian datoz jasota eta azalduta horrelako aditzak. Han esaten denaren arabera, horrelakoak baldintza gertagarriak edo ebentualak dira beti, gerta daitekeen zerbaitez mintzo zaizkigu eta; horregatik, baldintzaren ondorioa sarritan geroaldian eta aginteran joan ohi da. Adibidez: Eros badeza, ordainduko du. Joan banadi, ikusiko nauzu. Hauen artean auzirik (…) gerta badadi, akorda bitza karitaterekin (…).
Esaten da, baita ere, gaur egungo euskaldunek sarriago erabiltzen dituztela beste era honetako formak: Erosten badu, ordainduko du (erosten badu = eros badeza). Joaten banaiz, ikusiko nauzu (joaten banaiz = joan banadi).
Horrelakoak ez dira ahalerazko formak; baldintza gertagarriak edo ebentualak baizik.
Horrez gainera, ikus hau ere: "Denbora adieraztea: denean/dadinean, duenean/dezanean (etor dadinean, egin dezanean)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, perpausa > baldintza
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.