Zein forma hartzen dute eragin eta arazi aditzek: Nor-Nork (du aditza) ala Nor-Nori-Nork (dio aditza)? Noiz bata eta noiz bestea? Arau bera erabiltzen da bientzat?
1. -arazi: Orokorrean, da erako aditzek, -arazi eranstean, du era hartzen dute (Isildu da Mikel / Norbaitek isilarazi du Mikel); eta du erakoek dio hartzen dute (Egia esan du Mikelek / Norbaitek egia esanarazi dio Mikeli). Xehetasun gehiago jakiteko, jo 43. araura. Horrez gainera, ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: eragin/-arazi <izena + egin> egituretan (negar eginarazi / negar eragin…)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: -arazi (lo eginarazi / lo eragin)" (JAGONET), "Lexikoa: lo eginarazi, lokarrarazi, loarazi; lotarazi" (JAGONET).
2. eragin:
2.1. <izena + egin> egiturako aditz-perifrasietan aditz arazlea eratzeko erabiltzen da eragin aditza (hitz eragin, negar eragin…). Dio era dagokio (negar eragin zion [= negar eginarazi zion], huts eragin zidan [= huts eginarazi zidan]).
2.2. Bizkaierazko testuetan, -arazi aditzaren balioa izan dezake [OEH:eragin4] sarreran ikus daitekeen bezala: Sinistu eragiten die. Berak ez zuen gura, baina ugazabak etorri eragin zion batzarrera.
Ikus hau ere: "Lexikoa: egin, eragin" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak-aditzak > komunztadura, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.