Zuzenak al dira bi esaldi hauek eta hauen gisakoak?: Emaitza onak izateko, ikasi nahi behar duzu. Baina gure harremana ona izan dadin, zeuk ere nirekin egon nahi behar duzu.
Ez dira zuzenak horrelako egiturak euskaraz; izan ere, ezin dira bi aditz modalak (nahi + behar) metatu. Beste era batera moldatu izan da euskal hiztuna horren moduko informazioa emateko. Adibidez, honela: Emaitza onak izateko, ikasteko gogoa izan behar duzu.
Nolanahi ere, zuzenak dira beste egitura hauek (non nahi ez den aditz modala, izena baizik):
Emaitza onak izateko, ikasi nahiA behar duzu.
Baina gure harremana ona izan dadin, zeuk ere nirekin egon nahiA behar duzu.
Emaitza onak izateko, ikasi nahiA beharKO duzu.
Baina gure harremana ona izan dadin, zeuk ere nirekin egon nahiA beharKO duzu.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.