Nola deklinatu behar da Lurra (gure planetaren izena)?
Euskaltzaindiaren Hiztegiak argi erantzuten dio galdera horri [EH:lur]: izen arruntak bezala, mugatuan. Oso argigarriak dira bertako adibideak. Partitiboarekin ere izen arruntek bezala jokatzen du: Kometa handi hark jo izan bagintu, orain Lurrik ere (edota, Lurra bera ere) ez legoke.
Lurra bezala, Eguzkia eta Ilargia izenak ere arrunki eta inolako berezitasunik gabe deklinatzen dira eta letra larriz hasita idazten dira astroei buruz ari garenean; baina letra xehez idazten dira esanahi horietatik kanpo. Adibidez:
Satelite bakarra du Lurrak: Ilargia / Ematen du ilargian dagoela, ez da ezertaz konturatzen.
Merkurio da Eguzkitik gertuen dagoen planeta / Gogotik berotzen du gaur eguzkiak.
Ikus hauek ere: "Lexikoa: Ilargia (ilbehera, ilgora)" (JAGONET), "Lexikoa: amandre (ilargi amandrea, amandre eguzkia)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, izen bereziak > leku-izenak, ortografia > maiuskulak/minuskulak
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > letrak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.