Oro har, konplikatuegia da 25. araua, eta errazteko modua eskatzen dugu. Baditugu, halere, galdera konkretuak:
a) -ia letra-multzoez amaitutako hitzak lehen osagai direnean, bereziki laburrak direnean (kopia, biblia, grafia...), -a galdu egiten da ala ez?
b) Parte hartu, eskua sartu eta horrelakoen nominalizazio eta eratorrietan nola jokatu? Parte hartze ala partehartze, esku sartze ala eskusartze, parte hartzaile ala partehartzaile…?
c) <Izena + puska/pixka/apur/poxi/amini/mordo/pila/izpi/pare…>, nola idatzi? Marratxoz? LEF batzordearen arabera, mugakizun bereziko mendekotasunezko hitz-elkarteak dira, marratxoz zein bereiz idatz daitezkeenak. Marratxoa erabiltzea erabakiz gero, lotsa-izpirik ez du idatzi behar genuke, edo jende-mordoa etorri zen, idi-parea, etab. Baina ondoan bat hartzen dutenean, nolabaiteko ‘zenbatzaile zehaztugabetzat jo litezke, batzuk behintzat: pixka, poxi, amiñi, mordo, pila... Beraz, lasaitasun pixka bat behar dugu, gatz poxi batekin.
d) Marratxoa noiz erabili, letra larriz idatzitako hitz-elkarteetan. Hezkuntza Saila idaztea gomendatzen da; baina, marratxoa erabiltzen dutenentzat, ez al da nahasgarri samarra, letra larriak erabiltzean izan ohi diren zalantzak kontuan hartuta? Hezkuntza-Saila idaztea gaitzestekoa da?
25. araua dela eta:
a) Araua eman zenean, datuak ikusirik, askatasuna eman zen -ia amaierako bokalarekin nola jokatu. Hala ere, harrezkero, Euskaltzaindiaren Hiztegian bertan ikus daitekeenez, hitz-amaierako a ez kentzearen aldeko joera ari da nagusitzen.
b) Marratxoz nahiz bereiz, Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri den moduan: esku hartze, esku-hartze; parte hartzaile, parte-hartzaile; parte hartze, parte-hartze.
c) Erabat ados.
d) Letra larriz idazten diren hitz elkartuetan, ez zen hain beharrezko ikusten marratxoa. Horixe adierazi nahi izan zuen gomendio horren bidez. Berez, ez da gaitzesten marratxoa erabiltzea; hori ez baita araua, gomendioa baino. Azken urteotan, nolanahi ere, hasierako letra larriz idatzitako hitzen aurrean marratxorik ez idaztea gomendatzen dute estilo-liburuek (Hezkuntza Saila, Ogasun Saila, Gorputz Hezkuntza…), baldin eta marratxoa aukerakoa bada. Marratxoa nahitaezkoa denean, berriz, jarri egin behar da. Adibidez, Lasarte-Oria.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz elkartuak, ortografia > marratxoa, ortografia > zuriuneak
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > letrak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.