Zein da zuzena 80 lagunetik gora / 80tik gora lagun; 6 ordutik gora / 6tik gora ordu; 14 urtetik gorakoentzat / 14tik gora urtekoentzat eta gisako bikoteetan?
Horrelakoetan, <zenbatzailea + ([izena]) +-(e)tik gora(ko)> da joskera ohikoa. Hortaz, 80 lagunetik gora, 6 ordutik gora, 14 urtetik gorakoentzat, hiru mila lagunetik gora elkartu ziren eta abar.
Horren lekuko dira Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibide hauek [EH:gora]: seiehun metrotik gora; hirurehun milioitik gora; edo Orotariko Euskal Hiztegiko adibide hauek [OEH:gora 7]: berrogei urtetik gora dago hori; berrogeitik gora bildu ziren; hogei urtez gora zuenik; bi milatik gora ziren; bederatzi mila laurlekotik gora; hogei mila pezetatik gora eman; laurogei milioitik gora diren horientzat...
Nolanahi ere, izena azkena emanda ere ikusten dira adibide batzuk: Milatik gora hautetsik parte hartuko dute biltzarrean (EGLU V). Proiektuak Euskararen Fonoteka du izena, eta bertan bi milatik gora grabazio antolatu dira [EH:fonoteka].
Horrez gainera, ikus hau ere: "Kuantifikazioa adieraztea: inguru (bost mila lagun inguru / bost mila lagun inguruk)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak, morfologia > zenbatzaileak
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, joskera > hitz-ordena, zenbakiak > kardinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.