Zuzena al da senarrak gure andrea esatea bere emazteagatik?
Bai. Euskarak joera izan du pluraleko pertsona-izenordainak erabiltzeko singularrekoen ordez, batez ere NOREN kasuan. Gaur egungo joera ez da erabatekoa; baina, hala ere, sarritan entzuten dira horrelako erabilerak zenbait toki-izenekin (etxe, herri…) eta senidetasun-izenekin (anaia/neba/arreba/ahizpa, aita/ama...).
Zuen (=zure) etxean ere hala gertatzen al da?
Gure (=nire) baserria herritik urruti dago.
Gure (=nire) anaiak ederki daki horren berri.
Gure (=nire) andrea, andre ederra.
Lexikalizatu ere egin dira pluraleko NOREN izenordain horietatik bi: zuenean esaten da sarri zuen etxean esateko, eta gurean, berriz, gure etxean edo, hedaduraz, gure herrian esateko.
Zuenean ere ez zen giro izango atzo, ezta?
Saharako haur talde batek gurean pasatuko du uda.
Gisa berekoa da izen bereziekiko jokaera hau ere: gure Begoña, zuen Joxe…
Horrez gainera, ikus hau ere: "“Noren” adieraztea: gure/nire (nire ama / gure ama)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak
Unitate-mota: hitzak > izenordainak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.