NONGO(A), NORENGANAKO(A), NOREKIKO(A) kasuek, izena kenduz gero, -a mugatzailea hartzen dute. NORENTZAKO kasuak ere har lezake mugatzailea? Hots, amarentzakoa zuzena da?
Zuzena da amarentzakoa forma hori. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak adibide hauek dakartza, besteak beste: Ohetxo bakartia, berarentzakoa soilik (E. Erkiaga). Lehengo eskola, batzuentzakoa bakarrik zena (L. Akesolo). Jatorra da liburu honetakoa: arina, erraza, edozeinentzakoa (K. Mitxelena).
Logikaren arabera era horretakoak erabil badaitezke ere, eguneroko jardunean horiek baino forma arruntagoak erabiltzen ditugu askoz sarriagotan; esate baterako, genitiboa (amarena), adizlaguna (amarentzat) nahiz -ko atzizki hutsa (gelakoa, gelarakoaren ordez). Adibide batzuk:
Oparien artean, zein da amarentzakoa? baino gehiago, zein da amarena?
Oparien artean, zein da amarentzakoa? baino gehiago, zein da amarentzat?
Gortinetan, zein da gelarakoa? baino gehiago, zein da gelakoa?
Horrez gainera, ikus hauek ere:"“Norentzat” adieraztea: -tzat/-tzako (zuretzat/zuretzako) " (JAGONET), "Helburua adieraztea: -rako/-rentzako (bizikletarako/bizikletarentzako)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.