a) Baldintzaren aditza lehenaldia bada, ondorioak ere lehenaldia behar du?
b) Beti?
c) Ez dago beste aukerarik?
d) Honako esaldi hauetatik zein da zuzena?
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginateke orain.
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginatekeen orain.
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginen orain.
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenuke hemen geratu beharko.
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenukeen hemen geratu beharko.
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenuen hemen geratu beharko.
a) Ez.
b) Ez.
c) Bai, ondorioa etorkizunekoa ere izan daiteke.
d) Adibide-sail bakoitzean lehendabizikoa bakarrik da ontzat ematekoa. Honako hauek, beraz:
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginateke orain. (Zuzena)
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenuke hemen geratu beharko. (Zuzena)
Gainerakoak ez dira ontzat ematekoak, ondorioko aditza iragana baita (biziko ginatekeen, biziko ginen, ez zenukeen geratu beharko, ez zenuen geratu beharko) eta adberbioa edo adberbio-sintagma orainaldikoa (orain) edo etorkizunekoa (datozen oporretan). Beraz, ez dira ongi ezkontzen aditzaren denbora eta aditzaren ekintza gertatzen den unea. Horrenbestez, hauek ez lirateke zuzenak:
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginatekeen orain. (Okerra)
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginen orain. (Okerra)
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenukeen hemen geratu beharko. (Okerra)
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenuen hemen geratu beharko. (Okerra)
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Baldintza adieraztea: komunztadura iraganean (tokatu izan balitzait, erosiko nukeen/nuen)" (JAGONET), "Baldintza adieraztea: estudiatu izan bazenu / hobeto biziko zinen/zinatekeen" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > komunztadura, perpausa > baldintza
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.